Nobel sariak

Esperimentu naturalen eta lan munduaren arteko erlazioa aitortu dute Ekonomiako Nobel sarian

David Card, Joshua Angrist eta Guido Imbens ekonomistek jaso dute aurtengo saria, esperimentu naturalen bidez uste orokorraren aurkako ondorio eta arrazoiak emateagatik eta emaitza horiek hobeto ulertzeko erremintak emateagatik 

David Card, Joshua Angrist eta Guido Imbens. SUEDIAKO ZIENTZIEN ERREGE AKADEMIA
joxerra senar
2021eko urriaren 11
13:57
Entzun

Gutxieneko soldata igoz gero enplegu kopuruak behera egingo al du lan kostuak igo direlako? Eta immigrazioak zer ondorio ditu enpleguan? Formakuntza hobeagoa jasotzeak nola eragiten die norbanako baten etorkizuneko diru sarrerei? Maiz, galdera horien erantzunak neurtzea zaila da, ez dagoelako zerekin alderatu, baina aurtengo Nobel saridunek azterketa enpirikoen bidez hori egiteko tresnak garatu dituzte.

David Card (Guelph, Kanada, 1956), Joshua Angrist (Columbus, AEB, 1960) eta Guido Imbens (Herbehereak, 1963) saritu dituzte Ekonomiako Nobel sariarekin. Suediako Zientzien Errege Akademiak azpimarratu du hiru ikerlarien esperimentu naturalen bidez lan merkatuko zergatiak eta ondorioak neurtu daitezkeela eta haien emaitzak medikuntzan egiten diren esperimentu klinikoen parekoak izan daitezkeela.

Gutxieneko soldataren igoeraz

Zehazki, David Card kanadarra 90eko hamarkadan hasi zen sakontzen immigrazioak, gutxieneko soldatak eta hezkuntzak lan munduan dituzten ondorioez. Aztertutako esparru bat gutxieneko soldatarena izan zen. Ekonomisten artean iritzi zabaldua da gutxieneko soldata igotzeak enplegua gutxitzen duela lan kostuak handitzen direlako.

Haatik, Cardek, Alan Krueger ekonomistarekin batera, AEBetako New Jersey estatuan izandako gutxieneko soldata igoeraren kasua aztertu zuen, eta ikusi zuten bestelako faktore ugarik kolokan jartzen dutela iritzi orokortu hori. Soldata apaleko sektoreak aztertu (fast food jatetxeak eta prekarizazio handiagoko industria sektoreak) eta ondorioztatu zuten ez zuela eraginik enplegu kopuruan: «Ondorio orokorra da eragin negatiboa oso txikia dela, duela 30 urte pentsatzen zen baino askoz ere apalagoa».

Cardek, halaber, immigrazioak eta hezkuntzak lan arloan dituztenondorioak aztertu ditu. Adibidez, ea unibertsitatera joateak derrigorrez etorkizunean diru sarrera handiagoak izatea ziurtatzen duen, edo zer gertatuko zatekeen lan merkatuan etorkinik ez balego. Horretarako bere tresna esperimentu naturalak izan dira; hots, esperimentua egiten duen ikerlariaren kontrolpetik at dauden zergati naturalen araberako azterlan enpirikoak. Bestalde, Angristek eta Imbensek halako ikerketen emaitzak hobeto ulertzeko erreminta metodologikoetan sakondu dute.

Horregatik, hiruren lanak elkarren osagarri dira, Suediako Zientzien Errege Akademiaren arabera: izan ere, Angristek eta Imbensek esperimentu natural horien emaitzak ulertzeko egon daitezkeen arazo metodologikoak konpontzeko irtenbideak eman dituzte, «eta azterlanaren gardentasuna eta, ondorioz, sinesgarritasuna handitu».

«Gizartearentzat funtsezkoak diren Carden ikerketa eta Angristek eta Imbensek egindako ekarpen metodologikoek erakusten dute esperimentu naturalak ezagutzarako iturri aberasgarria dira. Haien ikerketak hobetu egin du funtsezko gaiei erantzun bat emateko gure abilezia», azpimarratu du Peter Fredriksson Ekonomia Zientzien Batzordeko buruak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.