Islandia

Europan historia egitear geratu da Islandia

Emakumez osaturiko gehiengoa duen mendebaldeko Europako lehenengo legebiltzarra osatzear geratu dira atzoko hauteskundeetan (%47,6).

Katrin Jakobsdottir Islandiako Lehen ministroa. OLE BERG-RUSTEN / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko irailaren 27a
08:47
Entzun

Albistea zabaldu zen atzo: mendebaldeko Europan lehen aldiz, herrialde bateko legebiltzarrean ordezkarien erdiak baino gehiago emakumeak izango ziren. Baina gutxi iraun du. Azken datuen arabera, islandiarrak gertu geratu dira, baina ez dute mugarri historikoa lortu, aulkien %47,6 hartuko baitituzte emakumeek.

Islandiako Legebiltzarrak 63 aulki ditu. Bozen osteko lehenengo emaitzen arabera, horietako 33 emakumezko hautagaiek lortu zituzten (%52). Historikoa litzateke hori, Europan ez baita gertatu emakumeek aulkien erdiak baino gehiago lortzea legebiltzar batean. Hurbilenen Suedia egon da: eserlekuen %47.

Uharteko agintariek beraiek sortu zuten atzo albistea: «Historiaren eta nazioarteko argitan begiratuta, albiste nagusia da emakumezkoak lehen aldiz gehiengo direla Islandiako Legebiltzarrean, eta lehen aldiz gertatu dela hori Europan. oso albiste ona da», esan zuen Gudni Johannesson herrialdeko presidenteak. Baina botoak berriz zenbatu zituztenean, ikusi zuten emakumeek beste sei aulki irabazi dituztela legebiltzarrean, baina gehiengotik hiru bat puntura geratu direla. Beraz, gizonezkoak nagusi izango dira aurrerantzean ere.

Oso boto gutxiren tartea egon zen herrialdeko ipar-mendebaldeko barrutian, eta, hori dela eta, berriz zenbatu zituzten botoak. Orduan ikusi zuten hainbat akats gertatu zirela lehen bozketan. Bigarren zenbaketak ez dio eragin alderdien arteko eserlekuen banaketari; bai, ordea, sei hautagairi, eta horrek aldatu du gizonezko-emakumezko banaketa. Orduan, Johann Pall Johannssonek hartu du Rosa Bjork Brynjolfsdottir aulkia; Gisli Rafn Olafssonek hartu du Leyna Run Taha Karimena; eta Orri Pall Johannssoni eman diote hasieran Holmfridur Arnadottirri egokitutakoa.

Agintean egon den Katrin Jakobsdottirren (Ezkerreko Mugimendu Berdea) koalizio gobernuak gehiengoa handitu du bozetan, baina, ziurrenera, lehen ministroak berriz negoziatu beharko du alderdiekin, eta baliteke haren postua kolokan egotea.

Interesgarria da Islandiako kasua, han ez baitago kuotarik emakume legebiltzarkideentzat. Alderdi bakoitzak erabakitzen du emakumezko hautagaien gutxieneko bat ezarri edo ez.

Oraingoan ezinezkoa izan da, baina herrialdeak egin du historia lehen ere. 1980. urtean, munduko lehen herrialdea izan zen emakumezko presidentea aukeratzen, Vigdis Finnbogadottir. 1996ra arte egon zen agintean, baina, geroztik, herrialdeko presidente guztiak gizonezkoak izan dira.

Edonola ere, munduan badira emakumezko gehiengoa daukaten legebiltzarrak aukeratu dituzten herrialdeak. Ruandan, esaterako, emakumeek aulkien %61,3 dituzte Kongresuan; Kuban, %53,4 dira; Nikaraguan, %50,6; eta Arabiar Emirerri Batuetan, %50.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.