Austria

Kurzekin «estuki» lan egiteko asmoa du Austriako kantziler berriak

Asteburuko dimisioaren ostean, Schallenbergek gobernuburu kargua hartu du. Oposizioko alderdiek postuan haren aurrekoaren «txotxongiloa» izatea leporatu diote.

Alexander Schallenberg, gaurko prentsaurrekoaren aurretik, Vienan. CHRISTIAN BRUNA / EFE
ander perez zala
2021eko urriaren 11
18:15
Entzun

Austriako kantziler kargua hartu eta berehala emandako diskurtsoan, Alexander Schallenbergek argi utzi du ez duela gobernuaren orain arteko bidetik aldentzeko asmorik, eta «estuki» lan egingo duela karguan haren aurrekoarekin, ikerketa baten harira dimisioa eman duen Sebastian Kurzekin. Hala, gobernuburu berriak helburu bat lehenetsi du datozen asteetarako: ahalik eta azkarrena amaitzea egunotako krisi politikoa.

Iragan asteazkenean, ustelkeriaren kontrako Vienako fiskaltzak ohar baten bidez jakinarazi zuen Kurz eta beste bederatzi lagun ikerketapean daudela, eta horrek desegonkortasun politiko handia sortu zuen berriz ere Europa erdialdeko herrialdean. Gerora, Poliziak hainbat miaketa egin zituen, tartean, OVP Austriako Alderdi Popularraren egoitzan.

Fiskaltzaren susmoen arabera, Finantza Ministerioak 2016tik 2018ra bitartean dirua eman zion egunkari bati, iragan larunbatera arte kantziler zenaren eta OVPren aldeko inkestak kalera zitzan. Zehazki, fiskaltzak ustelkeria, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta eroskeria leporatuta abiatu ditu ikerketak, eta horrek OVPren koaliziokide Berdeen haserrea eragin zuen; Kurzek errugabea dela defendatzen duen arren, ekologistek kantziler zenaren dimisioa eskatu zuten, eta oposizioko alderdiek zentsura mozio bat iragarri zuten, gaurko.

Azkenean, alderdiko barne presioen ondorioz eta bozketa hori saihesteko asmoz, Kurzek dimisioa eman zuen iragan larunbatean. Hori bai, OVPren buruzagi izaten jarraituko du, baita Kontseilu Nazionaleko —behe ganberako— diputatu eta talde parlamentarioko presidente ere.

Gertakari horiez, orain arte Atzerri ministro zen Schallenbergek adierazi du akusazioak «faltsuak» direla, eta «konbentzituta» dagoela «edukirik gabe» geratuko direla. Bien bitartean, «erantzukizuna eta egonkortasuna ekarriko ditu» gobernura, azaldu duenez.

Austriako gobernuburuaren adierazpenek, ordea, ez dute oposizioko alderdiak pozteko arrazoirik eman, Kurzen «txotxongiloa» izatea leporatu baitiote Schallenbergi, haren aurrekoaren «itzaleko kantziler» gisara arituko dela argudiatuta: «Oposizioko alderdi guztiak bat datoz esaterakoan ez dela aldaketarik izan Kurz sisteman. Hariak bere eskuetan ditu oraindik, eta Schallenberg kantziler aukeratu izana Kurz sistemaren parte da», adierazi dio SPO Austriako Alderdi Sozialdemokratako diputatu Kai Jan Krainerrek ORF irratiari.

Akusazio horiez jakitun dagoela, Austriako presidente Alexander Van der Bellenek etxeko lanak eman dizkio kantziler berriari, kargua hartzeko ekitaldian: «Gobernu berriak erantzukizun handia du. Ez soilik proiektuekin era arrakastatsuan jarraitzea, baita herritarrek politikarekiko duten konfiantza berreskuratzea ere».

Kantziler berria karguan haren aurrekoaren kolaboratzaile fidela da, eta hainbat auzitan bat egiten du harekin: immigrazioaren kontrako jarrera gogorrean, eta Poloniako eta Hungariako gobernu ultrakontserbadoreei kritika gutxi egitean, esaterako.

Ustelkeria, Kurzen inguruan

Ikusteko dago egunotako gertakariek zer eragin izango duten Kurzen ibilbide politikoan, ez baita lehen aldia ustelkeria kasuekin zerikusia duela. 2017an aukeratu zuten lehen aldiz Austriako gobernuburu, FPO Austriako Askatasunaren Alderdia ultraeskuindarrarekin koalizio bat adostu ostean; garai hartan, Europako agintaririk gazteena bilakatu zen, 31 urterekin.

2019ko maiatzean, ordea, Alemaniako bi hedabidek bideo bat argitaratu zuten, eta horretan FPOko buru eta kantzilerorde Heinz-Christian Strache ageri zen, emakume bati kontratu publikoak eskaintzen, hauteskunde kanpaina diruz laguntzearen truke —2017ko bozen aurretik grabatu zuten, Eivissan (Herrialde Katalanak)—.

Strachek dimisioa eman zuen, baina auzia ez zen horretan geratu, gerora oposizioak gobernuaren kontrako konfiantza mozio bat aurkeztu baitzuen, eta arrakasta izan baitzuen. Hala, 2019ko irail amaieran bozak egin zituzten berriz, eta FPOk hamar puntu egin zuen behera; Kurzen OVPk, berriz, sei gora. Horrek ahalbidetu zion koaliziokideak aldatzea, eta Berdeekin gobernua osatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.