Donostiako 69. Zinemaldia.

Droga trafikoaren barrunbeak eta kazetaritza, Sail Ofizialean

Thierry de Peretti zinemagile frantsesak ‘Enquête sur un scandale d’état’ aurkeztu du Sail Ofizialeko lehian.‘La hija’ erakutsi du Manuel Martin Cuenca zuzendari espainiarrak sail berean, lehiatik kanpo

Thierry de Peretti zuzendaria eta Vincent Lindon aktorea, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde
2021eko irailaren 22a
19:30
Entzun

Hubert Antonie iragan iluna duen infiltratu ohi bat da. Egun batez, Stephane Vilner Libération egunkariko kazetariarekin harremanetan jarriko da, eta azalduko dio Frantziako hainbat estatu egitura narkotrafikoan nahastuta daudela, eta froga dezakeela. Haren esanetan, sarearen arduraduna Jacques Billard da, narkotrafikoaren kontrako agentzian goi mailako ardurak dituen polizia. Droga trafikoaren barrunbeak eta ikerketa kazetaritza uztartu ditu Thierry de Perettik Enquête sur un scandale d’état filmean. Korsikan sortutako zuzendariak bere hirugarren lan luzea erakutsi du gaur Donostian, Sail Ofizialeko lehian.

Benetako gertakariak ditu oinarri filmak, Antoniek eta Vilnerrek Infiltré liburuan jaso zituztenak. Hasieran, liburua egokitzea proposatu zioten zinemagileari. «Baina niri, lehen pertsonan eginiko kontakizuna baino, gehiago interesatzen zitzaidan nola idatzi zen liburua, zer zegoen azpian. Azken batean, nola fabrikatzen den halako albiste bat, halako eskandalu bat». Zehaztu du bere asmoa ez zela narkotrafikoaren gaineko «dosier edo ikerketa bat» egitea, «baizik eta hitz egitea egungo errealitateaz; albisteak nola fabrikatzen diren, trafiko horren hariak nortzuk mugitzen dituzten, estrategiak nork diseinatzen dituen». Finean, «estupefazienteen atze-oihalaz» hitz egin nahi zuen. «Gainera, istorioko pertsonaia errealen hiruki hori zen ikuspuntu zinematografiko batetik gehien interesatzen zitzaidana». Vincent Lindon aktoreak jokatu du narkotrafikoaren aurkako agentziako poliziaren rola; Pio Marmaik kazetariarena; eta Roschdy Zemek infiltratuarena.

De Perettik adierazi du filmean agertzen den guztia egia dela, baina fikzioa ere bai, aldi berean. «Filmean esaten diren hitz guztiak esan egin dira errealitatean, baina ez dakit esan zen guztia egia ote den». Pelikulan epaile espainiar baten pertsonaiak GALen eta Frantziako Estatuarekiko harremanen inguruan esaten duenaz galdetu diote zuzendariari prentsa agerraldian. «Europako estatu demokratikoek hainbatetan jo dute mertzenarioz osatutako polizia paraleloetara, eta une batean filmak horri buruz hitz egiten du». GALen eta SAC izeneko talde parapolizial frantsesaren artean paralelismoak badirela ere adierazi du. «Ez dut uste sekreturik salatu dudanik».

Amatasuna erdigunean
Donostiako Zinemaldian behin baino gehiagotan lehiatutako zuzendaria da Manuel Martin Cuenca espainiarra. Malas temporadas-ekin izan zen aurrenekoz Sail Ofizialean, 2005ean. Canibal-ekin itzuli zen 2013an, eta El autor-ekin, ostera ere, 2017an, baina oraingoan, Sail Ofizialean izan arren, lehiatik kanpo aurkeztu du bere azkeneko filma, La hija.

Irenek (Irene Virguez) 15 urte ditu, haurdun dago, eta adingabeentzako zentro batetik ihes egin du Javierrek (Javier Gutierrez), hezitzaileetako batek, lagunduta. Irenek Javierren eta haren emazte Adelaren (Patricia Lopez Arnaiz) babesa jasoko du Segurako mendilerroan (Espainia) dagoen etxe apartatu batean, eta, trukean, haurra jaiotzen denean senar-emazteei emango diela hitzemango du.

La hija udaberrian hasten da, pertsonaia guztiek etorkizunean itxaropena dutenean, baina denbora pasatu ahala, iluntzen joaten da filma, eta ipuin beltz baten gisan bukatzen da, thrillerraren kodeak bere gain hartuta. «Istorio oso oinarrizko bat kontatu nahi genuen, oso primitiboa, gerta zitekeena orain dela 15.000 urte leize batean. Bi emakume dira. Batek ezin du haurrik izan, eta bestea ardura handirik gabe izango da ama», azaldu du Martin Cuencak, gaur goizean, estreinaldiaren ondorengo agerraldian. Eta gaineratu: «Bi animaliaren arteko borroka da. Hain oinarrizkoa den horretara jo nahi nuen, muinera. Ondoren, drama eta thrillerra modu inkontzientean ateratzen dira».

Istorio hori «bere eremuan» kokatu du zinemagileak, Andaluziako mendialdean, «nahikoa bakartia, handia eta ezezaguna» delako hiru pertsonaia eta drama bat jasotzeko. «Istorio hau ezin zitekeen hirian gertatu». Ingurune horretan garatzen da drama, naturaren erdigunean dagoen etxebizitza batean.

Filmak amatasuna du erdigunean, Lopez Arnaizek azaldu duenez, «gizarteak erakusten duen amatasun goxoarekin alderatuta bestelakoa dena». Adelak ezin du haurrik izan, baina ama sen «ikaragarria» dauka. «Gainera, filmean ez da ikusten, baina ulertzen da bikote horrek iragan gogorra izan duela horregatik».

Gutierrezek antzezten duen pertsonaia bi emakumeen artean dago. Bataren senarra eta bestearen hezitzailea da, baina bere nahiak emazteak dituenekin datoz bat. «Dena maitasunetik abiatzen da», adierazi du. «Pentsatzen dute elkar laguntzen ari direla, eta plan ona dutela buruan. Hori dute azken irteera. Baina, azkenean, maitasunaren izenean, basakeriak egiten dira».

Hirukiaren hirugarren erpina Irenek osatzen du, aurrera egiteko hezitzailearen eskuari heltzen zaion nerabeak. Irene Virguez: «Hasieran ez du garbi zer nahi duen, baina bere hezitzaileak bide bat irekitzen dio, eta horri eusten dio».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.