Futbola

Karolina Sarasua: «Espero dut aurrerantzean, partidetan, lehen iraina edo mehatxua entzun orduko jokoa geratzea»

Irain eta mehatxu sexistak salatu ondotik jaso duen babesa «eskertu» du Osasunako jokalariak, eta halako jarreren kontrako neurriak hartzeko deia egin die agintariei: «Debekatu egin behar zaie kirol instalakuntzetan sartzea».

Karolina Sarasua, Osasunarekin neurketa bat jokatzen. OSASUNA
Jon Ander De la Hoz.
2021eko urriaren 11
14:44
Entzun

«Ama batek idatzitako txio bat ikusi dut. Guri eskerrak eman besterik ezin duela egin idatzi du, gure ausardiarengatik. 10 urteko alaba bat duela, futbolean ari dena», Karolina Sarasua (Iruñea, 2004) Osasuna B-ko jokalariak Santanderko (Espainia) Nueva Montaña taldearen aurkako partidan irain eta mehatxu sexistak jaso ondotik haiek publikoki salatzea erabaki zuenean, errealitate bat agerian jartzeko egin zuen, eta, bereziki, gaitz hori etorkizuneko jokalariek bizi behar ez izateko: «Futbolean aritzeko ilusioa duten 12-13 urtekoengan pentsatu dut, neuregan baino gehiago. Haiengatik egin nuen, gehienbat».

Etorkizunari ez ezik, ordea, aktualitateari erabat lotutako gaia da irain eta mehatxuena. Partida amaituta, Sarasuak eta haren taldekideek zerrendatu eta sare sozialetan zabaldu zituzten larunbateko neurketan entzundakoak: «Aldagelan sartu eta bortxatu egingo zaitut; zure amak zupatu egiten dit; altxatu kamiseta, eta erakutsi titiak eta ipurdia». Hori lagin bat besterik ez da.

Egoera horretan, Sarasuak «kito» esatea erabaki zuen. Lucia Fernandez epaileak berak animatu zituen horretara, hark ere jaso zituelako, eta aktan jaso zituen: «Espero dut partidetan, lehen iraina edo mehatxua entzun orduko, neurketa geratzea, egileak kanporatzea, eta kirol instalakuntzatan sartzen ez uztea, ez baitute merezi». Egoerari ikusgaitasuna emateko gakotzat jo du partida geratzea: «Partida ez bada geratzen, eta jazartzen segi dezaten uzten bada... Niretzat, geratu egin behar da, bota, eta berriz hasi. Eta ezin bada, beste egun batean jokatzeko prest ere egongo ginateke».

Nueva Montañaren eta Osasunaren arteko partidan, amaitu arte segitu zuten jokatzen, Sarasuak azaldu duenez, oihuak estadioaren kanpoaldetik egin zirelako. «Ulertzen diot epaileari, kasu honetan. Astakeria horiek esan zituztenak kanpoan zeuden, eta ez dakit jokoa geratu ahalko zukeen».

Sarasuak eta haren taldekideek egindako salaketak oihartzun handia izan du. Asko izan dira babesa adierazi duten jokalari, klub eta norbanakoak. Haien jarrera haizatzea modua eman du horrek: «Hasieran, ez nuen uste jendeak hainbesteraino babestuko gintuenik. Esaterako, Alexia Putellasen moduko izar batek txio bat idaztea. Taldea eta ni oso eskertuta gaude egindako guztiarengatik». Bartzelonako jokalaria da Putellas, eta aurten Urrezko Baloia jasotzeko hautagai izendatu dute.

Babes hori higuinari aurre egiteko garaian lagungarria dela uste du Sarasuak: «Ikusita jendeak zer jarrera izan duen eta nolako babesa eman duen, oso eskertuta nago. Espero dut honekin gizartearen pentsamoldea apur bat aldatzea». Halaber, hitzetatik ekintzetara igarotzea galdegin du, eta zigorrak eskatu: «Ez diezaietela berriz sartzen utzi».

Ikerketa zabaldu dute

Espainiako Poliziak ikerketa zabaldu du gertakarien harira. Nueva Montaña taldeko presidente Mateo Sainzek aditzera eman duenez, berak zuzentzen duen klubak bideo bat jarriko du polizien eskuragarri, erasotzaileak identifikatzeko. Sainzek berak grabatu zuen bideoa, jazarleen atzetik korrika eginda.

Aldiz, Kantabriako Futbol Federazioko presidente Jose Angel Pelaezek aditzera eman du espediente bat zabalduko duela, eta «dagozkien autoritateen aurrean» salatuko duela jakinarazi du. Bien bitartean, Osasunak «ikerketa oro» babestuko du. Sarasuak neurriak hartzea hobetsi du: «Bestela, berdin segituko du. Gaztetxoek pentsatuko dute: ‘ze ona, egin diezaiegun iseka’, eta gauzak ez dira horrela».

Egoera «gogorra baino, tristea» izan zela azpimarratu du Sarasuak, eta jazarleen adinarekin lotu du hori: «Mende honetan halako pentsamoldea duten hamasei-hamazazpi urteko jendea egotea, horren matxista... Tristea da, eta pena ematen didate». Lekukoen arabera, erasotzaileak adingabeak dira.

Halako jarrerak eten daitezen hitza hartu du Sarasuak. Hark eta haren taldekideek gehiago bizi behar ez dezaten, baina, batez ere, atzetik datozenak gaitz horretatik libratu daitezen. Hori izan da salatzeko izan duten akuilu nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.