Animalien babeserako lege proposamena tramitatzeari ekingo dio Eusko Legebiltzarrak

EH Bilduk eta EP-IUk uste dute EAJren eta PSEren lege proposamena hankamotz geratzen dela, eta animaliak babesteko lege integral bat eskatu dute.

Txakur batzuk txakurtegi batean. MANUEL BRUQUE/ EFE
Edurne Begiristain.
2021eko irailaren 23a
13:43
Entzun

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak tramitera onartu du joan den ekainean EAJk eta PSEk erregistraturiko lege proposamena. 1983koa da animaliak babesteko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean den legea, eta, talde sustatzaileek diotenez, lege berriarekin animalien «babes maila handitzea» eta haien «ongizatea hobetzea» nahi dute. Luis Javier Telleria jeltzaleak goizean azaldu du legearen xedea zein den: «Kontzientziazio berri baten dinamizatzaile izatea eta erantzukizuna hartzea da helburua, edozein herritarrek, animalia bat zaintzea erabakitzen duenean, euskal gizarte osoarekin ere erantzukizuna hartzen duela jakin dezan».

PPk eta Voxek babestu egin dute Jaurlaritzako taldeen lege egitasmoa. Ordea, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU abstenitu egin dira gaurko bozketan, uste dutelako lege berria hankamotz geratuko dela. Halaber, eskatu dute animalia guztien ongizaterako «lege integral bat» lantzea. David Soto EP-IUko legebiltzarkideak kritikatu du gobernuak «aukera bat galdu» duela animalien babes osorantz urratsak egiteko. Ideia bera azpimarratu du Itxaso Etxebarria EH Bilduko legebiltzarkideak ere. «Maskotak» babesteko legea baino ez dela salatu du, eta eskua luzatu du legea hobetu eta animalien ongizatea era «integralean» jasoko duen lege berri bat ontzeko.

Isun gogorragoak
Legebiltzarrak gaur bide eman dion lege proposamenak debekatu egiten du harrera zentroetan animaliak hiltzea, eta 100.000 eurorainoko zigorrak ezartzen ditu. Eraso larritzat jotzen ditu, besteak beste, animaliari hiltzerainoko tratu txarra ematea; albaitaririk gabe hiltzea, antzutzea edo mutilatzea; pozoitutako jakiak bide publikoetan uztea eta animalien borrokak sustatzea. Debeku batzuk ere ezarri nahi ditu lege proposamenak: besteak beste, animalien arteko borrokak, animaliekin egiten diren zirkuetako ikuskizunak eta ferietako ikuskizunak. Gainera, animalien salmenta horretarako baimena duten establezimenduak bakarrik egin ahalko dute, eta ez norbanakoek. Salmenta puntu horietan ezingo dira animaliak bizirik erakutsi, eta horien salmenta katalogo bidez bakarrik egiten ahalko da. Arraza arriskutsuko txakurrei dagokienez, horiek izateko lizentzia berezia izan beharko da, eta beharrezkoa izango da antzutzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.