ERRESUMA BATUA

Armada, gasolindegietara erregaia garraiatzeko pronto

Garraiolari gabezia dela eta, erregairik gabe dira Erresuma Batuko hainbat gasolindegitan. Hornidura falta beste sektore batzuetan ere jasaten ari dira azkeneko hilabeteotan. Garraiolariek ohartarazi dute gobernuak egoerari aurre egiteko hartutako neurriak ez direla nahikoa.

Ibilgailu ilara luzeak, atzo, Londresko gasolindegi batean. NEIL HALL / EFE
Igor Susaeta.
2021eko irailaren 28a
12:09
Entzun

BP British Petroleum multinazionalak iragarri zuen, joan den ostegunean, Erresuma Batuko gasolindegi batzuk behin-behinean ixtera behartuta zegoela, gasolindegi horiek erregairik gabe geratu zirelako, eta ezin zutelako erregairik garraiatu. Iragarpen horren ondoren, eta pentsatuz berandu baino lehen erregairik gabe geratuko zirela, herritarrek gasolindegietara jo zuten beren ibilgailua erregaiz hornitzera. Horren ondorioz, ezinbestean, ibilgailuen ilara luzeak sortu dira gasolindegietan, eta gasolindegi gehiago geratu dira erregairik gabe.

Garraiolari gabezia du Erresuma Batuak, eta egoera hori larriagotu egin da brexit-a gauzatu zutenetik. Nolanahi ere, gabezia horrek ez dio eragiten soilik gasolindegietako hornidurari, zeren industriaren sektorean eta supermerkatuetan ere, esaterako, ari baitira nozitzen gabezia hori. Horiek horrela, behin-behinean findegietatik gasolindegietara erregaia eramateko prest daude armadaren 150 kamioi, beharrezkoa balitz. Gobernuak atzo esan zuen oraingoz ez zuela beharrezkoa ikusten armadarengana jotzea, baina Kwasi Kwarteng Merkataritzako estatu idazkariak adierazi du «zentzuzko pausoa» izan dela armada erregaia garraiatzeko pronto edukitzea. «Beharrezkoa bada, militarrek, neurri gehigarri bezala eta behin-behinean, erregaia garraiatuko dute».

Eta, egoera kontuan hartuta, Erresuma Batuko petrolio enpresa nagusiek ohar bateratu bat kaleratu dute, eta nabarmendu ez dagoela petrolio gabeziarik. «Erresuma Batuko findegietan erregai asko dago».

Hortaz, arazoa beste bat da: garraiolari gabezia. Rachel Reeves Alderdi Laboristako Ekonomia bozeramaileak atzo hedabideen aurrean salatu zuenez, garraiolarien sektoreak hilabeteak daramatza garraiolari gabeziaz ohartarazten. Reevesek gobernuari leporatu dio mezu horiei kasurik ez egitea.

Gobernuaren neurriak

Gaur egun, Erresuma Batuan 100.000 ere ez dira, gutxi gorabehera, kamioiak gidatzeko baimena duten gidariak. Eta horrek eragin du azken hilabeteotan hainbat sektoretan gertatutako hornidura falta. Horri aurre egiteko ahaleginean, zenbait neurri hartu ditu gobernuak. Asteburuan iragarri zuen, adibidez, behin-behineko 5.000 bisa jaulkiko dituela, datozen hiru hilabeteetan atzerriko gidariek hutsuneak bete ditzaten. Halere, Europako garraio sindikatu nagusiek adierazia dute behin-behineko bisekin ez dela aski izango. Eta RHA Errepide Bidezko Garraioaren Erresuma Batuko sindikatua ohartarazten ari da 100.000 gidari gehiago beharko direla krisia konpontzeko.

Brexit-aren ondoren, ezin dira EB Europako Batasunak herritarrak kontratatu lanerako bisarik ez baldin badute, eta, gainera, pandemia garaian EBko herritar asko jaioterrira itzuli ziren Erresuma Batutik. Garraiolarientzat eta beste sektore batzuentzat, bi aldagai horiek ere eragina izan dute azken egunotako krisian.

Gobernuak hartutako beste neurrietako bat da salgaiak garraiatzeko lizentzia dutenei erregaia garraiatzeko ematen dien baimena luzatzea, behin-behinean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.