Klima larrialdia

Txinak ez ditu babestuko ikatz ustiaketarekin lotutako itsasoz bestaldeko proiektuak

NBEren batzar orokorrean egin du iragarpena Xi Jinping presidenteak, eta esan du garapen bidean dauden herrialdeentzako laguntzak handituko dituztela, haiek ere energia berriztagarriarekin lotutako proiektuak garatu ditzaten.

Txinako presidente Xi Jinping, NBEren batzar orokorrean. MARY ALTAFFER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko irailaren 22a
11:35
Entzun

Ezustean, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen bozgorailuak erabiliaz egin du iragarpena Txinako presidente Xi Jinpingek. Aurrez grabatutako mezu batean, estatuburuak iragarri zuen atzo Txinak ez dituela gehiago sustatuko ikatzaren ustiaketan oinarritutako itsasoz bestaldeko proiektuak. Orain arte Pekinek ikatzaren ustiaketan oinarritutako hainbat proiektu sostengatu ditu atzerrian, besteak beste Indonesian edota Bangladeshen, eta kritika ugari jaso ditu arrazoi horregatik.

Ikatzari laguntza kentzeaz gain, Pekinek ere iragarri zuen handitu egingo dituela inbertsioak berriztagarrietan. «Ez dugu eraikiko ikatzean oinarritutako proiekturik atzerrian, eta lagundu egingo diegu energia berriztagarrietan inbertitu nahi duten eta garapen bidean dauden estatuei», esan zuen Xik. Azaroan egitekoa duten COP26 goi bilerara begira egin zuen iragarpena Txinak; izan ere, zientzialari eta mugimendu ekologistak agintarien gaineko presioa handitzen ari dira azken asteetan, ohartaraziz neurriak orain hartu ezean klima larrialdia geldiezin bilaka daitekeela.

Pekinek ez ezik, beste hainbat estatuk ere iragarriak dituzte antzeko neurriak aldez aurretik. G7ko kideek —AEBak, Erresuma Batua, Europako Batasuna, Frantzia, Italia, Alemania eta Kanada— maiatzean iragarri zuten eten egingo zituztela ikatza energia gisa baliatzen zuten itsasoz bestaldeko proiektuetarako laguntzak. Hego Koreak eta Japoniak ere egina dute urratsa.

Txinaren iragarpenak nazioartearen eta ingurumenaren aldeko mugimenduen babesa jaso zuen. Klima larrialdirako AEBetako ordezkari berez John Kerryk txalotu egin zuen erabakia, eta «ekarpen garrantzitsua» izango zela esan. Izan ere, 2013 eta 2019 bitartean, Txinak finantzatu zituen ikatza energia gisa baliatzen zuten itsasoz bestaldeko proiektuen %13. Adituen arabera, herrialde hura izan zen halako proiektu gehien finantzatu zituena, alde handiz. Munduko Baliabideen Institutuko presidenteorde Helen Mountfordek goraipatu egin zuen Asiako potentziak egindako urratsa, eta historikotzat jo zuen.

Txinak ez ezik, AEBek ere klima larrialdia gelditzeko ahalegina egingo zutela iragarri zuen Joe Biden presidenteak. Iragarri zuen bere gobernua Kongresuarekin lanean ari dela, klima larrialdiari aurre egiteko «garatze bidean dauden herrialdeei» bideratutako diru saila bikoizteko. 2024rako 11,4 mila milioi dolarreko —9.720 milioi euro— ekarpena egin nahi du, helburutzat jarrita mundu osoan herrialde horietara bidaliko den dirua 85.270 milioi euro izatera iristea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.