Gaur hasi da Egunean Behin jokoaren zortzigarren denboraldia

EITBk babestuko du bi astez, eta, gainontzekoetan, beste babesle bat izango du astero. Galdetegi berriez gain, «sorpresa ugari» eta ekitaldi berezi bat iragarri dituzte. Finala ere EITBk emango du, zuzenean, abenduko hirugarren astean.

jarraia203780.jpg
jone arruabarrena
2021eko irailaren 27a
15:42
Entzun

Gaur hasita, hamaika astez arituko dira lehian euskaldun asko, Egunean Behin jokoan. Jada txapelketaren zortzigarren denboraldia da, eta antolatzaileek hainbat berritasun iragarri dituzte: galdera eta gai berriak, sari gehiago... Baina bada beste nobedade garrantzitsu bat ere: lehiaketa EITBk babestuko du bi astez, eta gainerako bederatzi asteetako bakoitzean babesle bat izango du Egunean Behinek, orain arte bezala.

Code Syntax jokoa sortu duen enpresak azaldu duenez, 60.000 lagunek hartu zuten parte egunero aurreko denboraldian. Gainera, EITBk zuzenean eman zuen txapelketako finala uztailean, Biba zuek! saioan, eta bertan 20.000 lagun aldi berean lehian ibili zirela ere jakinarazi dute. Aurten, berriz, abenduko hirugarren astean izango da finala, oraingoan ere EITBn, eta EITB Maratoiarekin bat egingo du, gainera.

Horrez gain, iragarri dute azaroan ekintza berezi bat antolatuko dutela, eta «sorpresa ugari» izango direla, sakelakoak euskaratzearekin zerikusia izango dutenak. Lehenengo asteari hasiera emateko ere ez dira sariak faltako: bi smarthphoneizango dira, bat irabazlearentzat eta bestea zozketa bidez banatzeko.

Sakelakoan jokatzen da Egunean Behin. Trivial estiloko hamar galderari erantzun behar diete jokalariek, hiru erantzunetatik bat aukeratuta, eta bakarrik egunean behin joka daiteke. Codesyntax enpresak 2019an sortu zuen, eta arrakasta handia lortu du. Zale ugari lortu ditu, eta duela egun batzuk Eibarko Hankamotxak bertso eskolak antolatutako bertso saio batean ere hizpide izan zuten lehiaketa. Beñat Gaztelumendi, Uxue Alberdi, Oihana Iguaran eta Miren Artetxe ibili ziren Egunean Behinen inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.