GARUN PARALISIA

50 urte bete ditu gaur Gipuzkoako Aspace elkarteak, eta urte osoko programazio zabala iragarri dute

Zikloari hasiera emateko, ekitaldi jendetsua egin dute Donostiako Tabakaleran.

Tabakaleran egin duten ekitaldia, gaur goizean. ANDONI CANELLADA/FOKU
jone arruabarrena
2021eko urriaren 4a
16:01
Entzun

Mende erdi. Hori da Gipuzkoako Aspace elkarteak martxan daraman denbora. Gaur ospatu dute urteurrena, Donostiako Tabakaleran. Elkarteko parte hartzaileak izan dira protagonista nagusiak: erabiltzaileak, familiak, langileak eta elkarteko boluntarioak. Hain zuzen, Endika Markotegi elkarteko erabiltzaileak aurkeztu du saioa, Julian Iantzirekin batera.

Ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko Presidentea, Maite Peña Gizarte Politiketako Diputatua eta Eneko Goia Donostiako alkatea, besteak beste.

Ekitaldiari hasiera eman ondoren, ikus-entzunezko baten bidez laburtu dute elkartearen 50 urteko ibilbidea. 1971. urtean abiatu zuten zazpi senidek, Garun Paralisiaren Elkartearekin. Sortzaile horiek eta beraien senideak omendu nahi izan dituzte gaurko ekitaldian, eta eszenatoki gainera igotzearekin batera, oroigarri bat oparitu diete antolatzaileek. Ez dira bakarrak izan: elkarteko kide ugari agertu dira eszenatokian. Erabiltzaileek, langileek edo senideek, besteak beste, eman dituzte beren testigantzak. «Asko egin dugu, baina oraindik ere asko dago egiteko, eta gizarte osoaren babesa behar dugu aurrera egiteko», adierazi du Lurdes Kerexeta langileak.

Iñigo Urkulllu lehendakariak ere hartu du hitza ekitaldiaren amaieran, eta eskerrak eman dizkie Aspaceren sortzaileei: «Hau ez zen posible izango elkartea sortu zuten familiak hor egon ez balira. Beren gain hartu zuten garun paralisia daukatenen eskubideen aldeko borroka, ikusgarritasuna, integrazioa... Aitzindariak, ausartak eta arduratsuak izan zineten». Pandemian zehar elkarteak egin duen lana ere nabarmendu du, eta adierazi du Aspacek garrantzi handia daukala bai arlo sozialean eta bai osasun arloan. Horrez gain, jakinarazi du Jaurlaritzak bi arlo horiek bideratzeko estrategia berri bat aurkeztuko duela hurrengo asteetan.

Elkarrekin bai

Urteurrenaren harira, Elkarrekin gai gara kanpaina ere aurkeztu dute. Kanpaina horrekin, hasiera eman diote Aspaceren ibilbidea omentzeko antolatu duten programazioari. Hilabetero ekitaldi bat antolatuko dute elkarteak lan egiten duen Gipuzkoako herri bakoitzean, eta 2022an bukatuko da zikloa, Aspace Egunarekin batera.

Urte osoan antolatuko dituzten egitasmoekin, ibilbide osoan jaso duten babesa «eskertu» nahi dute, eta, horrekin batera, Aspace ikusarazi eta «lagun sarea zabaldu», «garun paralisia duten pertsonen eskubideetan aurrera» egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.