Hitz batzuk baliorik ez dugunoi buruz

2021eko urriaren 11
14:21
Entzun

Pelbisa apurtuta nagoen denboraldi luze honetan gertatu zaizkidanei buruz dira hurrengoak.

Ohean mugitu barik hilabeteetan egotea, irakurtzeko nuenari esker egin zait egingarri. Irakurtzeko gogoak eman dit egoera honetan aurrera egiteko indarra. BERRIAko idazle bikain askoren artikuluak eta irakurri barik nituen euskal literaturako obra asko izan dira nire indarra. Beraz, eskerrik asko hain gutxi baloratzen den zuen lan eskerga eder guztiari, ez duzue inoiz Planeta lako sari erdi milioidunik irabaziko baina.

Planeta sariarena diot, asti faltarik ez eta hainbeste diru zerk balio duen jakin guran, nire ohiturak hautsiz (normalean euskaraz idatzitako literatura baino ez dut irakurtzen) iaz data hauetan 601.000 euroko Planeta saria izan zuen Aquitania obra ere —Eva Garcia Saenz de Urturirena— irakurri nuelako. Egia da idazleak suspentsea mantentzeko estrategia arrakastatsua menperatzen duela, El misterio de la ciudad blanca-n erabiltzen duen berbera, hari narratibo bi txandakatuz (beste liburu hau irakurtzeko ere astia izan nuen), baina hainbeste irakurlerengana heltzeko meritua aitortu behar diogun arren, bere obra nire iritziz ez da artelana, ez dauka bikaintasun literariorik, pasarteren bat guztiz erridikulua da (burubakokeriaren emaitza), eta ez dut izan azpimarratzeko orrialde edo pasarte bikain ederrik; eta bere beste lan arrakastatsuari buruz gauza bera esan behar dut.

Zein ezberdina izan den nire esperientzia euskal literaturako liburu eder askorekin, oraingoan pelbisa apurtuta irakurri dudan Irati Elorrietaren Neguko argiak eleberriarekin esaterako! Zein elkarrizketa inteligenteak eta sentiberatasunez beteak denak, zein eder dena! Irakurri ditudan beste euskal idazle trebe batzuen artea ezaguna izan dut, baina Neguko argiak eleberriarekin 2019ko Euskadi saria irabazi zuen Irati Elorrieta deskubritu barik izan dut, eta plazer hutsa izan da niretzat. Nire zorionak berari eta hain ederto idazten duzuen idazle guztioi.

Gogoan daukat oraindik (eleberri historikoaren arloan) aspaldi hartan argitaratu zenean irakurri nuen Joan Mari Irigoenen Lur bat haratago, eta bere aurreko Babilonia ere. Zein eder dena! Irentsi egin nituen idatzi ziren sasoian, eta oraindik gogoan daukat plazer hain handi hura. Orrialde pila dauzkat azpimarratuta poesia hutsa direlako, hizkuntzaren erabilera eder-ederra delako, eta, gainera, Lur bat haratago obran, 652 orrialdetan, XVII. mendeko Nafarroako kontalariaren euskara berreraikitzearen lan erraldoia. Baina Joan Mari Irigoienek ez du izan Planeta saria lako sari erdi milioidunik, bere lana eta beste euskal idazle batzuenak ere benetako artelanak izan arren.

Burubakokeria eta injustizia itzela dira mundu honen oinarria.

Halantxe, milioiak balio dituen futbolari bat izan banintz nire pelbisaz ere atoan arduratuko ziren, baina andre atsotua naizenez, tabarra eman arren, inork ez dit kasurik egin. Istripuaren ostean ospitalean ebakuntza ez egiteko erabakia hartu zuten arteko egun biak salbu, etxeko ohean hilabeteak. Ohetik mugitzeko eta gurpil aulkitik altxatzeko ondo kostatako ahalmena izan dudanean, mediku partikularrekin hasi behar izan dut, haren kontsulta eta egin beharreko froga guztiak nire dirutik ordainduz. Lanera joan ezinagatik, inspekzio medikua izan dut. Inspektore medikuak delinkuentea banintz moduan tratatu nau. Eta alta eman didate, oraindik muleta batekin eta ondo kostata nabilela, eskailerak igon eta jaisteko arazoak ditudala eta plaketan nire ezkerreko pala iliakoaren apurtua eta zauria josi zein itxi barik dagoela agertzen dela.

Baina askotaz larriagoa izan da duela hamasei urtetik nirekin bizi den gure ama gixajoaren kasua. Uztailaren 8an goizeko zazpietan hitz egiten ez zuela eta, orduantxe bertan anbulantziari deitu eta Gurutzetako ospitalera joan ginen. Hasieran ez zeukala ezer larririk esan zidaten. Ordu batak aldera ostera, neurologoa etorri zitzaidan iktus bat izan zuela eta tratamendua ipiniko ziotela esatera. Une hartan, goizeko lehen orduan moduan, amak eskuineko besoa elbarri zuen arren, aditasunez erantzun zion neurologo honi bere izenez deitu zionean, eta niri hitz egiten ahalegintzen zitzaidan, ahapeka zerbait esaten zidan. Agindutako tratamendua eskatu eta eskatu aritu nintzen, tardantza ulertu ezinik. Halako baten eman zioten zerbait. Baina amak, nire ahaleginak ahalegin, laster kontzientzia guztia galdu zuen.

Arratsaldeko lau eta erdietan beste neurologo bat etorri zen amarekin nengoen gelara. Amaren burmuina marraztu zidan bere iktusa guztiz larria zela eta galdutakoa ez zuela berreskuratuko ulertarazteko. "No habla ni entiende" esan zuen, eta “Hemos llegado tarde” gertatutakoaren azalpen modura. Bere bizitzaren alde egiteko Gorlizeko ospitalean ingresatu behar genuela ere esan zidan.

Tamaina horretako engainua guztiz ulertezina, ankerra eta lotsagarria den arren, Gurutzetako ospitalean ez ziotela amari izandako iktuserako tratamendurik eman jakin nuen Gorlizen, ospitale honetan artatu zuen lehen medikuak hala esanda. Eta mediku honek gainera gure ama hil egingo zela esan zigun, ez zegoela haren bizitzaren alde ezer egiterik. Gaixo terminalentzako geletako baten sartu zuten. Amari sueroa kentzeari buruz ere hitz egin zigun, nik onartu ezin izan nuena. Laugarren egunean amari sueroa ez kentzeaz gain, antikoagulantea ematen hasteko ere eskatu behar izan nion (beste iktus bat saihesteko). Berak amaren bizitzeko posibilitateak ezereza zirela azpimarratu zidan behin eta berriro, 0,00000…1 ere esan zidan.

Letra eta musika asmatuz abestu nion amari uneoro egunero, ezagutzen ez nuen ahalmen batez, kantatu eta gero ahazten nituen kanta guztiz primarioak ziren. Uztailaren 18an itzartu egin zen bere prekoma egoeratik, eta medikua etortzeko eskatu nuen, ordutik aurrera egin behar genuenari buruz jakiteko. Baina igandea zen, eta medikua ez zetorrela esan zidaten, medikua igandeetan urgentzietarako zegoela eta hura ez zela urgentzia.

Hurrengo astean astegunetarako beste mediku bat izan genuen (aurrekoa oporretan joan zelako). Amak, laster nekatzen zen arren, Bizkaia Irratiko goizetako meza entzuteko ahalmena zuen, eta “amen” erantzuten zuen hala tokatzen zenean. Bigarren medikuak amak jateko sudurretik sabelerako zunda ipintzeari buruz hitz egin zidan, mutil gazte bat balitz ez zutela izango zalantzarik, baina amaren kasuan nire erregua behar izan zuen aurrera egiteko.

Ostiralean zunda ipini ostean, igandean kalentura hasi zitzaion, irratian meza entzuteko zuen aditasuna galtzen hasi zen, eta medikua etortzeko eskatu nuen, baina orduan ere ez zen medikurik etorri.

Hirugarren astean hirugarren medikua izan genuen (betiko moduan, aurrekoa oporretan joanda). Hari amari igotzen ari zitzaion kalenturari buruz esateaz gain, COVID-19arekin koma egoeran daudenekin fisioterapeutak egindako lan onari buruz komentatu nion (propaganda hori telebistan ere ikusi nuelako), baina amarentzat ez zegoela fisioterapeutarik azaldu zidan, fisioterapeutak bakarrik bizitza autonomoa berreskuratuko zutenentzat zeudela.

Kalentura edo minerako parazetamola eskatu eta ordu bat itxaron behar, txanda aldaketa zegoelako edo megafoniaz 30 gaixorako bakarrik erizain bi zeudela esaten zidatelako (euren egoera prekarioa ere salatuz).

Erizaintzako profesional bikainak aurkitu nituen: Leire, Maria, Terese, Alaitz, Mikel… Baina beste aurpegiarekin ere egin nuen topo. Sueroa zela eta ez zela erizain batekin izan nuen pasadizoak txiki uzten ditu Almodovarren pelikuletakoak, eta beste erizain gazte-gazte batek, ospitaleko ugazaba bera balitz moduan, amarekin nengoen gelatik kanporatu ninduen, une hartan bere konpainia bakarra nintzela. Amarekin hamazazpi egun neramatzala ere esan zidan bere agiriken artean (egunak zenbatuta zituen). Zurtz eginda utzi ninduen. Sekula ez zait horrelakorik ez antzekorik gertatu ospitale baten, aurrekoetan ere amarekin horrenbeste egunetan igarotakoa naizen arren.

Tamaina hartako bortizkeriaren aurrean erreklamazioa ipini nuen. Baina ez zidaten ezelako kasurik egin. Mediku burua bera etorri zitzaidan erreklamazioari ez ziotela kasurik egingo esatera, termometroa eramateagatik susmagarri egin ninduen (arratsaldeko hiruretatik gaueko hamarrak arte ez ziren termometroarekin pasatzen), eta gehiago da, nire aurrean hantxe bertan nire amaren alta agindu zuen, nik horretarako goizegi zela eta erregutu arren.

Ostegunean altarekin etxera etorri eta larunbatean San Inazio egunean 38,5 graduko kalenturarekin zegoen ama. Urgentzietako medikuari deitu eta honek Urdulizko ospitaleko urgentzietara bideratu gintuen anbulantzian. Han bronkoaspirazioak eragindako infekzioa zuela esan zidaten, eta eman zizkidaten aukerak: edo antibiotikoarekin etxera edo antibiotikoarekin berriro Gorlizko ospitalean ingresatu, Urdulizko ospitalean ez zegoelako gure amarentzako lekurik. Etxera etorri ginen. Ospitaleko urgentzietara beste arrazoi batengatik egin behar izan genuen hurrengo bidaia baten ere gauza bera gertatu, eta gauza bera egin behar izan nuen.

Antibiotikoak eragindako diarreak, sabel apurketak eta ezin janak ere jasan ditugu. Injustizien zerrenda gehituz, abuztuan betiko goizetako euskarazko meza gaztelaniaz jarri dute, eta hilabete osoan amak ezin izan du Bizkaia irratitik euskarazko mezarik entzun. Hemendik eskerrik askoak Bizkaia irratikooi, ama beti zuen jarraitzaile sutsua izan delako, Mikel Astelarra eta konpainiarekin barre pila egindakoa delako, eta Errigoitiko alabaren berba eta izaerarekin ederto sintonizatzen jakin duzuelako.

Hiru hilabete igaro dira. Ama bizirik dago. Egoera gogor-gogorra da, berba barik eta guztiz elbarri dago, zundatik ematen diot jan-edana eta medikazioa… Baina bera barreka ikusteko aukera izan dut, egunero edukitzen dut bera gustu-gustura ikusteko aukera. Ederto egiten du lo. Ez du hil gura. Nik berak aurrera egiteko itxaropena ez dut galtzen, esaterako, ahotik jaten emango diodan eguna heltzearena. Eta aipamen berezia egin gura dut etxera etortzen zaizkigun laguntzaileei buruz, hitzarmen bat izateko urteetan borrokan ari diren haiei buruz, mediku terapeuten gaitasuna daukatelako, eta lan hori ere eginez, altxor hutsa direlako. Eskerrik asko bihotzez zuoi guztioi, diru hain gutxiren truke hainbeste ematen diguzuelako.

Argi dago mundu hau burubakokeria eta injustizia gogorrean oinarrituta dagoela, argi dago mundu honetan zerk edo nork balio dituen milioiak, eta zerk edo nork ez duen ezer balio, eta guztiz lotsagarria da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.