Ingurumena

Amazoniak eremuaren %15 galdu du 1985etik

Galera %20 edo %25era iristen denean baliteke atzera-bueltarik gabeko egoera batean sartzea munduko birikaren «zerbitzu ekosistemikoak», adituek ohartarazi dutenez.

1985etik galdutako eremuaren grafikoa. MAPBIOMAS
inaki petxarroman
2021eko irailaren 30a
18:35
Entzun

Jakina da urtetik urtera basoa galtzen ari dela Amazonia. Gaur zenbakiak jarri dizkiote galera horri: 74,6 milioi hektarea oihan desagertu dira 1985etik 2020ra, hau da, eremuaren %15 inguru. Adibide bat ere jarri dute MapBiomas Amazoniako adituek: Txileren pareko lur eremu bat galdu du oihanak munduko birikan azken 35 urteotan.

MapBiomasek satelite irudien bidez egin die jarraipena Amazoniaren ekosistemei, eta, oihan galeraz gain, beste aldaketa batzuk ere neurtu ahal izan ditu. Besteak beste, azpimarratu du haren eremuko glaziar andetarren erdiak galdu egin direla hamarkada horietan. Meategien eremua %656 handitu da. Nekazari ustiategiak %151 gehiago dira; hiriguneak, %130 gehiago. MapBiomasen parte hartzen dute Boliviako, Brasilgo, Kolonbiako, Ekuadorko, Guyanako, Guyana Frantseseko, Surinamgo, Peruko eta Venezuelako adituek. Gizarte eta Ingurumen Informazio Georreferentziatuaren Amazoniako Sareak (RAISG) kudeatzen du ekinbide hori, eta hainbat gobernuz kanpoko erakundek, unibertsitatek eta teknologia enpresak esku hartzen dute.

Ikerketaren arabera, gizakiak okupatutako guneak %6 ziren 1985ean Amazonian, eta %15era iritsi zen iaz. Eraldaketa hori handiagoa izan da, baina, herrialde batzuetan besteetan baino. Zalantzarik gabe, egoerarik larriena Brasilen da: oihanaren %19 inguru desagertu da helburu antropogenikoetarako. Surinamen, Guyanan eta Guyana Frantsesean, oihanaren %1 bakarrik galdu da gizakiaren eraldaketaren ondorioz. Adituek ohartarazi dute nola arriskua dakarren oraingo joerari eusteak. Izan ere, bioma berezi horren zerbitzu ekosistemikoek «inflexio puntu» bat izan dezakete oihanaren %20 edo %25 suntsitzen denean. Aldaketa hori hamarkada honetan bertan irits daiteke, joerak aldatzen ez badira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.