Euskal Herrian inoiz egin den grebarik luzeenetako batean berritasunak izan dira. Bilboko lan arloko zazpigarren epaitegiak ontzat hartu du ELAk Novaltia enpresaren aurka jarritako salaketaren zati bat. Zehazki, sindikatuak auzitara jo zuen Novaltiak 2021eko martxoan egindako lan baldintzen hainbat aldaketaren aurka.
Badira bi urte eta hiru hilabete greba hasi zutela Novaltiako langileek, kooperatibak erabaki zuelako enpresako lan ituna ez betetzea eta haren ordez Espainiako hitzarmena aplikatzea. Horrek ekarri zuen, besteak beste, mila euroko soldatak ordaintzea langileei.
Greba luzeak ez du, ordea, enpresako zuzendaritzaren jarrera aldarazi, eta ez du grebalariekin negoziatu nahi izan.
ELAk Novaltiaren aurkako salaketa jarri zuen, 2021eko martxoan lan baldintzetan egindako hiru aldaketaren aurka. Epaiak dioenez, horietako bi baliogabeak dira, eta, gainera, ordutegi aldaketarekin grebarako oinarrizko eskubidea urratu dela ebatzi du.
Epaiak ez du baliogabetu greban dauden ez dauden langileei hilero ematen zaien ohiz kanpoko 300 euroko gainsaria. ELAk azaldu duenez, auzitegiak ez dio gaiaren mamiari heldu, uste duelako beste era bateko prozedurari dagokiola. Hori bai, ez du baztertzen horren inguruko demanda jartzeko aukera.
ELA pozez hartu du epaia, eta berriro eskatu dio Novaltiako zuzendaritzari negozia dezala hitzarmen bat, «langileok soldata eta lan baldintza duinak izan ditzaten».