EH Bilduk ikus-entzunezkoen kontseilua sortzeko eskatu dio berriro Jaurlaritzari

Koalizioaren arabera, garrantzitsua da ikus-entzunezko «esparru propioa» izatea. Jaurlaritzak adierazi duenez, ordea, Espainiako Gobernua prestatzen ari den ikus-entzunezkoen legearen arabera hartuko dira neurriak.

Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO, FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko urriaren 1a
17:09
Entzun

Eusko Jaurlaritzak ikus-entzunezkoen kontseilua sortzea baztertu du berriro. Ekainean egin zuen lehenengoz, eta gaurko Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan berretsi du erabakia. Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, ekainean ezezkoa jaso zuten, Jaurlaritzaren ustez, kontseiluak ez lukeelako «inolako ekarpenik» egingo. EH Bilduren ustez, ordea, «anomalia» bat da oraindik horrelakorik ez edukitzea.

Agirrek azaldu duenez, umeen eta gazteen artean ikus-entzunezkoen bitartez transmititzen dira, besteak beste, balioak, kultura eta hizkuntza. Baina haur eta gazteak «jasotzen ari diren hizkuntza ez da euskara». EH Bilduko legebiltzarkideak eskatu dio Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari proposamena onartzeko, hari buruz eztabaidatzeko eta indarrak batzeko: «Herri txikiegia gara banatuta ekiteko; indarrak batu ditzagun».

Agirreren arabera, ikus-entzunezkoei dagokienez, «momentu kritiko» batean dago Euskal Herria, eta garrantzitsua da ikus-entzunezko «esparru propioa» izatea: «Herri bezala iraun nahi badugu, ikus-entzunezko arlo sendoa behar dugu». Legebiltzarkidearen arabera, gainera, «larria» da kontseilurik ez edukitzea, baina «larriagoa» da ikus-entzunezkoen legerik ez edukitzea.

Ikus-entzunezkoen arloan aldaketak «gero eta azkarragoak» direla onartu du Zupiriak, eta  2010eko legea berritzea tokatzen dela. Azaldu duenez, Espainiako Gobernua prestatzen ari den ikus-entzunezkoen legearen egitasmoarekin egingo da hori, eta lege «horren arabera ikusiko da aldaketak egin behar diren edo ez». Hala ere, adierazi du legearen aurreproiektuari «zuzenketa nabarmenak» egin ezean, legea «urrunegi» joan daitekeela, batez ere eskumenen alorrean, eta Jaurlaritzak hori «saihestu» nahi duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.