Koronabirusa

Labi osteko aldia: zenbait gako

Bertan behera geratu da osasun larrialdia, eta gaur arte indarrean izan diren neurri murriztaile gehienak indargabetuta geratu dira. Besteak beste, espazioetako edukieran, kultur eta kirol ekitaldietan eta ostalaritzan aldaketak eragingo ditu aro berriak.

2021eko urriaren 7a
11:18
Entzun

Gaur geratu dira bertan behera COVID-19aren kontrako neurri murriztaile gehienak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak iazko abuztuaz geroztik indarrean zen larrialdia indargabetu eta Labiren aholku batzordea desegin ondotik. Espazio publikoen zein pribatuen gehienezko edukierari, ordutegiei eta talde bilkurei eragiten zieten muga ia guztiak indargabetu egin dira, horrenbestez.

Hauek dira neurri aldaketen inguruan sor daitezkeen galderetako batzuen erantzunak:

Zer aldaketa izango dira ordutegietan?

Larrialdiaren aurretik zeuden ordutegiak berrezarriko dira jarduera sozioekonomikoen eta kulturalen kasuan. Ostalaritzako establezimenduei dagokienez, indargabetu egingo da gehienez ere 03:00ak arte zabalik izateko muga, eta lokal horiek ematen duten zerbitzuagatik dagozkien ordutegiak mantenduko dituzte.

Zenbatekoa izango da gehienezko edukiera espazio itxietan?

Espazio irekietan %100ekoa izango da edukiera, eta baita 5.000 pertsonarentzako baino gehiagorentzako espazioa ez duten lekuetan ere. Kopuru horretatik gorakoetan, eta betiere espazio itxiak badira, %80koa izango da gehienezko edukiera baimendua. Instalazio horietarako sarbideetan eta irteeretan osasun protokoloak bete daitezen eskatzen du Eusko Jaurlaritzaren dekretu berriak; eta, batez ere, jende asko hartzeko aukera duten guneetan.

Tabernetan zutik kontsumitu ahalko da?

Bai. Gaurtik aurrera indargabetu egingo da tabernetan zutik nahiz barran kontsumitzeko debekua. Halaber, espazio horietan ez da mugatuko elkartutako jende kopurua. Gaur arte, gehienez ere zortzi lagun egon zitezkeen batera taberna barruetan, eta hamabi, berriz, terrazetan. Neurri hori bertan behera geratuko da.

Ekitaldietan kontsumitu ahalko da?

Kultur eta kirol ekitaldietan nahiz erabilera publikoko espazioetan egiten diren bestelakoetan ezin izango da elikagairik eta edaririk kontsumitu, ura izan ezik. Salbuetsita daude ostalaritza nahiz sukaldaritza jarduna baimendua duten espazioak.

Maskara erabiltzen jarraitu beharko da?

Espainiako Gobernuak araututako neurria da maskararen erabilera, eta, beraz, orain arte izan den moduan, sei urtetik gorakoentzat nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea leku itxietan eta pertsonen artean metro eta erdiko distantzia mantentzea ezinezkoa den kasuetan. Espazio irekietan ere beharrezkoa izango da, baldin eta gutxieneko distantzia bermatzea ezinezkoa bada. Ostalaritzako establezimenduetan ere nahitaezkoa izango da, eta elikagaiak edo edariak kontsumitzeko momentuan bakarrik kendu ahalko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.