Albistea entzun

Epaiketa

Fiskalak Egoitz Urrutikoetxea kartzelan ez sartzeko eskatu du

Epaiketaren bigarren saioa egitn dute gaur Parisen, eta lekukoek hartu dute hitza. Prokuradoreak lau urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuaren kontra, baina betetzeko beharrik gabe. Defentsako abokatuek Egoitz Urrutikoetxea errugabetzeko eskatu dute. Azaroaren 17an emanen du erabakia epaitegiak.

Egoitz Urrutikoetxea, 2020ko irailean
Egoitz Urrutikoetxea, 2020ko irailean Bob Edme Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi -

2021eko urriak 8

Terrorismoaren kontrako Frantziako ministerio publikoko prokuradoreak adierazi du ez diola «zentzurik ikusten» Egoitz Urrutikoetxea kartzelan sartzeari. Atzo eta gaur ari dira ezker abertzaleko militantearen kontrako epaiketa egiten Parisko Zigor Auzitegian, 2003an eta 2005an ETAko kide izatea eta helburu terroristak zituen gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta. Bere kontrako akusazioak oinarrituak direla kontsideratuta, lau urteko kartzela zigorra eskatu du Urrutikoetxearen kontra prokuradoreak, betetzeko beharrik gabe. Horrez gain, auziperatua Fijait arau-hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan izendatzeko eskatu du. Defentsako abokatuen hitzetan, aurkeztutako elementuak «ezdeusak» dira, eta ez dago «inolako zantzurik» etakide izan zela eta gaizkile elkarteko kide izan zela frogatzeko; Urrutikoetxea errugabetzeko eskatu dute. Azaroaren 17an emanen du bere erabakia epaitegiak.

Auziperatuari galdeketa luzea egin zioten epaileak eta prokuradoreak atzo arratsalean. Gaur, lekukoen txanda izan da: Josu Urrutikoetxea —akusatuaren aita—, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Monique Elgoihen Lexantzüko auzapeza (Zuneroa), eta Alain Tellier polizia ohia deitu dituzte defentsako abokatuek. Akusazioak ez du inor aurkeztu.

Saioa hasi aurretik, Urrutikoetxeari sostengua agertu dio EHBaiko Xabi Larraldek. Halako auziak «jokoz kanpo guztiz» ikusten dituztela adierazi du, eta Aieteko hamargarren urteurrena dela gogoratu du. Urrutikoetxea aske uzteko eskatu du, eta Parisi eta Madrili esan die Euskal Herrian zabalduriko fasearekin bat datozen neurriak hartzeko.

Saioa hasi eta berehala, Alain Tellier polizia ohiak hartu du hitza, bideokonferentziaz. 1989tik 2015 arte Baionako polizia judizialeko burua izan zen; «euskal arazoaz» arduratzen zela esplikatu du. Auziperatua ezagutzen ote duen galdetu dio epaileak. Irribarre bat atera zaio polizia ohiari, eta Urrutikoetxearen kontrako hiru atxiloketetan parte hartu zuela erran du. Ez du bere baitarik adierazpenik eginen; galderak erantzunen ditu.

Bere garaian idatzi zuen dokumentu bati buruz galdetu dio epaileak. 2005eko irailekoa da dokumentua, eta Egoitz Urrutikoetxea Laskibarri buruzko egiaztatzea izenburua du. 2003ko udazkenetik auziperatua klandestinitatean sartu zela baieztatu zuen horretan. Garaian Urutikoetxea bilatzeko egin zituzten saiakerez galdetu dio epaileak. Lekukoak erantzun du Urrutikoetxea lehen aldiz ezagutu zuela kale erasoei lotutako operazio batean. Gerora bere beste atxiloketa batzuetan ere parte hartu zuen.

Bere etxebizitzara joan ziren, «ezagutzen» zuten helbidera; ez zegoen. Urrutikoetxeak manifestazio publikoetan parte hartzeari utzi ziola ere baieztatu du. Hura lokalizatzen saiatu zirela. «Ohartu ginen manifestazio horietatik eskas zela, eta garaian klandestinitatean sartzea erran nahi zuen horrek; edo gutxienez, bizitza publikotik erretiratzeko borondate bat». Prokuradorearen galderei erantzunez berretsi du ez zutela inolako ideiarik ere non zegoen. Oroitarazi du txostena 2005eko irailekoa dela. «Asko harritu ginen desagertu zela ikustean». Ez zuten informazio zerbitzuen informaziorik jaso horri buruz.

Urrutikoetxearen defentsak estu hartu du polizia ohia. «Erraten badizut garai hartan jakina zela eurodiputatu baten idazkaria zela, europarlamentuak ordaintzen zuela. Zer diozu?». Gutxienez 2005 hasiera arte haren jarduera publikoa zuela frogatua dagoela erran dio. «Nola idatzi dezakezu 2003tik aitzina klandestinitatean zela?». Polizia ohiak erantzun du: «harritua naiz». Abokatuak: «Ni ere. Nola idatzi dezakezu halakorik?».

Gogor ekin dio abokatuak: «Zer egin behar zuen publikoki bizi zela erakusteko? Errugbi partidu batean zelaira biluzik jautsi? Ez da seriosa egin duzuna, eta jakin nahi dugu zer helbururekin egin duzun». Ondoren hainbat aldiz zuzenean galdetu dio inork eskatu ote zion hura idazteko. Poliziak ezetz esan du, dar-dar bat ahotsean.

Etxegarai, Euskal Herriko egoeraz

Jean Rene Etxegarai izan da hurrengo lekukoa. Esan du ez zuela gertakariei buruzko lekukotasuna emanen, «Euskal Herriko egoerarena baizik. Azken 60 urteetakoa». 1960tik aitzina izan den «krisia» ezagutu duen belaunaldikoa dela erran du. «Gure herriaren, Euskal Herriaren bilakaera ezagutu dut. Herri honen historiaren bilakaeraren lekuko izan naiz. Sufrimenduarena ere. Bi aldeetako biktimena, presoena, edo bilatuak izan direnena».

Gatazka hori bukaerara iritsi dela erran du, besteak beste, «gizarte zibilari» esker. «Ni horren parte naiz. Ez naiz engaiamendu nazionalista batean». Zentro eskuineko politikari frantses gisa aurkeztu du bere burua.

Aieteko adierazpenaz aritu da, horretan parte hartu zuela erranez. «Lehen etapa berehalakoa izan zen. ETAk jarduera armatuari bukaera eman zion, eta erabakia errespetatu du. Ordutik ez da atentaturik izan». Frantziako eta Espainiako estatuen «isiltasuna» ere aipatu du. «ETAren jarduera armatuaren bukaeraren ondotik, prozesuan sartzera gonbidatuak izan baziren ere, ez Frantziak ez Espainiak ez zuten sartzea onartu».

2017ko apirilaren 8ko armagabetzea nola egin zen kontatu du horrez gain. «Zuzenbide estatua errespetatzen duen prozedura bat» izan zela erran du; Cazeneuve garaiko lehen ministroarekin hala adostu zutela.

«Zergatik etorri naiz hona?». Biziki laster bukatzen ikusiko beharko litzatekeen «kapitulu baten bukaeran» gaudela adierazi du. Onartu du «diskurtso politiko» bat dela. «Euskal Herria baretua dago gaur egun». Konponbide prozesua bururaino eramateko beharra aipatu du. «Zauri horiek txikitatik ezagutu ditut. ETAren bortizkeria, GALena ere... Noski Justiziak bere bidea egin behar duela. Erabaki bat hartuko duzue, eta erabaki egokia izanen da. Baina Justizia ezin da desegin lurraldeen errealitatetik». Euskal Herriko errealitatea kontuan hartzeko beharra aipatu du.

«Bakea aipatzen ari naiz; bai, bakean gaude. Baina bakea ez da sekula behin betikoa». Erradikaltasun formak itzuli daitezkeela iradoki du. «Belarria luzatu dezagun gertatu denari buruz. Prozesu judizialak berretsi dezala Euskal Herrian gertatzen ari dena». Behin eta berriz errepikatu du «duela hamar urte armak isildu zirela» Euskal Herrian. «Kontuan hartu behar da».

Espainiako Gobernuarekin kanala

Josu Urrutikoetxea auziperatuaren aitak hartu du hitza ondoren. Afera beragatik auziperatua izan zen, baina kasua instrukziora bidaltzea erabaki zuen Parisko Dei Auzitegiko epaileak joan den irailean. 2000.eko hamarkadan Espainiako Justiziatik ihes egitea erabaki ondotik, ETAko kide bezala negoziazioaren bidez gatazkatik ateratzeko lan egin zuela kontatu du. «Arnasa luzeko lana izan zen niretzat. Lehenik mugimendu barruan; Euskal Herriko gizarte zibileko eragileekin; eta baita nazioarteko eragileekin ere». Horren bidez iritsi zen 2005eko ekainean, Genevan (Suitza) osatu zen mahaia.

«Ez zen lan erraza izan», Josu Urrutikoetxearen hitzetan. Espainiako Gobernura PSOE iritsi zenean «leiho bat» ikusi zutela erran du. «Momentu hartan erakundeko zuzendaritzak erran zidan kanal bat aurkitu behar zela zuzendaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean mezu trukaketa zuzenagoak izan zitezen. Dilema baten aurrean aurkitu nintzen; nire semeari galdetu ala ez». Garaian semeak zuen jarduera politikoa, eta harekin zuen «harreman estua» aipatu ditu. «Konfiantza itsua dut beregan». Kanal hori irekitzen lagunduko ote zuen galdetu zion.

Nafarroa Behereko apez batekin egin zuen kontaktua Egoitz Urrutikoetxeak, eta haren bidez Frantziako Alderdi Sozialistako hautetsi batekin, honek harreman zuzena baitzuen Espainiako Gobernuarekin. Garai hartan semearekin «nahiko maiz» elkartu zela erran du Josu Urrutikoetxeak, familiaren berri hartzeko, baina baita egoera politikoaz mintzatzeko ere. «Nik bezala, aterabide negoziatu baten beharraren konbikzioa zuen». 2006ko irailean Suitza utzi eta Okzitaniara joan zela erran du Josu Urrutikoetxeak. «Nire semeak bazekien non nengoen. Bera Alpeetara zihoala erran zidan». Bera ere behin baino gehiagotan hara joan zela erran du. Gerora, Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren ordezkari gisa Osloko (Norvegia) mahaira joateko eskatu ziotela erran du. Oroitzapenak lauso dituela erran du, baina momentu batean semeak Parisera zihoala erran ziola baieztatu du.

Herrian eragile

Monique Elgoihen Lexantzüko auzapezak, Egoitz Urrutikoetxeak herriko jardueretan duen parte hartzea azpimarratu du, bai hautetsi gisa, bai kulturalki, baina baita herriko eguneroko bizian ere. «Herri txikietan ez dugu dirurik obrak ordaintzeko, eta, beraz, herritarrak behartuak gara tresnak eskuetan hartzera; beti hor egon dira Egoitz eta bere bikotekidea». Urrutikoetxearen alabak aipatuz bukatu du. «Bizitzaz betetako bi neskato dira. Elkartasun eta tolerantzia balioekin heziak izan diren bi neskato. Hori azpimarratu nahi dut»

Lekukoen ondotik, Egoitz Urrutikoetxea galdekatzeari ekin dio, berriz, epaileak. Atzoko saioan errandakoak berretsi ditu oro har. Detaile bat gehitu nahi izan du. «Nire kontra fiskaltzak eta poliziak aurkeztutako elementuak aipatu dituzu. Euskal arazoaren konplexutasuna aipatu du lehen Tellierek; berak erabili duen hitza da, euskal arazoaz arduratu den polizia batek. Dosier osoan konplexutasun hori ez da ageri», deitoratu du. «Uste dut garaia iritsi dela konplexutasun hori kontuan hartzeko. Eta ez hori bakarrik: bi aldeetako sufrimendua ere. Euskal gizartea zauritu du, Espainiako eta Frantziakoa ere».

Euskal Herriaren «aspirazio zilegiak» aipatu ditu. «Espainia eta Frantzia ezpata kolpez eraiki ziren. Beharbada akatsa izan da pentsatzea aspirazio zilegi horiek indar harreman batean eraikitzen ahal zirela...». Helburua eta bidea aipatu ditu. «Anitzetan bideak helburuak ezkutatzen ditu. Eta uste dut estatuek hori erabili dutela, dena terrorismoaren atzean gordetzeko». Oraindik presente den «egiturazko bortizkeria» agerian uzteko beharra aipatu du. Euskal Herria «emantzipazio bidean» dela erran du. «Gure apustua da, gaur egun, bide horretan segitzea, bortizkeriarik gabe. Eta uste dut lortzen ari garela».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Lau kideak hil zituzten gunea, Pasai Donibanen. ©Andoni Canellada / Foku

Pasaiako sarraskiaren hiltzaileak identifikatzeko saio bat egingo dute

Xabier Martin

Komando Autonomoetako lau kide hil zituzten Polizia operazio horretan, eta idenfikazio proba batera deitu du epaileak lekuko bakarra: Joseba Merino. Martxoaren 28an du hitzordua, Donostiako epaitegietan.

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Gure erronka da nola lotu nazio proiektua oraingo borrokekin»

Joxerra Senar

Hiru urteko etenaldiaren ostean, Plaza Hutsa egingo du Sortuk Burlatan bihar. Militantziaren bilgune horretan, herrigintzari buruz gogoeta egin eta ildo bat ezarri nahi diete aurretik ezarritako sei eremu estrategikoei.
Dozenaka jende agertu zen atzo Baionako auzitegi aitzinean, auzipetuei sostengua erakustera. ©GUILLAUME FAUVEAU

Martxoaren 9an emango dute 11 'bakegileren' inguruko deliberoa

Ekhi Erremundegi Beloki

Hamar auzipeturentzat 950 euroko isuna eskatu du fiskalak, gibelapenarekin. Uztailaren 23ko protestetan autobidea blokeatzea egotzita epaitu dituzte. Ekintza justifikatu dute guziek

Iratxe Sorzabalen zauriak, 2001eko atxiloaldiaren ostean. ©Berria

Iratxe Sorzabalen kontrako zigorra berretsi du Auzitegi Gorenak, torturak ukatuta

Berria

Euskal preso horrek pairatutako torturen berri eman izanak ez du «egiaztatzen» halakorik sufritu zuenik, Gorenaren arabera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.