Albistea entzun

Energia

Gas biltegiekin egin nahi dio aurre Europako Batasunak argindar garestiari

Neurriak hartzeko prest dago Brusela, baina prezioak ezartzeko sistema asko ukitu gabe. Markak hautsi dituzte gasaren eta argindarraren prezioek.

Kadri Simson Energia komisarioa, gaur, Estrasburgon.
Kadri Simson Energia komisarioa, gaur, Estrasburgon. Jean-Francois Badias / efe Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2021eko urriak 6

Herritar eta enpresa gehienak baino beranduago bada ere, azkenean ohartu da Europako Batasuna arazo bat duela energia garestiarekin. Bruselak jakinarazi du datorren astean neurri sorta bat iragarriko duela, eta nagusiki gasari erreparatuko diola, hura delako argindarraren garestitzearen atzean dagoen faktore nagusia. Neurriak motz geratzeko arriskua dutela ohartarazi diote Frantziak, Espainiak, Errumaniak, Greziak eta Txekiar Errepublikak, eta argindarraren prezioa kalkulatzeko sistema erreformatzeko eskatu diote, gasak ez dezan baldintzatu argindarraren beste iturri guztien prezioa.

Udaz geroztik ia egunero ari dira markak hausten gasaren eta argindarraren prezioak, eta petrolio bera ere 2018ko mailara itzuli da. Gaurkoa ez zen salbuespena izan, eta errekor berriak hautsi ziren. Esaterako, azaroan entregatu beharreko gasaren prezioa %25 garestitu da egun bakarrean, eta 155 eurora iritsi da megawatt-ordua —hemezortzi euroan zegoen duela sei hilabete—. Hori bai, arratsaldean prezioak behera egin du nabarmen, Vladimir Putin Errusiako presidenteak iragarri ondoren merkatua egonkortzen lagunduko zuela.

Argindarraren MWh, berriz, 300 euroren bueltan egongo da bihar handizkako merkatuan: 307 euro Italian, 302 Alemanian, Belgikan eta Herbehereetan, 298 Frantzian, 288 Espainian eta Portugalen... Duela urtebete, 43 euroan salerosi zen Iberiako merkatu batuan.

Espainiak «neurri ausartak» nahi ditu

Garestitze horrek energiaren fakturak loditu dizkie herritarrei eta enpresei, eta EBko ekonomiaren suspertzea trabatzen hasia dela dioten lehen zantzuak iristen ari dira. Europako Legebiltzarrak gaur jorratu zuen gaia, eta organo horretan azaldu du Kadri Simson Energia komisarioak urtea bukatu aurretik proposamen bat egingo dutela gasaren merkatua erreformatzeko. Neurrien artean espero dira gas biltegiratze komun bat egitea —oraingo prezioen arrazoietako bat da biltegi horiek erdi hutsik daudela—, eta gas erosketa bateratuak egitea.

Simsonen arabera, datorren astean argituko die estatukideei zer egin dezaketen argindar garestiak «gizartean duen eragina arintzeko eta familia zaurgarrienak babesteko», hala nola argindarraren gaineko zergak txikitzea eta laguntza zuzenak ematea.

Neurri horiek jada hartu ditu Espainiako Gobernuak, eta horregatik ari da orain gehiago eskatzen. «Pena izango litzateke eta gutxi konponduko luke Batzordea minimoen proposamen batekin etortzea [...] Har daitezkeen neurriak badakizkigu, eta ez da nahikoa», esan zuen atzo Teresa Ribera Espainiako Energia Trantsiziorako ministroak. «Erabaki ausart bat» nahi du Riberak, hau da, argindarraren prezioa ezartzeko EBk jarritako sistema marginalista erreformatzea— iturri denek iturri garestienaren prezioa jasotzen dute—, gasak ez dezan gaur egun prezioak finkatzeko duen pisua izan.

Ribera ez da gustura izango Simson komisarioaren erantzunarekin, hark ukatu egin baitzuen EBko argindar merkatuaren diseinua dela garestitzearen erruduna. Energia kontuetan Madrilekin eskuz esku doan arren, Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak onartu zuen EB ez dagoela «heldu» sakoneko erreforma baterako.

CO2 merkatua, ez ukitu

Bruselak nekez jarriko du auzitan CO2 isurtzeko eskubideen merkatua, haien garestitzea ere energiaren prezio handiaren erantzuleetako bat den arren —gasa eta ikatza erretzen duten zentral elektrikoek kutsatzeko eskubide horiek ordaindu behar dituzte—. CO2 merkatuaren eragina «oso txikia» dela argudiatu zuen atzo klima larrialdiaz arduratzen den EBko lehendakariordeak, Franz Timmermansek. Berez, Bruselaren asmoetako bat da enpresa kutsatzaileek ez ezik, herritarren berogailuek ere ordaintzea CO2 isurketa eskubideak, hartara karbono emisiorik gabeko trantsizioa bizkortzeko. Estatukide asko azaldu dira proposamen horren aurka, batez ere une honetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Galapago uharteetako dortoka erraldoi bat, 2021ean. ©DANIELA BRIK / EFE

Zorra murriztea, natura zaintzearen truke

IƱaut Matauko Rada

Ekuadorrek zor publikoa 1.100 milioi dolar apaltzea lortu du, Galapago uharteak zaintzearen truke. Halako tratuak egin izan dira, baina klima aldaketak jotako herrialdeentzat aukera izan daiteke etorkizunerako.
Kevin McCarthy Ordezkarien Ganberako presidente errepublikanoa, zorraren mugari buruz negoziatzen. ©Yuri Gripas / Efe

Zorraren mugaren ituna, AEBetako Kongresuko kideen esku

Iker Aranburu

Joe Bidenek eta errepublikanoek asteburuan lortu dute akordioa AEBek bere zorra handitu ahal izateko, eta orain beren alderdikide askoren uzkurtasuna gainditu behar dute

Michelinen Gasteizko fabrikaren ataria, artxiboko irudian. ©Raul Bogajo/Foku

Michelinen Gasteizko lantegiko greba egunak atzeratu dituzte

Aitor Biain

Ekainaren 5ean, 7an, 10ean eta 12an izango dira. Bihar elkarretaratzea eta manifestazioa egingo dituzte.

Finantza alorreko irakasgaiak hautazkoak dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. ©BERRIA

FINANTZAK: MILA BIDER GALDERA

Maddi Iztueta Olano

Ebakia hamar zentimo garestitu da, interes tasek gora egin dute, eta ireki da errenta aitorpena egiteko epea. Hala diote egunkarietan, eta, zalantzak, airean. Adituen arabera, asko dago ikasteko finantzen inguruan, eta arrisku handia dakarte itsu-itsuan hartzen diren erabaki ekonomikoek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.