Aurrekontuak

Aurrekontuak negoziatzeko «esparru iraunkorra» eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari

Maddalen Iriarteren arabera, negoziatzeko orain arteko eskemak «ez du balio»

Maddalen Iriarte, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gotzon hermosilla
2021eko urriaren 13a
12:16
Entzun

Hasi da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrekontuak negoziatzeko prozesua, eta, horren aurrean, EH Bilduk bere jarrera argitu nahi izan du. Maddalen Iriarte bozeramaileak esan duenez, beharrezkoa da «negoziatzeko esparru iraunkorra» sortzea, «dena erabakita utzi baino lehenago», eta eskaera hori egin dio Jaurlaritzari.

Iriarteren arabera, osasun larrialditik atera osteko abagunea «oso garrantzitsua» da: «Orain hartzen diren eta ez diren erabakiek hamarkada oso bat baldintzatuko dute». Horretarako «ariketa partekatu bat» eta «akordio politikoak josteko esparru bat» behar dira, baina, Iriarteren ustez, Jaurlaritzaren jokamoldea kontrakoa da eta «eskema zaharkitu bati» jarraitzen dio.

«Ezer ez da mugitzen beraiek aurrekontu proiektua aurkeztu arte», azaldu du Iriartek; «eta gero, euren aurrekontua, euren politikak partekatu eta ukitu gabe, milioi batzuk gordetzen dituzte alderdiren batekin milioi horiek zertan erabili negoziatzeko, eta taldeok hori onartu baino e3z dugula dirudi».

Jokamolde hori Nafarroako eta Espainiako gobernuek darabiltenari kontrajarri dio Iriartek: «Nafarroan maiztasunez biltzen ari dira 2021 urteko aurrekontuen jarraipena egin eta datorrenaren oinarriak aztertzeko, eta gaur bertan hasiko dira negoziazioari ekiteko bilerak, eta Madrilen asteak dira elkarrizketak hasi zirela». Iriartek gogorarazi du EAJ ere elkarrizketetan ari dela Espainiako Gobernuarekin, eta publikoki «aurrekontuetatik kanpo dauden hainbat gai» proposatu dituela negoziaziorako. «Kontraesankorra da Madrilen negoziazio eskema hori erabiltzea eta gero hemen oposizioari ateak itxi eta eztabaidari mugak jartzea».

EH Bilduren ustez, «berandu» dabil Jaurlaritza, baina, hala ere, berretsi du «oposizioarekin, eta batez ere bigarren indar politikoarekin» negoziazio esparru hori irekitzeko eskaera.

Prozesu horretan hitzartu beharreko zenbait gai ere proposatu ditu EH Bilduk: Europako diru funtsak, fiskalitatea, zerbitzu publikoak indartzea, zaintza, klima aldaketa, eredu sozioekonomikoa eraldatzeko politikak eta abar, «baita gure erabakitzeko gaitasun eta eskubidea ere».

Nafarroan, prozesua abian

Nafarroan gaur bertan hasiko da aurrekontuen inguruko negoziazio prozesua. Arratsaldean, Nafarroako Gobernua biltzekoa da Navarra Suma koalizioarekin, eta ostean EH Bilduko ordezkariekin egingo du bilera.

Navarra Suma-ko Javier Esparzak gogorarazi du gutuna bidali ziola Nafarroako presidente Maria Txibiteri, eta han azaldu ziola zeintzuk ziren koalizioaren baldintzak aurrekontuak onartu ahal izateko: «Gu oso argiak izan gara, eta ikusiko dugu orain presidenteak zer duen esateko». EH Bilduko Adolfo Araizek, berriz, esan du «marra gorririk» ez dutela, eta haien jarrera «negoziazioari eta akordioak lortzeari irekia» izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.