Alemaniako bozak

Scholzek hiruko koalizioa osatu nahi du Berdeekin eta liberalekin

Inoizko emaitzarik txarrena izan arren, CDU/CSU aliantzak ere aldarrikatu du Alemaniako Gobernua osatzeko zilegitasuna. Ekologistek eta FDPk emango dute lehen pausoa: elkarrekin ados jartzea.

Olaf Scholz SPDren kantzilergaia, gaur, bozetako emaitzak ospatzen. EFE
ander perez zala
2021eko irailaren 27a
20:06
Entzun

Txalo zaparrada luzea jaso ostean, eta bere alderdia garaipenera eraman duela jakitun dagoela, Olaf Scholzek ez ditu bere asmoak ezkutatu jarraitzaileen aurrean: «Alemaniaren historiako oinarri bilakatuko litzateke koalizio sozial-liberal-ekologiko bat osatzea. Herritarrek gobernu aldaketa nahi dute».

SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren kantzilergaiaren gaurko adierazpen horrek era ezin hobean laburbiltzen du bozek ekarritako paisaia politikoa. Hogei bat urtean lehen aldiz, SPD da babesik handiena lortu duen alderdia, eta, Scholzek argudiatu duenez, gobernua osatzeko zilegitasuna jaso duen indarra. Baina ez hori bakarrik: herrialdea are gehiago zatitu da politikoki, eta, ezustekorik ezean, hiruko koalizio batek hartuko du agintea datozen hilabeteetan.

Horretaz, sozialisten hautagaiak ez du ezkutatu zein den bere hautua eta lehentasuna, beren ibilbideko emaitzarik onenak lortu dituzten Aliantza 90/Berdeak-eko ekologistekin eta FDP Alderdi Demokratiko Libreko liberalekin elkartzea, hirurek egin baitute gora hauteskundeotan. Eta, bide batez, CDU Batasun Kristau-Demokratak eta CSU Batasun Sozial Kristauak osatzen duten aliantza boteretik botatzea; ez litzateke gutxiagorako izango, 1949tik hona gehien gobernatu duen indarra baita.

Oro har, SPDn oso pozik daude, baina jakitun daude Alemaniako hauteskundeen emaitzek are gehiago elikatu dutela hilabeteotako ziurgabetasun politikoa; askotan esan ohi den modura, orain baitator zailena. Eta batez ere CDU/CSUren hautagai Armin Laschetek ez duelako amore eman, aliantza horrek bere inoizko emaitzarik txarrena izan duen arren: «Kantzilerra zera izan daiteke: soilik kontrakoak elkartzean eta datozen lau urteetarako proiektu komun on bat garatzean arrakasta izango duena».

Borroka politikoaren, edo lasterketa politikoaren abiapuntua izan da gaurko eguna, eta hasiera batean bi protagonista izango ditu: ekologistak eta liberalak. Izan ere, hauteskunde gaueko eta biharamuneko adierazpenak aztertuz gero, nahiko argi geratu da Berdeak eta FDP indar handiz sartuko direla hurrengo gobernua osatzeko negoziazioetan, bai baitakite bi indar handiek, SPDk eta CDU/CSUk, beraiekin elkartu nahi dutela datorren agintaldian boterean egoteko. Liberalen buruzagi Christian Lindnerrek ideia hori nabarmendu du gaur, bere alderdia eta ekologistak «aldaketarenak» direla adierazita.

Lindnerrek berak, gainera, jokaldi interesgarri baten berri eman du, gerora ekologisten hautagai Annalena Baerbockek baieztatu zuena: SPDrekin eta CDU/CSUrekin mintzatu aurretik, Berdeak eta FDP elkarrekin ados jartzen saiatuko direla lehenik. Erronka handia izango da, 2017an porrot egin baitzuten negoziazioek —kontserbadoreak ziren balizko koalizio horren hirugarren alderdia—, eta gaur egun handiak baitira bien arteko desadostasunak. Baina, aldi berean, egoera ez da duela lau urtekoaren berdina, oraingoan Lindnerrek ezinbestean sartu nahi baitu gobernuan, eta ekologistek beren buruzagiak aldatu baitituzte.

SPDren esperientziak

Scholzen kasuan, aldeko du bere alderdiaren historia, SPDk XX. mendean koalizioan gobernatu baitzuen liberalekin, eta ekologistekin ere partekatu baitzituen zenbait agintaldi, azkena Gerhard Schroeder buru zuena. Eta, egun, SPD bi indar horiekin ados jarri baita lander batzuetako aginteetan.

CDU/CSUko Laschetek ere argudio bera erabili izan du, hura buru den aliantza datozen negoziazioetako beste protagonistekin ados jarri izan delako. Baina atzo inoizko emaitzarik txarrena izatea eta horrek alderdian eragin dituen gatazka eta eztabaida Berdeek eta FDPk nahi ez duten desegonkortasun baten erakusle bilaka litezke.

Nolanahi dela ere, babesik handiena lortu duten bi alderdien eskaintzak giltzarri izango dira ekologistek eta liberalek alde batera edo bestera egin dezaten. Programaz eta balizko (des)adostasunez gain, jakinak dira eskarietako batzuk: Lindnerrek Finantza ministro izan nahi du, eta Berdeek kantzilerorde postua nahi dute alderdiko buruzagikide Robert Habeckentzat, Frankfurter Allgemeine Zeitung egunkariaren arabera.

SPDrentzat, erronka batez ere FDPkoak konbentzitzea izango da, haiek nahiago baitute CDU/CSU buru duen Jamaika izeneko koalizioa; baina, liberalek sozialistekin eta ekologistekin Semaforoa-n elkartzea baztertu ez dutenez, oraindik ez dago batere argi zer gertatuko den. Are gehiago kontuan harturik Berdeek Jamaika-ren parte izatea ere begi onez ikusten dutela.

Baerbocken arabera, negoziazioetan erabakigarriak izango dira helburu hauek: «Karbono neutraltasuna lortzea da gure erronkarik handiena. Gure boto emaileen partetik herrialdea aldatzeko agindua jaso dugu».

Paradoxikoa da egonkortasuna hainbeste gogoko duten herritarrek inoizko emaitzarik estuenak eta testuingururik ziurgabeena eragin dutela. 2017ko negoziazioak luzeak izan baziren, baliteke aurtengoak are gehiago irautea, gutxienez 2022 hasiera arte. Scholzen eta Lascheten asmoa da abendurako dena adostua izatea, baina aurtengo zailtasuna da negoziatzaileek SPD-Berdeak eta CDU/CSU-FDP aliantza klasikoez haratago joan beharko dutela. Eta, noski, horrelako aldaketak eragitea ez da batere erraza izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.