Energia

EBk atea ireki dio aurrerago argindarraren prezioaren sisteman aldaketak egiteari

Oraingoz, ordea, uko egin dio gasa prezioaren kalkulutik ateratzeari. Zergak jaisteko eta laguntzak emateko aukera dagoela gogorarazi du.

Kadri Simson Europako Energia komisarioa, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Iker Aranburu.
2021eko urriaren 13a
13:15
Entzun

Europako Batzordeak gutxitan egiten du huts bere espektatibetan. Ez zen espero argindarraren prezioak finkatzeko sisteman aldaketa handiak proposatzea, eta ez du halakorik egin, nahiz eta, lehen aldiz, ate bat ireki dion etorkizunean hala egin ahal izateari. Izan ere, ACER argindar merkatuko arautzaileei eskatu die txosten bat egiteko oraingo sistemaren onurak eta kalteak azaldu eta proposamenak egiteko.

Azterketa hori iritsi bitartean, energia iturri garestienaren prezioak jarraituko du aurrerantzean beste iturriena ere finkatzen, eta Europako Batasuneko kideek kate motzeko neurriekin erantzun beharko diete elektrizitate garestiari. Kadri Simson Europako Batzordeko Energia komisarioak gogorarazi egin du gaur zeintzuk diren tresna horiek: «aldi baterako» jaistea argindarrak ordaintzen dituen zergak; enpresei eta industriei laguntzak ematea, «EBren laguntza publikoei buruzko arauak betez gero»; larrialdiko laguntza zuzenak ematea familia zaurgarriei argindarra ordain dezaten...

Neurrien artean ez dago Frantziak, Espainiak eta beste lau estatukidek eskatutakoa, hots, gasa prezioa kalkulatzeko sistematik ateratzea. Simsonek oraingo prezio sistema babestu du, haren iritziz, horren eskutik handitu delako energia berriztagarrien pisua, eta oraingo garestitzea alde batera utzita, herritarrek prezio merkeagoak ordaindu dituztelako.
Sistema horren arabera, argindar beharrak betetzeko lehentasuna dute CO2rik isurtzen ez duten energia iturriek (eolikoa, fotovoltaikoa, nuklearra, hidroelektrikoa...), baina horiekin eskaera betetzen ez denean, isurleak piztu behar dira (gasa, petrolioa eta ikatza), eta haietako garestienak finkatzen du guztiei ordaintzen zaien prezioa. Horrek ekarri du azken asteetan argindarraren prezioa bikoiztea eta hirukoiztea.

Gasaren prezioa beste %31 garestitu zen irailaren 25etik urriaren 8ra doan hamabostaldian, eta jada duela urtebete baino lau aldiz garestiagoa da. Aurreko neguan hustutako biltegiak bete behar izateak eta Asiako herrialdeen eskari handiak lehia bizia eragin du hidrokarburo hori eskuratzeko. Gainera, Errusiak uko egin dio orain arte Europara gas gehiago esportatzeari, arrazoituta lehenago bere biltegiak bete behar dituela.

EBn, ordea, uste zabaldua da erabaki horren atzean Vladimir Putin Errusiako presidentearen mugimendu geopolitikoak daudela —Ukraina zigortzea, baimena jasotzea Nord Stream 2 gasbidearentzat...—. Salaketa horiek ukatu zituen atzo Putinek: ­«Ekoizpena handitzen ari gara, geure bezeroek eskatu ahala. Ez diogu bakar bati ere uko egin». Azken astean gas esportazioak handitzeko imintzioa egin du Moskuk, eta horrek apaldu egin du garestitzea. Gainera, Simsonek jakinarazi du Norvegiak gas gehiago agindu duela.

Gas biltegiratze bateratua

Hain zuzen ere, gasaren inguruan epe luzeago baterako etxeko lanak jarri dizkio bere buruari Europako Batzordeak: gas erosketa eta biltegiratze bateratu bat egitea, eskasia dagoen garaietan erreserbak izan daitezen. Horiei buruzko proposamenak abendu bukaerarako aurkeztuko ditu.

Beste ikerketa bat ere agindu du Bruselak: CO2 isurtzeko eskubideen merkatua aztertuko du, eta jakinarazi du ez duela onartuko eskubide horiekin espekulatzea. Eskubide horien prezioa bikoiztu egin da urte hasieratik (34 euro CO2 tona urtarrilean, 59 euro gaur), eta hori ordaintzen dute gasa, petrolioa eta ikatza erretzen duten zentralek. Edonola ere, Simson komisarioak nabarmendu du energia eskubideek ez dutela eragin handia izan prezioaren igoeran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.