Alemaniako hauteskundeak

SPDk irabazi ditu Alemaniako hauteskundeak, puntu batez

Oso estuak izan dira emaitzak Merkel gabeko lehen hauteskundeetan. Behin-behinean, SPDk botoen %25,7 eskuratu ditu, eta CDU/CSUk, %24,1. Parte hartzea %76 izan da.

Olaf Scholz SPDko hautagaia, gaur, bozkalekuak itxi ostean egin duen lehen agerraldian. MAJA HITIJ / POOL / EFE
Paulo Ostolaza - Edu Lartzanguren
2021eko irailaren 26a
22:39
Entzun

Hauteskundeek ez dute argitu nork aginduko duen Alemanian datozen lau urteetan. Izan ere, emaitzak oso estuak izan dira. SPD alderdi sozialdemokratak botoen %25,7 eskuratu ditu, eta CDU/CSU demokristauak, %24,1. Alemaniak bozketa sistema bikoitza du, eta, horren ondorioz, Bundestageko 730 eserlekuetatik 206 lortuko dituzte sozialdemokratek, eta 196 Merkelen bazkideek. Parte hartzea handia izan da: botoa eman zezaketenen %76,6k bozkatu dute.

Boto gehien bildu duten bi alderdiek, SPD Alderdi Sozialdemokratak eta Merkelen CDU Batasun Kristau-Demokratak eta CSU Batasun Sozial Kristauak osatzen duten aliantzak, gobernua osatzeko asmoa erakutsi dute biek, baina bakoitzak gutxienez beste bi alderdiren sostengua beharko du.

Olaf Scholz SPDko liderrak emaitza horiek arrakastatzat jo ditu, eta gobernua osatzeko asmo argia erakutsi du: «Pozik nago, noski. Hautesle askok argi utzi dute gobernuan aldaketa nahi dutela, eta hurrengo kantzilerra ni izatea nahi dutela», esan du emaitzak jakindakoan. Alderdiak bost puntu baino gehiago irabazi ditu aurreko bozekin alderatuta: 20,5 lortu zuen 2017an.

Armin Laschet CDUren hautagaiak, berriz, gainontzeko alderdiei koalizio bat osatzeko gonbita egin die, «ezkerreko gobernu baten aurka». Hark ere, beraz, CDU/CSU buru duen gobernu bat osatzeko nahia azaldu du. Bi hautagaietako batek ere ez du aipatu bi alderdien arteko koalizio handi bat osatzeko aukera. Angela Merkelen agurra garesti ordaindu dute demokristauek botoetan. Alemaniako Legebiltzar Federalerako (Bundestag) hauteskunde batzuetan inoiz lorturiko emaitzarik kaskarrena izan dute. 2017an botoen %32,9 jaso zituzten, eta, beraz, 7,2 puntu galdu dituzte.

Berdeak, hirugarren alderdia

Bi alderdi nagusien atzetik, Berdeak (%14,8 eta 118 eserleku) eta FDPko liberalak (%11,5 eta 92 eserleku) datoz.

Berdeen lider Annalena Baerbockek esan duenez, «gehiago» nahi zuten. «Geuk kanpainaren hasieran egindako akatsen ondorioz ez dugu lortu, baina etorkizunerako erronka asko ditugu», adierazi du. Berdeak legebiltzarreko hirugarren alderdi bihurtu dira, 118 eserlekurekin, eta euren historiako emaitzarik onenak lortu dituzte. 2017an, botoen %8,9 lortu zituzten; beraz, bost puntu inguru irabazi dituzte. Erabakigarriak izango dira nork gobernatuko duen erabakitzeko orduan, eta dagoeneko adierazi dute sozialdemokratekin osatu nahi dutela koalizioa.

Bundestagen 735 aulki daude, eta, beraz, 368 behar dira gehiengo osoa lortzeko. Koalizio posibleen inguruko hausnarketak bolo-bolo ibili dira hauteskundeen aurretik. Sozialdemokratek eta berdeek 324 dituzte elkarrekin; hortaz, beste alderdi baten laguntza beharko lukete. Demokristauek eta liberalek 288 bilduko lituzkete.

Die Linkek 4,9 lortu ditu (2017an baino 4,3 puntu gutxiago), eta 39 eserleku lortuko dituzte. Legebiltzarrean sartzeko mugan geratu dira.

Kolpe handia hartu du eskuin muturreko AfD alderdiak (Alemaniaren Aldeko Alternatiba): hirugarren indarra zen orain arte, eta hemendik aurrera bosgarrena litzateke, botoen %10,3 eskuratuta (%12,6 jaso zituzten 2017an).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.