Hezkuntza

Eusko Jaurlaritzak ia 13,8 milioi euro emango dizkie ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei

2020-2021eko ikasturtean baino ia 350.000 euro gehiago jasoko dituzte. Ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten sei ikastetxeri emango dizkiete laguntzak: neskak soilik hartzen dituzten Arangoyari, Ayalderi eta Eskibeli eta mutilentzat soilik diren Munaberi, Eraini eta Gazteluetari.

Mutilentzat bakarrik den Erain ikastetxea, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urriaren 7a
15:57
Entzun

Ezagutarazi egin dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeek administrazioarekin egindako itunen bidez zenbat diru jasoko duten. Horien artean daude neskak eta mutilak bereizten dituzten ikastetxeak ere. Eusko Jaurlaritzak mota horretako sei ikastetxe itundu ditu: lau Bizkaian daude —Arangoya Bilbon, Ayalde eta Munabe Loiun, eta Gaztelueta Leioan—, eta bi Gipuzkoan —Eskibel Donostian, eta Erain Irunen—. Neskek soilik ikas dezakete Arangoyan, Ayalden eta Eskibelen, eta mutilak soilik hartzen dituzte Munabek, Gazteluetak eta Erainek.

Eusko Jaurlaritzak ia 13,8 milioi —zehazki, 13.779.120,9 euro— emango dizkie ikasturte honetarako ohiko gastuetarako —adibidez, behar bereziak dituzten umeengatik beste diru laguntza batzuk izaten dituzte—, iaz baino ia 350.000 mila euro gehiago. Horrela banatuko dute: 4,5 milioi pasatxo jasoko ditu Ayaldek; 3,8 milioi baino gehiago Gazteluetak; bi milioi pasatxo Munabek; 1,3na milioi Eskibelek eta Erainek; eta 700.000 pasatxo Arangoyan.

Iazko ikasturtean baino finantzaketa handiagoa izango dute guztiek, Ayaldek izan ezik: 36.000 euro gutxiago jasoko ditu; aldiz, finantzaketa igo diete gainerako guztiei: 100.000 euro gehiago jasoko ditu Gazteluetak; 175.000 gehiago Munabek; 87.000 gehiago Arangoyak; eta 10.000na euro gehiago Eskibelek eta Erainek.

LOMLOE Espainiako Hezkuntza lege berriak —iazko abenduan onartu zuten— debekatu egiten du neskak eta mutilak banatzen dituzten eskolak diruz laguntzea. BERRIAri Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik azaldu diotenez, legearen aurretik egindako itun bat da egun indarrean dagoena, eta horregatik jarraitzen dute ikastetxe horiei dirua ematen. Egungo hitzarmena 2016-2017ko ikasturtetik dago indarrean, eta aurtengo ikasturtean amaituko da. Hezkuntza Saila «azterketa juridikoa» egiten ari da, ikastetxe horien finantzaketari dagokionez zer egin dezaketen aztertzeko.

D eredurik ez

Neskek eta mutilek bereizita ikasten duten ikastetxe horietako bakar batek ere ez du eskaintzen D eredua —eskolak euskara hutsez ematen dituztena, gaztelaniako ikasgaia izan ezik—. B eredua Ayalden, Gazteluetan, Eskibelen eta Erain Txikin soilik eskaintzen dute. Euskarak, berriz, presentziarik handiena Gazteluetan du: B eredua —erdia gazteleraz eta erdia euskaraz— daukate HH Haur Hezkuntzan eta LH Lehen Hezkuntzan. Beste ikastetxe guztietan aukera daukate ikasketa guztiak A ereduan —dena gazteleraz, euskara ikasgaia izan ezik— egiteko. Ikasgela gutxi batzuetan soilik ari dira B ereduan: Ayalden, HHko lau ikasgelatan; eta Eskibeleko HHko bi ikasgelatan, eta Erain Txikiko beste bitan —Erainen Haur Hezkuntzako eskola—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.