Zerga iruzurra

Munduko ehunka dirudunen zerga iruzurrak azaleratu dituzte

Pandoraren paperak kazetaritza ikerketaren berri eman dute. Zerga paradisuetan sozietateak sortzera bideratutako hamalau abokatu bulegotako dokumentuen filtrazio handi batean oinarritua da ikerketa. Oraindik ez da jakina zerrendan euskal herritarrik ote den.

Sebastian Piñera Txileko presidentea, joan den astean. NATHALIA AGUILAR, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko urriaren 4a
10:54
Entzun

Panamako paperak auzia piztu eta bost urtera ailegatu da eztanda: Pandoraren paperak izeneko kazetaritza ikerketa aurkeztu dute ehunka kazetarik, eta bistan gelditu dira hainbat herrialdetako ehunka dirudunen ustelkeria kasuak. Izan ere, 2016ko eskandaluak egin bezala, ikerketak argitara atera ditu aberats askok beren herrialdeetako ogasunei eginiko iruzurrak. Jakinarazi dutenez, agirietan azaltzen dira, besteak beste, 330 politikari eta kargudun publiko baino gehiago eta munduko aberatsenen Forbes zerrendako 133 pertsona. 1971 eta 2018 artean sortutako 27.000 konpainia baino gehiago dira auzian inplikatuak. Ia 30.000 onuradun dira horietan.

Jakinarazi dutenez, zerga iruzurraren gaineko ikerketak ia bi urte iraun du, eta 11,9 milioi artxibo baino gehiago izan dituzte aztergai. Tartean izan dira dokumentu idatziak, kalkulu orriak, posta elektronikoak eta irudiak. ICIJ kazetari elkarteak koordinaturik, munduko 117 herrialdetako 600 kazetarik baino gehiago hartu dute parte ikerketan. Hala nola ikerketan izan dira, Le Monde, The Guardian, The Washington Post, L’Espresso, La Nación eta El País. Auzian inplikatuak diren dirudunen izenak jakinarazteko garaian, ikerketan parte hartu duen hedabide bakoitzari bere herrialdekoak diren pertsonen datuak ematen zaizkio.

Izenen zerrenda

Pixkanaka emanen dute izenen berri, baina dagoeneko izen ugari jakinarazi dituzte. Besteak beste, agirietan azaldu dira Txekiako Errepublikako lehen ministro Andrej Babis, Ekuadorko presidente Guillermo Lasso, Ukrainiako presidente Volodimir Zelenskieta, Erresuma Batuko lehen ministro ohi Tony Blair eta Txileko estatuburu Sebastián Piñera. Azken horri dagokionez, Txileko Gobernuak ohar bat atera zuen atzo, Piñerak iruzurra egin duela gezurtatzeko. Zehazki, ikerketak azaleratu du Txileko presidenteak Minera Dominga enpresaren salmentan parte hartu zuela haren lehen legegintzaldian, Birjina Uharteetako zerga paradisua baliatuz.
Horiez gainera, Pandoraren paperak ikerketan azaldu dira nazioartean ospe handia duten beste hainbat pertsona ere: adibidez, Pep Guardiola futbol entrenatzaile katalana, Shakira abeslaria, Elton John kantaria, Claudia Schiffer modeloa eta Jordaniako errege Abdala I.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.