Okupazioa

Arrakala gunea hustu izanaren «izaera politikoa» salatu dute

Gaur hasi da guneko hiru kideren aurkako auzibidea Bilbon

AZETeko kideek egindako agerraldia, Bilbon. FOKU
gotzon hermosilla
2021eko urriaren 4a
11:42
Entzun

Bilboko Arrakala guneko hiru kideren aurkako auzibidea abiarazi dute gaur. Horri aurre egiteko, AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak agerraldia egin du eraikin okupatua zegoen lekuan, eta geroago elkarretaratzea egin dute Bilboko epaitegien aurrean, eraikina hustu izanaren eta prozedura judizialaren «izaera politikoa» salatzeko.

Martxoan okupatu zuten Bilboko Unamuno plazako eraikin bateko solairu bat, urteetan hutsik egondakoa, «miseriak jotako auzokideen behar materialak asetzeko» helburuz. Arrakala izena jarri zioten guneari, eta irekita egon zen bitartean AZET taldeko egoitza, auzokide etxegabetuen larrialdiko etxebizitza eta elikagaien herri biltegi gisa ere erabili zuten, «jabetza pribatuari aurre egitea helburu duen proiektu politikoaren etxe eta aterpe», etxebizitza sindikatuko kideek esan dutenez.

Baina Arrakala abian jartzearekin batera hasi zen «jazarpen poliziala»: agerraldian salatu dutenez, hainbat kide identifikatu zituzten, haietako batzuei etxeraino jarraitu zieten, bideoz grabatu zituzten, eta sindikatuko kideek horren kontrako elkarretaratzea egin zutenean, Bilboko udaltzainek isuna jarri zieten, «jazarpen polizialaz hitz egiteak adierazpen askatasunaren mugak gainditu» egiten dituela argudiatuta.

Azkenean, maiatzaren 11n hustu zuten solairua, eta han zeuden hiru kide identifikatu egin zituzten. Tentsio handiko egunak izan ziren haiek Bilboko Zazpikaleetan; izan ere, egun batzuk lehenago Desokupa enpresako kideek iragarri zuten Bilbora joatekoak zirela gune okupatu bat hustera, eta horren aurkako mobilizazio handiak egin zituzten Bilboko hiriburuan. Orotara, Arrakalako kideek hiru isun jaso dituzte mozal legea deritzona ezartzearen ondorioz, eta hiru kideren kontrako bide penala abiarazi dute.

AZETeko kideek Bilboko Udala egin dute gunea hustu izanaren «arduradun politiko», eta erantsi dute gertatutakoa ezin dela «testuinguru orokorretik» bereizi: «Hilabeteak dira osasun publikoaren izenean askatasun politiko eta zibilak murrizten ari direla. Gure kaleak eta plazak borrokan dauden lurralde bihurtu dira, non ekoizpen jarduera ez den guztia kriminalizatuta dagoen eta erreprimitua den».

Agerraldia egiten ari ziren bitartean, sostengua ematera joandako auzokideek Mallonako eskailerak hartu dituzte, eta, pankarten bidez Espekulazioari eta errepresioari stop eta Autodefentsaz espekulazioari aurre egin leloak osatu dituzte. Beste mobilizazio baterako deia ere egin dute: datorren ostiralean izango da, urriak 8, 18:30ean, Unamuno plazatik abiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.