Gizarte zerbitzuak

Gipuzkoako zahar etxeetan egoera «inhumanoa eta lotsagarria» dela salatu dute langileek

Esan dute Gipuzkoako Foru Aldundiak Txara I egoitzan onartutako hainbat oker ez direla salbuespena: «Egoitza gehienetara zabal daitezke». ELA sindikatuak antolatutako agerraldi batean mintzatu dira.

arantxa iraola
2021eko irailaren 30a
12:55
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Gaietako diputatu Maite Peñak atzo onartu zuen, zahar etxe baten ikuskaritzan atzemandako arazo baten harira, egoitza horretako egoiliarrek, egoera jakin batean, hamalau ordutik gora egin zituztela oheratuta. Udan oporretako ordezkapenak egiteko zailtasunekin lotu zuen arazoa, eta saihesten zail izan zen salbuespen egoera baten gisara aurkeztu zuen. Gaur, egoitzetako langileek hartu nahi izan dute hitza, ELA sindikatuak antolatutako agerraldi batean, eta adierazi dute ikuskaritza horretan atzemandakoa «egunerokoan» zahar etxeetan gertatzen denaren «adibide txiki bat» besterik ez dela. «Harrigarria dena da hau orain argitaratu izana; egoera, egiturazkoa izateaz gain, aspaldikoa da», salatu du ELA sindikatuak. Maite Peñak ere, duen ardurarengatik, zahar etxeetako martxa ondo ezagutu beharko lukeela esan dute, kritiko: «Izan ere, Maite Peñak esan zuena ez da egia».

Hainbat langile solastatu dira agerraldian, ikuskaritza horretan arazoak atzemandako Txara I egoitzakoak baziren tartean, baina beste askotakoak ere bai, eta esan dute tankera horretako arazoak ohikoak direla: «Egoitza gehienetan ematen dituzte egoiliarrek hamalau orduren bueltan oheratuta, eta ezer jan gabe». Hain zuzen ere, egun dauden ratioekin arazo hori «estrukturala» dela nabarmendu nahi izan dute. Gaueko lantaldea oso urria denez, eta aski langile ez daudenez, 19:30ak alderako adinekoak oheratzen hasten dira, eta gehienek adierazi dute hamarrak aldera arte ez dietela gosaririk ematen. Oheratuta, baraurik, ordu asko egiten dituzte, beraz, egoiliarrek.

Esplikatu dute ordutegi horiekin, otorduak hain tarte txikian eginda, egoiliarrei botikak hartzeko orduak pilatu egiten zaizkiela, eta botikak hartzeko emandako preskripzio «pautak» ezin izaten dituztela bete. Bestelako arazoak ere utzi dituzte agerian. Esaterako, «astean behin» dutxatzen dituzte egoiliarrak; mendekotasun handiak dituzten pertsonekin, behintzat, gehiagorako erarik ez dute izaten. Gainerako egunetan «toalla heze» antzeko batzuekin garbitzen dituzte. Egun dituzten lantaldeekin egoiliar bakoitzari hori baino arta hobea ematea ezinezkoa dela nabarmendu dute. Erizain zerbitzurik gabeko aldi luzeak ere salatu dituzte langileek. Hortik salaketa: egoitzetan ematen den tratua «inhumanoa eta lotsagarria» dela esan dute.

ELA sindikatuak egoera hau guztiz lotu du langileek lan itun baten eske orain hiru urte hasitako borrokarekin. 252 greba egun egin dituzte ordutik, eta aldarrien artean beti egon da lantaldeak indartzea. ELA sindikatuko ordezkari Txomin Lasak azaldu du arta egokia emateko «bikoiztu» ere egin beharko liratekeela egungo lantaldeak. «Ekuazioa oso sinplea da: zenbat eta hobeak izan langileen lan baldintzak, orduan eta duinagoa izango da egoiliarrei eman diezaieketen zaintza», ekarri dute gogora sindikatuko ordezkariek. Horiek horrela, beste askotan egin duten eran, bilera baterako deia egin diete Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanori eta Maite Peña diputatuari. Gai honetan «propaganda» egiteari uzteko eskatu diete, eta lan gatazka bideratzeko aterabide bat bilatzen laguntzeko. Arazoaren muinean zaintza lanen «merkantlizazioa» dagoela deitoratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.