Garraioa

Gipuzkoako Aldundiak bidesarien beste arau bat egingo du, hirugarrena

Auzitegi Gorenak ez du onartu baliogabetutako bigarren arauaren aurka jarritako helegitea. Garraiolariek eskatu dute itzul diezaietela dirua.

N-1 autobiako bidesaria, Andoainen. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko maiatzaren 13a
17:01
Entzun

Epaitegietan porrot bat bestearen atzetik pilatu arren, Gipuzkoako Aldundiak ez du atzera egin N-1 errepidean eta A-15 autobidean ibilgailu astunei ordainsaria ezartzeko asmoetan. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak iragarri du beste arau bat onartuko duela «datozen egunotan», hirugarrena, eta horren bitartez ordainsariak ordaintzen jarraitu beharko dutela lurraldeko bi bide nagusiak erabiltzen dituzten kamioiek. Horrela erantzun dio aldundiak bigarren araua behin betiko hondoratu dion epaiari.

Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak ez du tramiterako onartu Gipuzkoako Batzar Nagusiek bigarren araua baliogabetu zuen epaiaren aurkako kasazio helegitea. Gorenak «forma akatsak» argudiatu ditu helegitea ez onartzeko, Fenasdimer garraiolarien Espainiako patronalak jakinarazi duenez.

Fenasdimerrek garaipen gisa hartu du epaia, uste baitu «legez kanpoko ordainsari baztertzaileak behin betiko geratu» direla. Azken hiru urteetan ordaindutako bidesariak berreskuratzeko deia egin die patronalak garraiolariei. Hamabost milioi euro izango lirateke, Fenasdimerren kalkuluen arabera.

2016an jarri zen indarrean lehen araua, baina EAEko Justizia Auzitegiak legez kanpokotzat jo zuen, atzerriko kamioilariak baztertzen zituelakoan. Auzitegi Gorenak epai hori berretsi zuen martxoan. Hura ordezkatzeko, beste arau bat onartu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusiek, bigarrena, aldaketa batzuek eginez tarifetan, kanpoko kamioilariek batez ere erabiltzen dituzten errepide zatiak gehiago ez zigortzeko. Bigarren arau hori, ordea, legez kanpokoa zela ebatzi zuen EAEko Justizia Auzitegiak, 2020ko maiatzean. Horren aurkako helegitea da orain onartu ez dutena.

«Erabaki irmoa»

Bereari eutsita erantzun dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Gorenean jasotako kolpeari. «Ibilgailu astunei errepide horiek erabiltzeagatik kobratzen jarraitzeko erabaki irmoa hartu du, Europako zuzentarauak ezartzen duen bezala». Hori dela eta, hurrengo egunetan onartuko du bidesariak berehala berrezarriko dituen dekretu bat, eta, aldi berean, foru-arau berri bat prestatzen jarraituko du, Batzar Nagusietan onartzeko.

«Gipuzkoarren interes orokorraren alde egiten jarraitzen dugu, Batzar Nagusietan onartutako arauen bidez, bertan baitago Gipuzkoako subiranotasuna eta Europako premisa, alegia, bidesaria dela sistema sozial ekologikoki aurreratuena, eta, horregatik, beharrezkoak diren urratsak egingo ditugu», azpimarratu du Oiarbidek.

Babes bila, Europara

Baina Markel Olanoren gobernuak ez du amore eman epaitegiekin duen gatazkan, eta iragarri du Europako Batzordera joko duela babes bila. Izan ere, uste du  epaitegiek ez dutela aintzat hartu EBren araudia bere ordainsarien aurkako epaietan. «Europako legedi oro Europako instantzietan kontsultatu behar da, eta kasu horietan ez da egin, defentsa gabezia nabarmena sortuz». Oiarbidek gogorarazi du Bruselari jakinarazi ziotela zein asmo zuen, eta haren onespena jaso zuela. «Ez du inoiz bidesaria ezartzearen aurka egin»­.

Aldundiaren kudeaketa kritikatu du EH Bilduk, eta «oso larritzat» jo du «aldundiak ordainsariak kobratzen jarraitzea, berme juridikorik gabe eta aurkako epaiak izan arren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.