Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Sindikatuak

Erreformen aurrean «alderdiek duten isiltasuna» bukarazi nahi du ELAk

Lan eta pentsioen erreformetan «erabakitzeko eskubidea» izango dutela esan die Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak, EAJri, EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi, eta manifestaziora deitu du Hegoaldeko lau hiriburuetan, urriaren 24rako, Ez gaitzazue Madrilen saldu lelopean.

Leire Txakartegi eta Mitxel Lakuntza, gaurko agerraldia hasi aurretik.
Leire Txakartegi eta Mitxel Lakuntza, gaurko agerraldia hasi aurretik. JUAN HERRERO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2021eko urriak 12 14:01

Lan eta Pentsioen erreformetan «erabakitzeko eskubidea» izango dutela esan die ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak, EAJri, EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi; beren botoek erabakiko dutela onartuko diren ala ez «euskal langileen eta pentsiodunen aurkako neurri berriak» Espainiako Kongresuan, alegia, eta «isiltasuna» baizik ez dutela eskaini orain arte. Lakuntzak ohartarazi die ELAk «ahal duen guztia» egingo duela erreformak onar ez daitezen «euskal herritarren aurka», eta ahal duenaren barruan greba orokorra egitea ere «oso kontuan» hartzen ari direla.

Baina, bien bitartean, hiru alderdi horiei «konpromisoa hartzeko» esan die, erreformak onar ez daitezen «euskal langile eta pentsiodunen interesen aurka». Hala, EAJ, Bildu eta Elkarrekin Podemos baldintzatzeko manifestaziora deitu du sindikatuak, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, urriaren 24rako, igandez. Ez gaitzazue Madrilen saldu izango da martxen leloa.

ELAn adi jarraitzen ari dira erreformen prozesuak, «funtsezkoa delako jakitea horien edukiak, orientazioa eta noiz onartu nahi dituzten». Horren araberako greba orokorra deitzeko prest dago sindikatua, BERRIAk aurreratu zuen moduan, baina oraindik ez du egun zehatzei buruz hitz egin. LAB sindikatuarekin edukiak eta eguna zehaztea ezinbestekoa du, gainera, sindikatuentzat ere arriskuak badituen lanuzte orokor bat deitzeko, baina Lakuntzak oso garbi utzi du «oraingoan» erreformak izan beharko liratekeela balizko greba orokor baten funtsa eta izana. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk berretsi du ELAren zain daudela eguna adosteko.

«Orain arte isiltasuna baizik ez dute eskaini EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, eta entzun nahi diegu esaten konpromisoa hartzen dutela erreformak gerarazteko, euskal herritarren kalterako badira», adierazi du Lakuntzak. Espainiako Gobernuak hiru alderdi horien botoak behar dituela azaldu du ELAko idazkari nagusiak, horiek gabe nekez aterako dituela aurrera erreformak Espainiako Kongresuan. «Erabakitzeko eskubidea izango dute».

Seinaleak ez dira onak

ELAk susmo txarra hartu die Pedro Sanchezen gobernua negoziatzen ari den bi erreformei. «Seinaleak argiak dira», esan du Lakuntzak. Bruselak eta Madrilek ezkutuko itun bat dutela jakinarazi du hedabide batek, pentsioen erreforma «bere osotasunean» egin dadin. Lehen zatia baizik ez du lotu orain arte exekutiboak, pentsioen igoera KPIra lotzen duena, besteak beste; baina bigarrenean, Belaunaldi arteko ekitate mekanismoa delakoa onartzekoa dela uste du ELAk, eta Gizarte Segurantzako ministro Jose Luis Escriva ez dela nahasten aldiro aldiro, badakiela zer esaten duen: «Urte gehiago lan egin beharko dugula pentsio apalagoak jasotzeko; hori da helarazten ari zaiona gizarteari zirimiri baten moduan. Garbi esan behar da mekanismo hori onartzen badute, pentsioak agintzen duen gobernuaren neurrira izango direla aurrerantzean».

Lan erreformari dagokionez, ELAk bi marra gorri jarri ditu: «Etekinak dituzten enpresek kaleratze masiboak egiteko duten oraingo erraztasunak indargabetzea eta lan itunak Euskal Herrian negoziatzeko segurtasun juridikoa edukitzea, Espaniako miseriazko itunak hobetu ditzagun hemen». Yolanda Diaz Lan ministroak lan erreforma indargabetzeko egindako promesa gogora ekarri du Lakuntzak, eta erantsi du dagoeneko beste zerbait ari direla negoziatzen Espaniako Elkarrizketa Sozialerako Mahaian.

Hain zuzen, azaroaren 15ean plazaratzekoak dira mahai horretan adostu dezaketen erreformaren zirriborroa, eta abenduaren 31 baino lehen onartuko zela zehaztu zuen Diaz ministroak, gainera. «Bruselarekin hitzartua daukatela diote informazio batzuek», azaldu du ELAko buruak. Bi egun horiek oso kontuan dituzte ELAn greba orokor baten deialdiari egun zehatza jartzeko, baina gaur-gaurkoz ez dakite epeak beteko ote diren. Gerta daiteke 2022ra luzatzea prozesua, eta, hortaz, ELAk datorren urterako utziko luke mobilizazio handiaren aukera.

Horren guztiaren aurrean, EAJri, EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi erreparatu die berriro Lakuntzak. «Europako funtsak enpresa handientzat izango dira, trantsizio ekologikoaren eta digitalizazioaren aitzakiarekin», azaldu du. «Erreformak Bruselarekin daude lotuak, funtsen truke direlako». Testuinguru horretan, alderdi horiek «beren jarrerak argitu ditzaten» nahi du ELAk, eta urriaren 24ko manifestazioekin hasiko da haiek estu hartzen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jose Luis Escriva ministroa, Espainiako Kongresuan, gaur, ©RODRIGO JIMENEZ / EFE

EAJk pentsio erreforma babestu du, eta EH Bilduk abstentziora jo du

Xabier Martin

Alderdi jeltzaleak baiezkoa eman dio Belaunaldi arteko Ekitate Tresna jaso duen erreformari, «bidezkoagoa delako». Koalizio abertzaleak «abstentzio kritiko» batera jo du, «bidea egiteko».

LPEEren ikurra, Vienako egoitzan. ©CHRISTIAN BRUNA / Efe

LPEEk eta aliatuek ekoizpena poliki handitzen jarraituko dute

Iker Aranburu

Azken hilean %20 merkatu da Brent upela, gehienbat omikron aldaera agertu zenetik.

Bidesariak N1 errepidean. ©JON URBE / FOKU

Gipuzkoak hirugarren foru araua onartu du kamioientzako bidesariak legezko izan daitezen

Xabier Martin

EAJk eta PSEk aurrera atera dute arau berria A-15 autobidean eta N-1 errepidean bidesariak ezartzeko. Oposizio osoak ezezkoa eman dio proiektuari Batzar Nagusietan.

Lanbideren bulego bat, Barakaldon. ©Luis Jauregialto¡zo / Foku

Azaroan, 1.076 langabe gutxiago Hegoaldean

Iker Aranburu

Gizarte Segurantzak beste 2.614 kotizatzaile irabazi ditu, eta inoizko kopururik handiena du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.