Albistea entzun

Oroimena

ETAren amaiera antzerkiaren bitartez oroituko du Gipuzkoako Aldundiak

Maria San Miguelen 'Rescoldos de paz y violencia' trilogia antzeztuko dute Donostian, Irunen eta Eibarren, ETAren amaieraren 10. urteurrenaren harira aldundiak antolatuko dituen ekimenen artean.

Ekimenen aurkezpen agerraldia, Donostian.
Ekimenen aurkezpen agerraldia, Donostian. Jon Urbe / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2021eko urriak 8

ETAren jarduera armatuaren amaieraren 10. urteurrena dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat ekimen egingo ditu datozen asteetan zehar, indarkeriak gizartean izandako eraginak «kulturaren ikuspegitik» aztertzeko helburuarekin. Kultura Departamentuak goizean eman du egitasmoaren berri.

Oroimen ariketaren ardatza Maria San Miguelen Rescoldos de paz y violencia gaztelaniazko trilogiaren antzerki zikloa eta haren bueltan antolatuko diren mahai-inguruak izango dira. Obra hiru atalez osatua dago eta indarkeria ekintzak «ikuspegi eta testuinguru desberdinetatik» aztertzen ditu, Kultura Departamentuaren arabera. Bestalde, emanaldien osteko solasaldietan ETAren, GALen eta polizia abusuen biktimek eta «kulturako, politikako eta komunikabideetako pertsona ezagunek» parte hartuko dute. Gonbidatuen artean izango dira, besteak beste, Maixabel Lasa, Gorka Landaburu, Pili Zabala, Ines Nuñez, Jesus Egiguren eta Jose Luis Rodriguez Zapatero. 

Antzerki zikloa Irunen hasiko da, urriaren 19an, 20an eta 21ean Amaia Kultur Etxean eskainiko diren emanaldiekin. Urriaren 26an, 27an eta 28an, berriz, Eibarko Coliseo Antzokian egingo dituzte saioak, eta azken antzezpenak Donostiako Antzoki Zaharrean izango dira, azaroaren 8an, 9an eta 10ean. Goizetan DBHko eta Batxilergoko ikasleentzako emanaldiak egingo dituzte eta arratsaldeetan, 19:00etan, publiko orokorrari eskainiko dizkiete.

Antzerki zikloaz gain, urriaren 20an, Mario Onaindia Fundazioak Kultura Departamentuaren laguntzarekin editatu duen Grand Place aldizkariaren zenbaki berezi bat ere aurkeztuko dute, ETAren amaiera, 10 urte izenburua duena. Eta azaroaren 4an, berriz, Felipe Juaristi komisarioak antolatutako Un largo y tortuoso camino erakusketa estreinatuko dute Donostiako Koldo MItxelena kulturunean. Aldundiaren arabera, erakusketak «ETAren indarkeriak euskal kulturgintzan izan duen eragina islatzen du, baita terrorismoaren gizarte porrotan izan duen papera ere, hainbat eremu eta diziplinatako sortzaileen lanetik hasi eta herri mugimenduetako intelektual nabarmenen parte-hartzera arteko ibilbidea jorratuta».

Goizeko aurkezpen agerraldian, Harkaitz Millan Kultura diputatuak adierazi du kulturak «pizgarria» izan behar duela «herritarren kontzientzia kritikorako», eta iraganera begiratzeko duen balioa azpimarratu du: «Ekimen honen helburua da Gipuzkoako gizarteari eskaintzea kultura tresnak, herritarrek gogoeta egin ahal izan dezaten ETAren indarkeriaren 50 urteei buruz, indarkeria horrek gure iragan hurbilean eta gure egungo errealitatean izan dituen ondorioei buruz, eta askatasuna, aniztasuna eta giza eskubideak bermatuko dituen bizikidetza esparru bat eraikitzeko geratu diren ondorio eta irizpideei buruz». 

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel, atzo, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Kontseiluak eta Behatokiak salatu dute ez dela betetzen hizkuntza gutxituen euroituna

Ion Orzaiz

Kontseiluak eta Behatokiak salatu dute Espainiako eta Hegoaldeko erakundeak ez direla ari betetzen hizkuntza gutxituen ituneko konpromisoak. Txostena helaraziko diete Europako adituei

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Inigo Urkulllu eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, Leioako (Bizkaia) Txomin Arretxe ikastetxean. / ©Aritz Loiola, Foku

Gaur amaituko da Hezkuntza Legeari zuzenketak jartzeko epea

Irati Urdalleta Lete

Ikusteko dago EAJren eta PSE-EEren zuzenketek zer jasoko duten hizkuntza ereduei buruz. Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak agerraldia egingo du, mobilizazio bat iragartzeko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...