Energia

Iberdrolak bezero handiei argindarra garestituko die, Madrilen neurriengatik

Kontratuak berriz negoziatu edo bertan behera utzi, aukera hori eman die epe luzeko kontratuak dituzten bezeroei. Horrez gain, Iberdrolak gelditu egin ditu abian zituen berriztagarrien lizitazioak.

Ignacio Galan Iberdrolako presidentea, artxiboko irudian. FERNANDO VILLAR / EFE
Irune Lasa.
2021eko irailaren 29a
19:00
Entzun

Argindarraren handizkako prezioak errekorretan, elektrizitate merkaturatzaile nagusiek erabaki dute ez dietela eutsiko bezero handiekin zituzten epe luzeko kontratuei. Kontratuok berriz negoziatu edo bertan behera utzi, bere bezero handiei ez die beste aukerarik eman, esaterako, Iberdrolak. Haien artean, milaka lantegi eta enpresa txiki ere badaude, bere garaian argindar merkaturatzailearekin epe luzeko argindar prezio finkoak hobetsi zituztenak, edota zuzenean Iberdrolaren adar sortzailearekin argindar berriztagarriko epe luzerako PPA kontratuak dituztenak.

Egungoetatik oso azpira dauden argindar prezioekin, kontratu horietan dagoen «ageriko desoreka» aipatu du Iberdrolak bezeroei bidalitako gutunetan. «Ezohiko, ustekabeko, gaineratutako zirkunstantziek», konpainiaren arabera, «ezin eutsizko bihurtzen dituzte ezarritako baldintza ekonomikoak».

Ez Iberdrolak ez Endesak ez dute ezkutatu mugimendu honen arrazoia: ez daudela konforme Espainiako Gobernuaren azken neurriekin. Ez da berria, Espainiako Gobernua auzitara ere eraman dute arrazoi horrengatik.

Ezohiko etekinak

Pedro Sanchezen gobernuak «larrialdiko behin-behineko neurriak» hartu ditu orain gutxi, kontsumitzaileek euren fakturetan ahalik eta gutxiena igartzeko argindarraren eta gasaren izugarrizko prezioei. Eta neurri horien artean dago «ezohiko etekinak» izaten ari ziren konpainiei mozkinen zati bat kentzea, Iberdrola, Endesa, Naturgy eta halakoen haserrerako. «Ezohiko etekin» horiek pool sistemarekin sortu dira: handizkako merkatuan ordu edo egun hori itxi duen sorkuntza garestiena, haren prezioa da pool horretan sartu diren sorkuntza guztiek jasotzen duten prezioa. Horrela, orain arte, gas oso garestia eta karbono eskubide oso garestiak ordaindu behar dituen ziklo konbinatuko zentraletako argindarraren prezio —garesti— berean saldu da gasik behar ez eta karbono dioxidorik isuri —eta ordaindu— gabe lan egiten duten zentral hidrauliko eta nuklearretako eta berriztagarrietako argindarra.

Espainiako Gobernuaren kalkuluen arabera, 2.600 milioi euro bilduko dira etekin horietatik, eta dirutza hori argindar eta gas fakturak arintzeko neurrietan erabiliko da.

Iberdrolak eta Endesak argudiatzen dute Gobernuaren neurri berrien aurretik hitzartutako epe luzerako kontratuetan jasotzen diren prezioak azken asteetako handizkako merkatukoak baino txikiagoak direla. Hori horrela, gobernuari bezeroak ordaindutakoa baino kopuru handiagoa itzuli beharko dutela diote.

Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroa «kezkatuta» agertu da bezero handien tarifak aldatzeko Iberdrolaren mugimenduarekin, haren ustez «ez dagoelako justifikatuta». Riberak susmoa du argindar konpainiek aurretik egin nahi zutela kontratuen moldaketa, Gobernuaren neurrien aurretik. Egia da, halaber, merkaturatzaile asko larri dabiltzala, kontratuak berritzeko unea iritsi artean kontsumitzaileei hitzartutako prezioan saldu behar dietelako argindarra, inoiz baino garestiago erosi behar dutenean.

Orain arte, kontsumitzaile arrunten artean, merkatu arautuan daudenek igarri diote argindar garestiari. Baina kontsumitzaile elkarteak jada antzematen hasi dira merkatu libreko kontratuak berritzeko ordua iritsi zaien kontratu askotan jada prezio igoera handiak izan direla.

Berriztagarrien proiektuak

Baina bezero handien kontratuak moldatzeko mugimenduarekin zalantzarik balego Espainiako Gobernuari presio egiteko Iberdrolaren eta besteen asmoak direla-eta, dudarako tarte txikia uzten du beste erabaki batek: gelditu egin ditu berriztagarrietako proiektu berrietarako irekiak zituen lizitazioak, Gobernuaren neurrien ostean proiektuak ekonomikoki bideragarriak diren aztertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.