Azpiegiturak

Gipuzkoako Aldundiak «laster» kenduko ditu N-1 eta A-15eko ordainsariak

Gorenak atzeratu bota du azken helegitea, eta EAEko Auzitegi Nagusiaren aginduaren zain dago. 2023a baino lehen onartu nahi du araudi berria, garraiolari guztiei eragingo diena.

Kamioi bat Andoainen kokatuta dagoen arkutik igarotzen. JON URBE (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko irailaren 24a
13:15
Entzun

Lau urteren ostean, N-I eta A-15 errepideetako Gipuzkoako zatian ibiltzen diren garraiolariek ez dute ordainsaririk ordaindu beharko, gainerako erabiltzeek bezala. Eta hori hala izango da gutxienez foru arau berria indarrean sartu eta horrekin lotutako azpiegitura guztia jarri arte. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak maiatzean kaleratutako epaiaren aurka diputazioak aurkeztutako azken helegitea atzera bota du Espainiako Auzitegi Gorenak, eta horrela amaitzen da orain arteko auzibidea. Azken lau urteetan kamioientzako bidesari horiek ezartzea ahalbidetu duten bi foru arauak baliorik gabe utzi ditu justiziak.

Epaiek nabarmendu dute orain arteko bidesariak «diskriminatzaileak» direla. Dauden tokietan daudelako bereziki kanpoko garraiolariei, lurraldea zeharkatu behar dutenei, kalte egiten dietelako eta Gipuzkoan soilik aritzen direnei mesede, ordainsariak saihesteko aukera gehiago dituztelako. Justiziaren erabakiei aurre egiteko, aldundiak hirugarren foru arau egitasmo bat aurkeztu zuen uztaileko azken astean. Horren arabera, errepide horietako sartu-irten guztietan ordainsaria jartzea proposatzen du.

Arau hori indarrean jarri eta azpiegitura osoa instalatu arte, kamioiak doan ibiliko dira berriro. Aldundiko iturrien arabera, hori horrela izango da EAEko Auzitegi Nagusiak bere maiatzeko epaia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratzeko eskatzen dionean. Agindu hori jaso eta «berehala» kenduko lituzke ordainsariak aldundiak. Azpiegitura departamentutik diote tramite hori burutu gabe ezin dutela erabaki hori hartu, legezko abisu edo ediktu hori gabe foru arauak indarrean jarraitzen duelako. «EAEko Auzitegi Nagusiak maiatzetik bidaltzeko aukera zuen, eta gu zain gaude. Pentsatzen dugu Auzitegi Gorenaren azken ebazpen honen zain zegoela».

Garraiolariak, kexu

Bestela pentsatzen dute garraiolariek: aldundiak bere kabuz maiatzetik har zezakeela erabakia. Hala, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena «ez betetzeagatik» Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuaren eta Bidegi enpresa publikoaren aurkako kereila kriminala aurkeztu dute. Eta salaketa tramiterako onartu du Donostiako 1. Instrukzio Epaitegiak, Fedanismer Espainiako garraio elkarteen federazioak hilaren hasieran jakinarazi zuenez.

Horrez gain, urte hauetan ordaindutako dirua itzultzeko exijitu diote garraiolariek aldundiari. Diputaziotik azaldu dutenez, ez dago horretarako agindu judizialik. Garraiolariek euren kabuz eskatu beharko lukete hori epaitegietan; salaketa kolektiborik ere ez da aurkeztu oraingoz. Fedanismerrek kalkulatu du aldundiak hamabost milioi euro itzuli behar dizkiela kamioilariei, eta erreklamazioak aurkezteko eskatu die bere bazkideei.

Epe zehatzik ez

Eztabaida juridikoak gorabehera, ziurra dena da kamioientzako ordainsariak eten egingo dituela aldundiak. Baina noiz arte? Aldundiak ez du eperik zehaztu nahi. 2023a baino lehen onartu nahi du arau berria. Baina gogoratu du gero azpiegitura guztia instalatu behar dela. Gaur egun ordainpekoak dira bi errepideetako hamasei kilometro, eta hiru arku daude —Etzegaraten, Andoainen eta Astigarragan—, beste batzuk gehitu beharko dizkiote, baina oraindik ez dute zehaztu non eta zenbat izango diren.

Aldundiak berretsi du ibilgailuei bidesariak ezartzeko erabakia «irmoa» dela, eta EAEko Auzitegi Nagusiak ez duela halakorik debekatu. «Ez du esaten legez kanpokoa denik». Gainera, foru gobernuaren arabera, erabakia bat dator Europako zuzentarauekin. Gero eta gehiago dira erabilera handiko errepideetan kamioiei ordainsariak ezartzeko erabakia hartu duten administrazioak. Bizkaiak 2022ko udazkenetik aurrera ezarriko ditu, Nafarroan urte amaieran hasi nahi dute, eta Araban zer egin aztertzen ari dira.

Beren kokapen geografikoagatik, Euskal Herriko zenbait errepidek trafiko karga handiak dituzte, bereziki nazioarteko ibilbideak eta lurraldeen artekoak egiten dituzten kamioienak; Gipuzkoan, esaterako, 12.000 bat igarotzen dira egunero. Administrazioen asmoa da ordainsarien bitartez jasotako dirua erabiltzea errepide horien mantentze lanetarako eta beste bide azpiegitura batzuk egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.