Albistea entzun

Artea

Agur eta kolore Zumetari

Jose Luis Zumeta artista usurbildarra omendu dute jaioterrian, hil eta urte eta erdira. Usoa alabak, Mikel Telleriak, Bernardo Atxagak, Josu Zabalak eta Garik parte hartu dute.

Jakes Goikoetxea -

2021eko urriak 3 09:51

Jose Luis. Zume. Zumeta. Hirurak omendu dituzte gaur eguerdian Usurbilen: senidea, laguna eta artista. Zumetak berak 1973an jaioterriko frontisaren atzekaldean egindako mural erraldoiaren babesean, Mikel Laboa plazan. Zumeta hil zen egunean, 2020ko apirilaren 23an, herritarrek muralaren oinetan utzi zituzten "loreak eta koloreak", Usoa Zumeta alaba eta artistak gogorarazi duen moduan.

Usoa Zumetak aita hil eta gero Jesus Mari Lazkano artistak idatzitako hitzak irakurri dizkie bertaratutako dozenaka laguni, Zumeta artistaz: «Artista baten handitasuna haren eskuzabaltasunaren arabera neurtzen da. Gizarteari bere lorpenak, bere aurkikuntzak eskaintzeko gaitasunagatik. Baina ez bere aurkikuntzak bakarrik partekatzeagatik, baita bere deabruak, bere ahultasunak ere. Ateak irekitzeagatik eta bere mundua erakusteagatik. Errealitatearen konplexutasuna erakusteagatik. Gauzak emoziotik, pasiotik, umiltasunetik ikustera gonbidatzeagatik. Guztia modu naturalean sortuko balitz bezala. Horrelakoa da Zumeta».

Lazkanok, idatzi berean, zioen herri baten kalitatea haren artisten neurriaren arabera ere neurtzen dela. «Zumeta ezinbestekoa da», nabarmendu zuen Lazkanok. «Gure artean egongo ez balitz, asmatu egin beharko genuke. Baina elkarrekin partekatzeko zortea dugu». Pintura «entzuteko» gaitasuna goraipatu zuen: «Zumetarentzat koadroak aukera guztiak ezkutatzen ditu. Bide onetik gidatzen uztea baino ez da behar. Haren tresnak soilak dira: kolorea, jarrera eta haren begien dirdira. Eta haren begirada bizia, asmatzeko kolore berrien bila. Horrelakoa da Zumeta».

Jose Luis, baina, Usoaren aita zen. Faltan du egunero aitak lana bukatzen zuenean haren estudiora sartu eta egunean egindako lana ikustea, batzuetan aitarekin berarekin, askotan bakarrik. «Hori eman zigun aitak: edertasunez inguratuta bizitzeko aukera», gogoratu du Usoa Zumetak. 40 urte lehenago sortutako ametsa gauzatzea lortu zuen: estudio bat jaioterrian bertan. Herrira itzultzea. Artista eta Jose Luis. Estudioan lan egin eta gero, tabernan lagunekin topatzea. Asteazkenetan musean aritzea.

Omenaldian izan dira Koldobika Jauregi artista, Ruper Ordorika, Joseba Tapia eta Juan Carlos Perez musikariak, eta beste hainbat. Lagun eta ezagun asko. Horietako batzuek omenaldian parte hartu dute. Mikel Telleriak Zumeta hil eta gero sortutako abestia kantatu du. Zumetak BERRIAri eskainitako elkarrizketa batean esandakoa irakurri eta gero sortu zitzaion kanta egiteko premia. Elkarrizketa hartan, Zumetak zioen berarentzat pintatzea ezinbestekoa zela: «Ez badut pintatzen, ez naiz ongi aurkitzen. Oreka bilatzeko da, eta bizitzeko gogoa».

Bernardo Atxagak Hans Menscher ipuina irakurri du, Obabakoak liburuan ageri dena, baina berez Zumetaren Papiroak erakusketarako sortua, Ipuina Zumeta pintore lagunarentzat izenarekin, 1985ean. Atxagak gogoan izan du duela 30 urte lagunartean biltzen zirela Zumeta, Mikel Laboa, Marisol Bastida, Gabriel Ramos Uranga, Karmelo Ortiz de Elgea, Vicente Ameztoi...«Lagunarte zabal hartan ikasi eta hezi ginen». Josu Zabalak esan du haientzat ohore bat izan dela omenaldian parte hartzea. Garik eta biek Hertzainak taldearen bi kanta abestu dituzte: Ta zer ez da berdin eta 564.

Usurbili oso lotutako artista izan da Zumeta, eta, Agurtzane Solaberrieta alkatearen iritziz, «Usurbil ezin da ulertu Zumetarik gabe: binomio banaezinak dira». Haren apaltasuna nabarmendu du, herrian eta herritik kanpo utzitako arrastoa. «Gure herriari arnasa emateraino. Zumetaren mundu artistikoa osagai ezinbestekoa da gure iruditerian».

Jose Luis Zumetak, hil aurretik, etxekoei esana zien zer epitafio nahi zuen: «Aukeran, tabernan nahiago». Aurreskuarekin omenaldia bukatu, talde txikietan lagunekin eta ezagunekin elkartu, eta, Zumetak nahi bezala, tabernen bueltan jarraitu du artistari egindako omenaldiak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eñaut Zubizarreta musikaria, atzo, Ahotsenea gunean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Bat, bi, bat, bi, hiru, lau

Iñigo Astiz

Murrizketekin ere, aurten Durangoko Azokako guneek berreskuratu egin dituzte beren programak, eta, murrizketak murrizketa, poza azaldu dute arduradunek, berriz ere jendeari aurrez aurreko saioak eskaini ahal izateagatik.

Ibai Aizpuruari beka emateko agerraldia. Ezker eskuin, Nerea Mujika, Ima Garrastatxu, Aizpurua eta Lorea Arakistain. ©Durangoko Azoka

‘Barraka’ euskarazko abentura bideo jokoak irabazi du Durangoko Azokako laugarren sormen beka

Ainhoa Sarasola

Ibai Aizpurua diseinatzaile eta programatzaile irundarrak eskuratu du 15.000 euroko laguntza, urtebeteko epean bere proiektua garatzeko. Heldu den urteko azokan aurkeztuko du emaitza.

 ©LARA MADINABEITIA / BERRIA

«Sortzailea hari honetan alderik makalena da, maiz zaintzen ez dena»

Andoni Imaz

Lagunak dira Morales eta Landabaso; biak Bilbotik etorri dira Durangora. Morales saltzera etorri zen lehenengoz, eta Landabaso, umea zela. Urte osoan erosten ez dituzten bitxikerien bila etortzen dira gaur egun.

Maia Iribarne eta Paxkal Irigoien musikariak eta <em>Bañolet</em> websailaren egileak, atzo, Durangoko 56. Azokan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Heldu bilakatzearen konkista

Itziar Ugarte Irizar

Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoienek 'Bañolet' websailaren aurrerapena aurkeztu dute, iaz sormen beka irabazi ondotik. Bederatzi kantuko diskoa ere kaleratu dute: 'Bañolet kantuz'

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.