Albistea entzun

Euskara

Irakasle beharretan da AEK

Ipar Euskal Herriko gau eskoletan irakasle eskasa bada aurten. Ikasturtea urriaren 4an hasiko dute, ikasle gehiagorekin. Transmisio-egile gaiei dei egiten die AEK-k.

AEK-ko ikasle berriak, glotodidaktikako ikastaroan, Baionako egoitzan, astelehenean.
AEK-ko ikasle berriak, glotodidaktikako ikastaroan, Baionako egoitzan, astelehenean. Ipar Euskal Herriko Hitza Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza -

2021eko urriak 3 09:48

Astelehenean hasiko dira euskara klaseak Ipar Euskal Herriko gau eskoletan, eta, aurten bereziki, irakasleak eskas ditu AEK-k. «Gau Eskola gehienetan baditugu beharrak», jakinarazi du Mireia Mochales AEK-ko didaktika koordinatzaileak. Ez dakite zuzen zergatik, eta diote arrazoi bat baino gehiago izan daitezkeela.

Azkaine-Senpere-Sarako gau eskolan bi irakasle eskas dituzte gauez; Donibane Lohizune-Ziburun, egunez zein gauez behar dute jendea; Hazparne eta Amikuzeko gau eskoletan, bedera, gauez; Zuberoan, bat. Behar handiena, Baionan (hiruzpalau gauez) eta Hiriburu-Mugerre-Lehuntze aldean dute (hiru irakasle eskas gauez). «Beti gertatzen da irakasle beharra, baina aurten toki batzuetan normalean baino gehiago da», dio Mochalesek.

Heldu den aste hastapenean, gau eskolek argiago izanen dute zinez zenbat ikasle izanen dituzten ikasturtea abiatzeko. «Ez badugu irakaslerik aski, momentu batean hautua egin beharko da zein talde bertan behera utzi eta zein ez». Anitz lekutan ikasle gehiagok izena eman du aurten euskara ikasteko. Didaktika koordinatzaileak badu esperantza irakasleak ere bilduko direla euskara transmititzeko. «Positiboa da. Izen emateak handitu izanak erakusten du gogo bat euskara ikasteko, behar bat; hori biziki pozgarria da». Herrigintzako euskaldunen beharra agertzen da berriz ere, beraz, euskararen erakusteko euskaldundu nahi duen nahiant horri. «Nahiko genuke bertako euskaldunak ere motiba daitezen euskararen transmisio horretan parte aktibo izatera. Azkenean, guztion esku da». Hego Euskal Herritik badira hautagaiak, baina distantziak ez du beti errazten, bide gehiago baita egiteko.

Belaunaldi aldaketa

Ezin jakin zehazki zertarik heldu den irakasle eskasa. Usaiako irakasleen joan-jina urte batetik bestera? Unibertsitateko ikasle euskaldunen harrobiaren murriztea? Gau eskoletako ikasleen izen ematea emendatzea? «Adibidez, Baionako gau eskola handian, jende anitz joan-jinean da, eta urtero irakasle anitz behar dira», erran du Mochalesek. «Irakasle anitz behar dira ber momentuan kurtsoak ematen. Astelehen eta asteazken gauetan posible da hamar talde ukaitea».

Deialdi bereziak egin ditu AEK-k aurten kontratupeko irakasleen atzemateko ere. Irratietan, lan eskaintza sareetan. «Egia da aurten lan eskaintza dezente izan dugula; hein batean bada belaunaldi aldaketa zerbait AEKn, kide batzuk erretretara joatearekin». Hautagaitza gehiago izan bazitekeen ere, guneka izan da galde. Gehienbat, gazteak izan dira hautagaiak. Euskara etxetik dutenak, berrikiago ikasi dutenak bezala. «Irakasle laguntzaileen artean badugu jendea AEKn formatu duguna eta ondotik talde bat hartzen duena. Euskara jaso du, eta, nolabait, euskara ematen jarraitu nahi du».

Irakasle berriak

Joan den astelehenean, irakasle izateko hautatuak izan diren irakaslegaiak glotodidaktika ikastarorako bilduak zituen AEK-k, Baionako egoitzan. Gau eskoletan klaseen emateko oinarri eta aholkuen emateko ikastaroa da.

Irakasle horien artean zen Mikel Pomadere, Heletatik etorria. Itsasuko gau eskolan emanen ditu klaseak. Irakasle bihurtzeko zerk akuilatu duen esplikatu du. «Ohartzen gara hemen jende anitzek ez dakitela euskara, eta, nahi badugu jendeak jakin dezan, irakatsi behar zaio. Beraz, behar horri egiten diodan ekarpen konkretuena da irakastea, sinpleki». Gehiago dena, hizkuntza maila hobetzeko ikastaroak segitu zituen Pomaderek, AEKn berean, eta Maizpideko egonaldiak direla medio [Maizpide euskaltegia, Gipuzkoa Lazkao]. «Garai batez euskara banekien, baina ez aski. Gauzen adierazteko ez nuen gaitasunik aski. Erabaki nuen AEK eta Maizpideren bidez euskararen hobetzea, eroso izateko nire hizkuntzarekin». Pomaderek gaitasun hori nahi du pasarazi, orain. «Jaso dudana berriz itzuli nahi diot ikasi nahi duen jendeari». Irisarriko Har Eman elkartearekin ere astean klase bat eskainiko du.

Miren Etxeberria pasaitarra (Gipuzkoa) Beskoitzen bizi da. Ez du lehen aldia AEK-ko irakasle egiten dela: «Duela bi urte izan nintzen irakasle klase batekin, eta enbeia nuen horrekin guziz segitzeko, ehuneko ehun». Baionako gau eskolan erakutsiko du euskara Etxeberriak. «Familia eta herri batzuetan tabu izan den euskararentzat berpiztu da interesa. Interesgarria da horren parte izatea, jendea motibatzea euskara ikastera. Aberastasun bat baita eta domaia baita hizkuntza bakarrarekin —frantsesarekin— bizitzea».

Baigorritik jina da Eneko Uztaritz Baionara, Euskal Ikasketen segitzeko. Euskara etxetik ukan du, eta, ikasketez gain, deliberatu du klaseak emanen zituela AEKn. Baionako gau eskolan ariko da, egunez. «Ikasketen ondoan denbora libre pixka bat banuen, lan ttipi bat xerkatzen nuen, eta ikusi nuen hemen galdea bazela. Martxoan esperientzia ttipi bat ukan nuen Garazin, talde bat ukan bainuen ikastaroan». Ontsa joan zen, eta nahi izan du errepikatu; aldi honetan, ikasturte osoan. Uztaritzek beharra argi ikusten du Baionan. «Beharrezkoa da. Barneko aldekoa izanki, egia da kontrastea ikusten dudala bien artean. Eskaera bada, eta bada lan egiteko. Beharrei erantzuteko jendea behar da. Heldu diren ikasleak normalki motibatuak dira, deliberatu dute hor izatea; beraz, irakaslearendako ere goxo da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskara aurrera, milaka lagun Donostian euskararen alde

Milaka lagunek Donostiako kaleak hartu dituzte euskararen alde

Julen Aperribai

Ohikoan baino nabarmen handiagoa izan da gazteen presentzia, manifestazioan zein aldarrikapenetan. Euskal Herrian euskaraz bizitzeko dauden oztopoengatik «kezka» agertu dute antolatzaileek

Plaka, kenduta, Donostiako Gaskonia plazan. ©Joseba Alvarez

Txillardegi omentzeko plaka kendu dute Donostiako Gaskonia plazatik

Berria

Txillardegi Plaza zioen plakak hiru urte zeramatzan jarrita, 2019an Txillardegi Liburutegia ekimenak jarri zuenetik.

 ©JON URBE / FOKU

«Feminismoaren zati batek amatasunaren biologia ukatu du»

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Lagoma Pombarrek eta Fernandez Maritxalarrek 11 amaren eta bi aitaren bizipenak bildu dituzte 'M ama* eme* ume*' liburuan. Uste dute guziek «arrakalatzen» dituztela amatasunaren instituzioak «inposatutako» ereduak.
UEUko zuzendariak omendu zituzten, UEUko kide guziei emandako omenaldi gisa. ©BOB EDME

Euskal unibertsitatea obretan, baina irekia

Ekhi Erremundegi Beloki

Udako Euskal Unibertsitateen 50. urteurrena ospatu dute Miarritzen, aurtengo ikastaroei hasiera emateko ekitaldian. Urteetan UEU egin dutenak omentzeko eta etorkizunerako erronkez mintzatzeko aukera izan da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...