Etxebizitza

Tokiko etxebizitza plana onartu du Euskal Elkargoak

145 hautetsik bozkatu dute alde, zazpik kontra, eta 42 abstenitu egin dira.

Euskal Elkargoaren batzarra, goizean. OIHANA TEYSEYRE KOSKARAT
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko urriaren 2a
11:50
Entzun

Euskal Hirigune Elkargoak batzarra egin du gaur, Baionako Lauka gelan, eta hautetsiek tokiko etxebizitza plana (TEP) onartu dute, alde handiz: 145ek bozkatu du alde, zazpik kontra, eta 42 abstenitu egin dira. Roland Hirigoien Mugerreko (Lapurdi) hautetsiak aurkeztu du plana; elkargoko lehendakariordea da, etxebizitzaren inguruko gaiez arduratzeko. Ondoko sei urteetarako etxebizitza politika eta estrategia finkatzen ditu dokumentuak.

EH Baik, planaren «anbizio falta» salatu, eta abstenitzera edo kontra bozkatzera deitu ditu hautetsiak. Alain Iriartek hitza hartu duenean esan du plana ez dela «krisiaren heinekoa». Larrialdiko egoeraren aitzinean, neurri eraginkorragoak beharrezkoak ikusten ditu. Colette Capdeviellek ere egoeraren larritasuna salatu du: «Kostaldean kanporatze sozial bat gerta daitekeela dio diagnostikoak, etxebizitzen prezioagatik. Ez da gerta daitekeen arrisku bat, bizi dugun errealitate bat baizik». Jean Claude Mailharinek txalotu du diagnostiko bat egin izana. «Lehen aldiz Hendaiatik Larrainera etxebizitzaren inguruko diagnostiko bat badugu». Baina hark ere deitoratu du proposatutako aterabideak ez direla nahikoak, eta abstenitu egin da.

Hirigoienek, kritikei erantzunez, esan du hautetsiek elkarlanean eraikitako plana dela, eta «harriturik» izan da planari anbizio eskasa leporatu izanaz. Eztabaidaren ondotik Jean Rene Etxegarai lehendakariak hartu du hitza: «Batzuek beti hobeki egin daitekeela diote. Ispilua hauts dezakezu igortzen dizun irudia ez bazaizu gustatzen, baina arazoa ez duzu konpontzen». Dena den, eztabaidak izanik ere, gehiengoak egin du TEParen alde.

Protestak

Batzar denboran, kanpoaldean bi protesta izan dira. Goizean, 08:30ean, CFDT sindikatuak egin du protesta, arlo sozialeko langileen eskubideen defentsan. Bigarren protesta 11:00etan iragan da: Arbonako okupazioko Bost sostengu taldeak antolatu du, eta haien oihuak entzungai izan dira batzarrean.

Françoise Gallois Uztaritzeko hautetsiak TEParen eztabaidaren harira Arbonako lurren okupazioa ekarri du gogora, eta laborantza lurren salbatzearen beharra aipatu du. 100 egun dira gaur okupazioa hasi zenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.