FEMINISMOA

Azaroaren 11tik 13ra eginen dute Nazioarteko IV. Konferentzia Marxista Feminista

Online izanen da, osoki. Donostian aurkeztu dituzte xehetasunak.

Antolatzaileak, gaur, konferentziaren aurkezpenean. FOKU
2021eko irailaren 28a
17:25
Entzun

Iaz egin behar zuten, baina bertan behera gelditu zen, koronabirusaren egoeraren ondorioz; eta aurten eginen dute azkenean Nazioarteko IV. Konferentzia Marxista Feminista. Euskal Herrian behar zuen, baina online eginen dute osoki. Antolatzaileen artean dira EHU Euskal Herriko Unibertsitatea eta Iratzar fundazioa, nazioarteko hainbat erakunderekin batera.

Gaur aurkeztu dituzte konferentziaren xehetasunak, Donostian egindako agerraldi batean, eta, azaldu dutenez, «asko eta asko hausnartuta» erabaki dute guztia online egitea. Hizlariak, berriz, iaz etorri behar zuten berak izanen dira: tartean dira Tithi Bhattacharya, Lorena Cabnal, Ochy Curiel, Christine Delphy, Ana Cecilia Dinerstein, Elsa Dorlin, Silvia Federici, Nancy Fraser, Frigga Haug eta Daniele Kergoat. Banakako panelak zein panel kolektiboak ere antolatu dituzte.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, konferentzia Internet bidez zuzenean igorriko denez, ez dute izen ematerik eginen, eta horrek publiko zabalagoari bidea erraztuko dio hitzaldiak entzuteko. Dena dela, parte hartzea baieztatu beharko da Zoom plataformaren bidez eginen diren lantaldeetan.

Gaiak askotarikoak izanen dira: intersekzionalitatea, korronteen arteko eztabaidak, greba feminista, bestelako erresistentziak, eta emakume langileen antolakuntza berriak, bertzeak bertze. Agerraldian nabarmendu dutenez, bertzalde, «Hegoaldeko ahotsak batzeko» ahalegina egin dute, baita ikuspuntu teoriko eta praktikoak uztartzekoa ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.