EUSKAL PRESOAK

Sorturen 'Kalera Info' aldizkaria ixteko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

«Ongietorrien bidez terrorismoari gorazarre» egitea egotzita eman du epaileak aldizkaria eta webgunea ixteko agindua, Guardia Zibilaren txostenetan oinarrituta. Behin-behinekoa da, eta Sortuk helegitea jarri dio. Oihana Garmendiak eta Haimar Altunak salatu dute «oso gertaera larria eta kezkagarria» dela.

Oihana Garmendia eta Haimar Altuna, gaur goizean, Donostian, 'Kalera' aldizkariaren ale bana eskutan dutela. BERRIA
maddi ane txoperena iribarren
2021eko irailaren 22a
12:07
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak Sorturen Kalera Info aldizkaria eta webgunea behin-behinean ixteko agindu du, Sortuko Oihana Garmendiak eta Haimar Altunak prentsaren aurrean jakinarazi dutenez. Salatu dute Guardia Zibilaren txostenetan oinarrituta eman duela epaileak agindua, fiskaltzak abiatutako diligentzia baten bidez, eta «terrorismoari gorazarre» egitea egotzita. Sorturen abokatuek aginduaren aurkako helegitea tramitatu dute, eta horri ematen dioten erantzunaren arabera izanen da agindua behin betikoa. Epailearen autoak zehazten du «ongietorrien bidez eta ETA talde terroristako kideei egindako omenaldien bidez» egiten zaiola aldizkarian eta webgunean «terrorismoari gorazarre», eta publikazio horiek Interneten daudeino «delitu ekintzak eragin» ditzaketela. Hori «eragozteko» Interneteko loturak blokeatzeko galdegiten du epaileak, «gorazarre delituaren arduradunak ezagutzeko ikerketak jarraitzen duen bitartean».

2017tik argitaratzen du Sortuk Kalera Info aldizkaria, hiru hilean behin, eta Garmendiak eta Altunak azaldu dute euskal presoak «informatzeko tresna» bat dela: «Haiei eragiten dieten auzi judizialen berri ematen du, haien ibilbide penitentziarioa egiteko interesekoa den informazioa eskaintzen da, eta euskal preso politikoen eskubideen alde egiten diren mobilizazioen berri ematen da. Ez gehiago, eta ez gutxiago. Ez besterik».

Aldizkaria eta webgunea ixteko agindu izana «gertaera erabat larria» da, Sortuko kideen ustez, «alderdi baten jarrera komunikatiboaren aurka» egin baitute, eta, beraz, «informazioa bezalako eskubideen eta jarduera zilegiaren aurka». Harago ere badoa, haien hitzetan: «Eraso honen bitartez argi eta ozen adierazi beharrean gaude mugimendu politiko oso baten aurka egiten ari direla, eta ez da lehendabiziko aldia».

Garaiaren garrantziaz ere ohartarazi dute: «Euskal Herriak ezin du Espainiako Estatuaren estolderiaren eraso hau onartu, are gutxiago euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen auzia konpontzeko inoizko aliantza eta adostasun handienak eraiki direnean». Gainera, azaldu dute Sortuko hainbat kideren aurkako sumarioaren barnean eman duela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindua —tartean dira Garmendia eta Altuna, Sortuko bertze lau kiderekin batera—: «Sumario juridiko politiko honen bidez euskal preso politikoen aldeko eta haien asistentziaren aldeko lana kriminalizatzen da».

«Bizikidetzaren aurka»

Sortuko kideek salatu dutenez, «Euskal Herrian eraiki nahi» duten «bizikidetzaren aurkakoa» da Espainiako Auzitegi Nazionalak abiatu duen ekinbidea, «bete-betean»: «Norbaitek pentsa dezake bide horretatik posible dela Euskal Herrian elkarbizitza justu, osasuntsu eta demokratiko bat eraikitzerik?». Sortuko kideen iritziz, gertatu denak «demokratikotik ez dauka deus».

Sorturen hitzetan, «konponbiderako irekita dagoen aukera leihoa kosta ahala kosta itxi» nahi dute «batzuek», «gehiengoaren borondatearen» aurka, eta ez daude hori «onartzeko» prest: «Aieteko adierazpenetik hamar urte igaro diren honetan ezin dugu onartu lortutako adostasun horiek zapuzterik, estatu sektore erreakzionarioenen agendei men eginda. Gure aldetik onartezina litzatekeela deritzogu». Espainiako Estatuari eskatu diote «uko egin diezaiola biolentzia erabiltzeari gatazkari irtenbide demokratiko bat emate aldera». «Arduraz eta erantzukizunez» jokatzeko «garaia» dela adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.