MEMORIA

Espainiako Auzitegi Nazionalak bi aldiz bota du gibelera 'Argala'-ren ekitaldiagatik jarritako salaketa

Covite biktimen elkarteak jarria zuen, 2018an Arrigorriagan Jose Miguel Beñaran Ordeñana Argala-ri egindako «oroimen ekitaldiagatik». Sortuk eskatu du utz diezaiotela «kontakizun bakarra inposatzen saiatzeari»

'Argala'-ri egindako omenaldi bat, 2018an, Angelun. Arrigorriagako ekitaldiagatik jarri zuen Covitek salaketa. BERRIA
maddi ane txoperena iribarren
2021eko irailaren 30a
16:56
Entzun

Sortuk jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak bi aldiz bota du gibelera Covite biktimen elkarteak 2018an Arrigorriagan (Bizkaia) Jose Miguel Beñaran Ordeñana Argala-ri egindako ekitaldiagatik jarritako salaketa. Izan ere, auzitegiak ebatzi du ekitaldian ez zitzaiola «terrorismoari gorazarre» egin, ezta «biktimarik umiliatu» ere.

Ezker abertzaleko alderdiak salatu du ohikoak direla halako «kriminalizazio saiakerak estatuaren biolentzia, torturak eta polizia gehiegikeriak» gaitzesten direnean: «Hala gertatu zen Arrigorriagako ekitaldi harekin. Argala-ren hilketak argitu gabe jarraitzen duela salatu zen. Argala militante politiko bat izan zen, estatu terrorismoaren biktima izan zena, soldatapeko mertzenarioek hil zutena konstituzio espainiarra bozkatu eta bi astera». BVE Batallon Vasco Españolek hartu zuen hilketa bere gain, 1978an Angelun (Lapurdi) hil zutenean. Hilketaren 40.urteurrenean egin zuten Arrigorriagako ekitaldia.

«Sufrimendu guzti-guztien oroimena» galdegin du Sortuk, «inor bazterrean» utzi gabe, «soilik memoria partekatu baten bidez eraiki ahal izango baita elkarbizitza demokratikoa». Alderdiaren ustez, horrek erran nahi du ezin dela «ukatu existitu den biolentzietako bat».

«Bizikidetza demokratikoari oztopoak jartzen ari diren guztiei» exijitu die utz diezaiotela «kontakizun bakarra inposatzen saiatzeari»: «Sinetsarazi nahi digute hemen ez dela gatazka politikorik izan, biolentzia bakarra eta biktima bakarrak ETArenak izan direla. Sinetsarazi nahi digute gerra zikina, legeen bihurritzea, tortura, komunikabideen itxiera eta abar luze bat gure irudimenaren fruitu baino ez direla». Horren «aurrean», «adierazpen askatasuna» eta haien kontakizuna egiteko «eskubidea» galdegin ditu Sortuk: «Inork ez digu inposatuko esan behar duguna, ez pentsatu behar duguna, ezta sentitu behar duguna ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.