Energia

Argindar erreformaren neurri nagusia negoziatzeko prest dago Ribera

Zentral nuklearrek, hidraulikoek eta eolikoek jasotzen duten gainsaria itzuli behar izatea airean dago, garestitzea uste baino handiagoa izan delako. bKonpainia elektrikoekin negoziatuko du gobernuak

Teresa Ribera, Espainiako Trantsizio Energetikorako ministroa. JULIEN WARNAND / EFE
Iker Aranburu.
2021eko urriaren 7a
11:59
Entzun

Kolokan dago argindarraren faktura jaisteko asmoz Espainiako Gobernuak indarrean jarri duen neurri nagusia: konpainia elektrikoek estatuari itzularaztea energia hidraulikoak, nuklearrak eta eolikoak jasotzen duten gainsariaren zati handi bat. Puntu hori bertan behera uzteko edo aldatzeko prest dago Teresa Ribera Trantsizio Energetikorako ministroa, eragiten ari baita energia iturri horietako batzuk ez piztea, haien esanetan, ­ez zaielako errentagarri ateratzen.

Riberak jakinarazi du hurrengo egunotan argindar konpainiekin bilduko dela, garestitzearen aurkako zer neurri har daitezkeen aztertzeko, eta berretsi egin du bere gobernua prest dagoela bere erreforma tiraderan sartzeko, baldin eta Europako Batasunak estatukide guztiei eragiten dizkieten neurriak hartzen baditu.

Cinco Dias egunkariak kaleratu du Ribera erreformaren atal eztabaidatuetenean atzera egiteko prest legokeela, eta informazio horri sinesgarritasuna eman diote burtsek, konpainia elektrikoen akzioek gorantz egin zutela: %7 Iberdrolarenak, %4,3 Endesarenak eta %1,7 Accionarenak.

Irailaren erdialdean Espainiako Gobernuak onartutako dekretuak esaten du argindar konpainiek itzuli egin behar dutela zentral hidroelektrikoek eta nuklearrek megawatt-orduko hogei eurotik gora jasotzen duten diru guztia. Beren ekoizpena ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko kontratu zuzenen bidez saltzen duten zentral eolikoei ez die eragiten gainsariaren gutxitzea, baina bai elektrizitatea sare orokorrean uzten dutenei.

Madrilek kalkulatu zuen 2.600 milioi itzuli beharko zituztela enpresek eta, horrekin —eta CO2 isurketa eskubideen salmentak kutxa publikoei ematen dizkien 900 milioi euroekin—, tarifa elektrikoak gaur egun estaltzen dituen karguen %96 estali ahal izango direla (berriztagarrien sustapena, uharteetara argindarra eramateko kostuak, XX. mende hasierako defizita estaltzea...), eta, hartara, kontsumitzaileek ez dituztela pagatu beharko.

Zentral batzuk, itzalita­

Baina dekretua onartu zenetik asko garestitu da argindarra handizkako merkatuan —153 euro megawatt-orduak irailaren 14an, 288 euro atzo eta 230 euro gaur—, eta horrek dakar zentral elektrikoek askoz diru gehiago itzuli behar izatea. Haien arabera, hain prezio handiekin ez zaie errentagarria zentral batzuk piztea, gehiago delako itzuli behar dutena lortzen dutena baino. Asteburuan, esaterako, 2.000 MWh-eko potentzia duten haize errotak itzalita izan ziren preziorik apaleneko orduetan. Riberak ikerketa eskatu dio CNMC merkatuen gainbegiraleari.

Espero da Riberaren eta sektorearen arteko elkarrizketak bizkorrak izatea, Kongresua datorren ostegunean berretsi behar duelako iraileko dekretua.

Konpainia elektrikoek, eta bereziki Iberdrolak, oso gogor jo dute dekretuaren aurka. Lehenik eta behin, zentral nuklearrak dagokiena baino lehenago itzaltzeko mehatxua egin zuten. Ondoren, Iberdrolak iragarri zuen energia berriztagarrietan egin beharreko inbertsioak etengo zituela, segurtasun juridikorik ez zuela argudiatuta. Gainera, Bilbon egoitza duen konpainiak jakinarazi zuen ez dietela eutsiko bezero handiekin zituzten epe luzeko kontratuei. «Izugarrizko interbenzionismoa» salatu du Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak, baina prest azaldu da gobernuarekin negoziatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.