Lan osasuna

Langile bat hil da Eltziegoko upategi batean

Makina bat gainean erori zaio, eta ezin izan dute atera.

Bodegas Eguia upategia, Eltziegon. ALEA-GOOGLE MAPS
2021eko urriaren 8a
12:51
Entzun

Langile bat hil da gaur goizean Eltziegoko Bodegas Eguia upategian, lan istripu baten ondorioz. Antza denez, robot makina bat gainean erori zaio, eta harrapatuta gelditu da; hainbat kide ateratzen saiatu dira, baina hilda iritsi da ospitalera.

Hildakoak Jose Antonio Entrena Garcia Garru zuen izena,56 urte zituen eta Eltziegon bizi zen. Urte asko zeramatzan Eguia upategian lanean.

Iturri sindikalek Alea-ri jakinarazi diotenez, LAB sindikatuko ordezkaria zen lantokian, baita prebentzio ordezkaria ere. Sindikatu abertzaleak «elkartasun eta babes osoa" adierazi die hildakoaren familia eta gertukoei.

Lan heriotza salatzeko, sindikatuek elkarretaratzea deituko dute datorren asteazkenean, 12:00etan, Eltziegoko plazan.

LAB sindikatuak bere webgunean daraman zenbaketa aintzat hartuz gero, aurten Euskal Herrian lan egiten ari zela hildako 49. langilea da Entrena.

ELAren zenbaketak, ordea, 50. biktima dela dio. Sindikatu batek zein besteak salatu dute ezbeharra, eta enpresen eta administrazioen arduragabekeriari egotzi diote urtero gertatzen diren lan istripu ugariak.

Azken-aurrekoa, marinel bat

Joan den astean gertatu zen azken-aurreko istripu hilgarria, Frantziako kostaldean arrantzan zegoen Ondarroako Kaxarra ontzian. Antza denez, Abdoulaye Diome 27 urteko gazteak polea handi baten kolpea hartu zuen sabelean. Istripua izan eta berehala zerbitzu medikoetara deitu zuten, eta porturako bidea hartu, baina heldu zirenerako hilda zegoen Diome. Hamar urte zeramatzan Ondarroan bizitzen, Senegalgoa zen jatorriz, eta bi seme-alaba zituen.

Duela urtebete eskas, 2020ko urriaren 7an, beste istripu hilgarri bat gertatu zen Arabako Errioxako upategi txiki batean, Espada Ojedan (Lapuebla de Labarca). Upategiaren jabeetako bat, Daniel Espada (56 urte), eta haren lehengusu Marcos Gallurralde (53 urte) hil ziren. Ardoa egiten ari zirela, bietako bat mahatsez betetako andel batera erori zen. Bestea hari laguntzen ahalegindu zen, baina hura ere jausi egin zen, eta biak zendu ziren. Kontuan izan behar da ardoaren hartzidura prozesuan erabiltzen diren gasak toxikoak direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.