Koronabirusa

Salatu dute pobretutako herrialdeetan herritar gehienek ez dutela txertorik izango 2023ra arte

Donostiako Zero Pobrezia taldeak agerraldia egin du egoera bidegabe horren berri emateko, eta herrialde aberatsenek «dosiak pilatu» dituztela salatzeko

arantxa iraola
2021eko urriaren 13a
12:50
Entzun

Pandemia beste fase batean sartu dela esanez «normaltasun berriaren» inguruan ozendu diren mezuen harira, Donostiako Zero Pobrezia elkarteak salatu du «herrialde zaurgarriek» ez dutela eskuragarri COVID-19aren aurkako txertoa. Horiek horrela, iragarpen hau egin dute, egoeraren larritasunaren erakusgarri: «Pobretutako herrialde askotan ezin izango diete biztanle gehienei txertoa jarri 2023ra arte».

Aditzera eman dutenez, The Intelligence Economist Unit (EIU) erakundeak egindako iragarpen bat da hori, eta erantzule argiak ditu. «Herrialde aberatsek beren benetako beharren gainetik ere dosiak metatzearen ondorioa da. Herrialde horiek etorkizunean ere txertoak izango dituztela ziurtatzen dute, eta gainerako herrialdeek, aldiz, ez dakite txertorik jasoko duten», salatu dute. Bidegabekeria gehiago ere badirela adierazi dute: «Desberdintasun larri horren beste adibide bat txertoaren kostua da, Hegoafrikan 2,5 aldiz gehiago kostatzen baita Europako herrialde gehienetan baino».

Egoera aztertzen hasita, kontraste oso mingarriak daudela esan dute: «Osasunerako sarbideak unibertsala izan behar du. Euskadin, biztanleriaren %90 txertatuta daude; Afrikako herrialde gehienetan, %1». Horren gainean ohartarazteko, eta aldaketa eskatzeko, «bizimartxa bat» egingo dute. Urriaren 17an izango da, hain zuzen ere Pobreziaren eta Bazterkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Haizearen Orrazitik abiatuko da, eguerdian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.