Atxiloketak
Bost lagun atxilotu dituzte Bizkaian kale edanaren harira
Bilbon, hiru laguni kale istiluetan parte hartzea leporatu diete; Barakaldon, kalean edaten ari ziren bi emakume atxilotu ditu Ertzaintzak.

Bost lagun atxilotu dituzte gaur goizaldean, Bilbon eta Barakaldon (Bizkaia), kale istiluetan parte hartu izana edo kalean edatea leporatuta.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, goizaldeko hiru eta erdiak aldera jendea pilatu da Bilboko Poza Lizentziatuaren kalearen inguruan, COVID-19aren kontrako osasun neurriak bete gabe. Ertzaintza bertaratu denean, bildutako batzuek Indautxu plazara eta Autonomia kalera jo dute. Hainbat taldek botilak eta bestelako objektuak jaurti dizkiete poliziei, eta zabor edukiontziak kale erdira atera dituzte. Istilu horietan, ertzainek 18 urteko lagun bat, 20ko beste bat eta 21eko beste bat atxilotu dituzte, eta desordena publikoa egotzi diete.
Barakaldon, berriz, bi emakume atxilotu dituzte. 05:00ak aldera, Ertzaintzaren patruila batek bost lagun ikusi ditu kalean, edaten. Talde horretan zeuden hiru emakumek uko egin diote identifikatzeari, eta, Ertzaintzaren bertsioaren arabera, emakume horietako batek agente bat jo du. Atentatu delitua egotzi diote, eta beste emakume bati, desobedientzia. Biak atxilo eraman dituzte. Atxilotu ez duten arrean, hirugarren emakume bati eginbideak ireki dizkiote, desobedientzia leporatuta.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.