Albistea entzun

Enpresak

ITPren jabeen artean SAPA arma enpresa ere izango da

AEBetako Bain Capital funtsak hartuko du gehiengoa, baina Carlos Alzolak jarraituko du buru. Euskal Herriko egoitzari eta enpleguei eutsiko diela ziurtatu du. Bazkide berriak sar daitezke aurrerago, tartean Eusko Jaurlaritza bera.

ITP Aero aeronautika enpresaren egoitza, Zamudioko parke teknologikoan.
ITP Aero aeronautika enpresaren egoitza, Zamudioko parke teknologikoan. Miguel Toña / Efe Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2021eko irailak 27 09:20

Guztiz ez bada ere, hasi da argitzen ITP Aeroren etorkizuna. Haren jabeak, Rolls Roycek, akordio bat lortu du Bain Capital AEBetako funtsarekin, eta oraingoz hark lotu dituen bi bazkiderekin: SAPA Placencia Gipuzkoako armagintza enpresa eta JB Capital Espainiako inbertsio funtsa. Aurrerago litekeena da Bain Capitalek industria alorreko enpresa gehiagori lekua egitea eta Eusko Jaurlaritzak ere akzioen zati bat erostea. Gutxienez akzioen %70 gordeko ditu Bain Capitalek.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak azaldu duenez, akordio baten aurrekoa dute Bain Capitalekin, eta 2022ko ekainera arteko epea dute hura behin betiko akordio egiteko eta bazkide gehiago sartzeko. Besteak beste, erabakitzeke dago Gasteizko gobernuak lekua izango lukeen ITP Aeroren kontseiluan. Kopuru ofizialik ez badago ere, Jaurlaritza prest legoke Finkatuz funtsaren bitartez 60 milioi inbertitzeko ITP Aeron, eta horrek akzioen %3-4 emango lizkioke.

Negoziazioa ixteko epea amaitzen zen egunean bertan lortu zuten akordio bat ITP Aerori buruz. Abuztuan, Rolls Roycek Bain Capital aukeratu zuen negoziatzeko, hark eskaini ziolako diru gehien Zamudioko enpresa aeronautikoaren truke. 1.700 milioi euro jasoko ditu Rolls Roycek, eta horrekin arindu nahi du azken urteetan pilatu duen zor handiaren zama. ITP salduta ere, haren bezero nagusia izango da aurrerantzean Rolls Royce.
Ez da negoziazio erraza izan Rolls Royceren eta Bainen artekoa, osagai politiko bat izan duelako. Izan ere, Espainiako Gobernuak beto eskubidea zuen, ITP hegazkin militarren sektorean ere aritzen delako, eta, hura sektore estrategikoa izendatu duenez, Madrilen oniritzia behar zuelako ezein operaziok. Espainiako Gobernuak garbi jarri zituen bere baldintzak: «bazkide espainiar» bat edo gehiago izatea, eta industria alorrekoek ere parte hartzea, luzerako begirada baitute, inbertsio funtsek ez bezala —lauzpabost urteko epean atera ohi dira enpresetatik, haien inbertsioa errentagarri bihurtzeko gai direnean—. Agiri baten bidez, Espainiako Industria Ministerioak ontzat hartu du salmenta, «ITP Aeroren garrantzi estrategikoa» bermatzen duelako.

«Abiapuntu egokia»

Eusko Jaurlaritzak ere parte hartu du negoziazioetan, ziurtatu nahian ITP Aero ez zela deserrotuko. Azken egunotan hainbat desadostasun konpondu ondoren, emaitzarekin gustura azaldu da Tapia: «Abiapuntu egokia da», baina nabarmendu du operazioa ez dela oraindik itxi.

Jaurlaritzak ontzat jo du errotzearen aldeko konpromisoa hartu duela Bain Capitalek. Agindu du ITP Aerok Zamudion jarraituko duela, eta industria plan bat egingo du «enpresaren jarraipena ziurtatzeko eta enpleguari eusteko». Gainera, bere karguan utziko du 2019az geroztik zuzendari izandakoa, Carlos Alzola, ibilbide profesionala ITP Aeron egin duen euskal herritarra. ITP Aerok 4.300 langile ditu, eta horietatik 1.500 baino gehiago daude Euskal Herrian.
Langileei salmentaren berri emateko bidalitako oharrean, Alzolak azaldu du «fase berri batean» sartu dela konpainia, «hazkundea eta aukerak izango dituena». Bain Capital akziodun nagusi berriaren inbertsiorako gaitasuna nabarmendu du, 140.000 milioi dolarreko aktiboak kudeatzen dituelako.

Lan gatazkak

Lan gatazkengatik ere zeresana eman du azken hilabeteotan ITPk. Irailean, Zamudioko egoitzatik 194 langile kaleratu nahi zituela iragarri zuen, industria aeronautikoaren arazoak argudiatuta; azkenean, 121 izan ziren kaleratuak. Azaroan, ITP Aero Casting adarretik 136 langile kaleratu nahi zituela jakinarazi zuen. Aurretik PCB izena zuen enpresa horrek, eta fundizio lanak eta motorretako osagaiak egiten ditu ITPrentzat, Barakaldon eta Sestaon. Otsailean, 87 langile joan ziren kalera, baina maiatzean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen enplegua erregulatzeko espedientea. Atzo zabaldu zenez, ABEE aldi baterako enplegu erregulazio bat ere baliogabetu dute epaileek.

Senerren aukera

Euskal enpresa hori Sener izatekoa zen, Getxoko ingeniaritza enpresa, ITP Aeroren sortzaileetako bat izan baitzen, eta akzioen erdiak izan baitzituen bere zatia Rolls Royceri saldu aurretik, 2016an. Baina negoziazio horrek ez du fruiturik eman, eta ITPtik kanpora geratuko da Sener.

Haren ordez, ordea, beste euskal enpresa bat sartu dela baieztatu du Carlos Alzola ITPko kontseilari ordezkariak, langileei igorritako oharrean: SAPA Placencia. Soraluzen (Gipuzkoa) sortutako enpresa da, baina Andoainen du gaur egun egoitza, eta armagintzan aritzen da. Haren presidentea Jokin Aperribai da, Realeko lehendakaria. Aperribai familiak badu lotura ITPrekin, Jokinen lehengusu Luis Aperribai sei urtez izan baitzen aeronautika enpresako kontseilari ordezkaria.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

KENKARIEN EZBAIA

KENKARIEN EZBAIA

Joxerra Senar

Kenkarien eta pizgarrien ondorioz, Hego Euskal Herriko ogasunek 544 milioi euro biltzeari utziko diote sozietate zergan aurten. Neurrion asmoa da enpresek xede batzuetara bideratzea, baina Nafarroan egin den txosten batek «zalantza handiak» azaldu ditu lau kenkariren eraginkortasunaz.

Fessenheim herriko zentral nuklearra, Alsazian. Iaz itzali zuten. ©CHRISTOPHE KARABA / EFE
Jaurlaritzako, aldundietako eta udaletako ordezkariak, atzo, bilera hasi aurretik, Gasteizen. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Jaurlaritzak inoizko gastu handiena egingo du zerga bilketa onari esker

Aitor Biain

Bilketa %9,6 handituko da aurten, eta %4,6 datorren urtean. Diru gehigarria zorra txikitzeko eta inbertsioak egiteko erabiliko dute. Aurrekontuak 13.000 milioiren langa gaindituko du lehen aldiz

Urnietako kiroldegiko berritze lanak, atzo; hor hil zen bi beharginetako bat. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Egun berean eraikuntzako bi langile hil dira, Urnietan eta Amurrion

Jokin Sagarzazu

Bata kiroldegia berritzeko lanetan ari zen, eta bestea, berriz, etxe berri baten eraikuntzan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna