Ertzaintza

Sindikatuek uste dute Jaurlaritzak «mespretxatu» eta «diskriminatu» egiten duela Ertzaintza

Legebiltzarraren aurrean elkartuko dira, Ertzaintzan dagoen «kaosa» salatzeko.

Ertzaintzaren sindikatuek abuztan egindako protestaldia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
gotzon hermosilla
2021eko irailaren 30a
11:30
Entzun

Erne eta Euspel Ertzaintzaren sindikatuek elkarretaratzea egingo dut bihar Eusko Legebiltzarraren aurrean, han kontrol saioa egingo dutela baliatuz, haien ustez Ertzaintzan dagoen «kaosa» salatu eta «begirunea» eskatzeko. «Ezin dugu onartu Ertzaintza mespretxatzen, diskriminatzen eta umiliatzen jarrai dezatela», adierazi dute.

Ertzaintzak begirunea merezi du izango da elkarretaratzearen leloa, eta, horrekin, Ertzaintza «kaosean murgilduta» dagoela salatuko dute. Sindikatuen arabera, azken bolada honetan arazo ugariri aurre egin behar izan diote: material eta bitarteko falta, ertzainen eskasia, agenteen prestakuntzarik eza, indarrean dagoen lan hitzarmena iraungita egotea, gainerako funtzionarioekin alderatuta «lanaren eta soldataren aldetiko diskriminazioa», eta Segurtasun Sailarekin mintzatzeko aukerarik ez izatea.

«Horrek guztiak, euskal Poliziarekin darabilten harrokeriarekin batera, lan gatazka baino ez dakar», adierazi dute Erne eta Euspel sindikatuek. Horregatik, mobilizazioak areagotuko dituztela iragarri dute.

Bihar Legebiltzarraren aurrean egingo duten elkarretaratzea ordubetekoa izango da, 08:30ean hasi eta 09:30 arte. Ez da protesta bakarra izango: urriaren 6an Iñigo Urkullu lehendakaria eta Espainiako errege Felipe Borboikoa Bilboko Euskalduna jauregian egongo dira, eta han ere elkarretaratzea egingo dute ertzainek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.