Kurdistan

Hamabost hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote Meral Simsek idazle kurduari

«Erakunde terrorista» baten propaganda egiteagatik zigortu dute. Auzitegiak abokatuen helegitea onartu du, eta idazleak ez du espetxera joan beharko.

Meral Simsek idazle kurdua. ORSOLA CASAGRANDE
2021eko urriaren 13a
13:37
Entzun

Meral Simsek idazle kurdua absolbitu egin dute «erakunde terrorista bateko kide» izateko akusazioaz, baina hamabost hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, «propaganda terrorista» egitea egotzita. Hala ere, ez du kartzelara joan beharko, auzitegiak onartu egin duelako defentsako abokatuek jarritako helegitea.

Akusazioak idazlearena aurka aurkeztutako probak berak idatzitako liburuak izan dira, eta PEN elkarteak saritu eta datozen asteetan Comma Press argitaletxeak liburu batean argitaratuko duen ipuin bat. Simsekek jasotako hainbat sari ere haren aurkako froga gisara baliatu dituzte.

Fiskaltzak eskatu zuen auzi saioetako bat atzeratzeko argudiatuta sarietako bat emateko arrazoiak itzuli behar zituztela, ofizialki onartua ez dagoen hizkuntza batean idatzita zeudelako. Hizkuntza hori kurduera zen, formalki ez bada ere, de facto legez kanpoko hizkuntzatzat dutelako, eta kurduera hitz egiten duen edonor zigortua izan daitekeelako. Joan den abuztuan Leyla Guven diputatu kurdua —immunitatea kendu diote eta preso sartu legez kanpoko erakunde baten propaganda egitea egotzita— eta harekin batera preso dauden beste zortzi emakumeri diziplinazko txisten bat zabaldu zieten kurduerazko abestiak abesteagatik. Zigor auzitegiak argudiatu zuen kurdueraz abesteak arriskuan jarri zuela espetxeko segurtasuna.

Simsekek ez du denborarik izan absoluzioa ospatzeko ere, gaur bertan Diyarbakirgo erietxean ospitaleratu behar izan duelako, Turkia hego-ekialdean. Idazle kurduari ebakuntza bat egin behar diote, bederatzigarrenez. «13 urte nituenean, torturatu eta makila batekin bortxatu ninduten Mazidagiko polizia etxean atxilo nengoela. 2020an umetokia kendu behar izan zidaten, eta heste zati bat ere galdu nuen. Azken auzi saioaren ondoren, eta estresaren ondorioz agian, hesteetako arazoak hasi zitzaizkidan berriz, eta beste ebakuntza bat egin behar dut».

Joan den ekainean, Meral Simsekek erabaki zuen Greziara igarotzen saiatzea. Bidaiatzea debekatua duenez, bera bezala aurrez beste milaka errepresaliatu politikok, kazetarik, demokratikoki aukeratutako politikariek, sindikalistek, ikaslek egindako bidea hartu zuen. Bidaia, berez ere nahikoa zaila, amesgaizto bilakatu zen Greziako Poliziak atxilotu, kolpatu eta sexu abusuak egin zizkionean, Turkiako agintarien esku utzi aurretik.

Hala ere, Meral Simsekek ez du bere izpiritu baikorra galdu. «Nire idazteko abentura hasi zen, nire hitzak baliatzen hasi nintzenean nire mina kudeatzeko. Beranduago, mina itxaropen eta edertasun bilakatzeko modua bilatu nuen. Berdelari buruz, familiek adostutako bikotekide trukeari buruz, idatzi dut, baita pobreziari, Turkiako Hezbollahren ankerkeriari buruz, estatuaren indarkeriari, matxismoari, eta batez ere, emakume eta haurrek jasaten duten sufrimenduari buruz. Baina ez dute nahi hori zabaltzea, eta hortaz hitz egiten duten guztiak isilarazi nahi dituzte. Isilik jarraitzen badugu, gizarteak ere gauza bera egingo du. Halere, ni ez naiz isilduko. Auzitegietako epai bakar batek ere ez du geldituko itxaropenerako nire bidea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.