INGURUMENA

Iberiar penintsulako hiri handietan baino kutsatuago dago airea Erandion

Aire Zaintzaileak programak aztertu dituen 28 udalerrietatik, Erandiok dauka gehien kutsatuta, Madrilen eta Bartzelonaren aurretik. Emaitzarekin «harrituta» daude herriko elkarteak.

Olatz Enzunza Mallona.
2021eko irailaren 24a
14:33
Entzun

1960ko hamarkadan, industria kimikoz inguratuta bizi zen Erandio. Herritarrak egoeraz kexu ziren, eta hamarkada osoan zehar hainbat protesta eta mobilizazio egin zituzten. 1969ko irailaren 6an, esaterako, 1.500 lagun bildu ziren, Irtenbideak nahi ditugu, gasa kanpora lelopean. Baina, hurrengo egunean, isuriak are larriagoak ziren, eta, urriaren 28an, laino toxiko batek hartu zituen herriko kaleak. Erantzun gisa, herritarrak kalera atera ziren, eta errepidea moztu zuten, baina Polizia gogor oldartu zitzaien manifestariei. Hurrengo eguna greba eta protesta eguna izan zen, eta, orduan ere, Espainiako Poliziak tiroz erantzun zuen: bi herritar hil zituzten. Gertakizun hori izan­ zen protesten abiapuntua Mireia Canton del Palacio Auzokoa Herrikoi Elkarteko eta Herri Bideak Kate Barik elkarteko bozeramailearen hitzetan: «Erandiok urte asko daramatza kutsadura maila altuarekin, eta gertaera horrek zauri sakona utzi zuen herrian». Egoera ez da aldatu: orain ikusi dute Penintsulan neurtu dituzten 28 hirietatik aire kutsatuena duela Erandiok.

Kutsaduraren arazoari ahalik eta lasterren irtenbidea emate aldera, Auzokoa Herrikoi elkarteak eta Herri Bideak Kate Barik elkarteak Aire Zaintzaileak izeneko proiektuan parte hartzea erabaki zuten: «Gure herriaren egoera zein zen azaldu behar izan genien ikertzaileei, eta, hala, ikerketan parte hartzeko aukeratuak izan ginen», dio Canton del Palaciok.

Beste jarduera batzuen artean, mailuki landareak banatu zitzaizkien Erandioko 294 bizilaguni. Hiru hilabetez —joan den urteko urritik abendura—, herritarrek mailuki landareak zaintzeko ardura izan zuten. Abenduan hostoak batu, eta horiek laborategi batera eraman zituzten ikertzera. «Mailuki landareei esker, airean dauden metal astunak detektatu eta neurtu daitezke; izan ere, horiek hostoetako iletxoetan itsatsita geratzen dira». Zehatzago esateko, mailuki hostoen propietate magnetikoek tamaina txikiko materia partikula finak eta ultrafinak harrapatzen dituzte, aireko partikulen kontzentrazio maila islatuz.

Banatutako 294 landareetatik 215 izan ziren baliagarriak ikerketa egiteko. Hala ere, kontuan hartu behar da, garai hartan, osasun krisia indartsu zegoela. «Ikerketa egin zen garaian pandemia betean geunden; ondorioz, hegazkinen eta ibilgailuen trafikoa urriagoa zen, eta lantegietan ere ez zebiltzan bete-betean».

Kasuak kasu, ikertzaileek, Iberiar penintsulako 28 udalerritako aire kutsadura neurtu dute. Eta, hain zuzen, mailuki hostoetan metatutako propietate magnetikoak erabili dituzte kutsadura atmosferikoaren adierazle gisa.

Emaitza, honakoa: Erandio, lehen postuan geratu da, Bartzelonako batez bestekoa bikoiztuz, eta Madrilgoa laukoiztuz. «Herriko aire kalitatea okerra izatea espero genuen, baina horren okerra… Oso larria da, harrituta gaude», nabarmendu du bi elkarteetako bozeramaileak. Haren hitzetan, ez zuten espero Altzaga eta Astrabudua auzoetan horren kutsadura maila altua ateratzerik. Are gehiago, landa eremuetan ere, kutsadura maila «oso altuak» atzeman dituzte: «Oso kezkagarria da».

Orain, konponbide bila

Egindako ikerketari esker, Auzokoa Herrikoi Elkarteak eta Herri Bideak Kate Barik elkarteak beraien eskaerak arrazoitzeko oinarri finko bat dutela adierazi dute. «Ikerketaren aurretik, ez ziguten sinesgarritasun handirik ematen, alarmista gisa hartzen gintuzten», esan du Canton del Palaciok. Besteak beste, Erandioko Udalari eskatu diote kutsadura atmosferikoaren azterketa sakonagoa egin dezan, udalerriko hainbat puntutan neurgailuak eta kromatografoak jarriz.

Horrez gainera, beste eragile batzuei ere helarazi die txostena, horietako bakoitzak bere lan eremuari dagozkion neurriak har ditzan: «Herriko alderdi politiko guztiei txostena bidaltzeaz gain, herriko medikuari, Eusko Jaurlaritzari, Eusko Legebiltzarrari… jakinarazi diegu zein den egoera. Jatorria nondik datorren jakin behar dugu egoerari konponbidea eman ahal izateko». Ikerketa sakonagoak egiteaz gainera, ingurumen baimen integratuak betetzen diren jakiteko kontrol handiagoak eskatu dizkie eragile horietako bakoitzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.