Musika

Gabriel Erkoreka konpositoreak irabazi du Espainiako Musika Saria

Lanetan euskal folkloretik hartutako tresnak baliatzeko duen modua eta daukan «konposizio lengoaiaren aberastasunagatik» saritu du epaimahaiak.

Gabriel Erkoreka. GORKA RUBIO/ FOKU
Inigo Astiz
2021eko urriaren 13a
16:29
Entzun

«Bere ibilbide dirdiratsuagatik» eta «bere konposizio lengoaiaren aberastasunagatik» jasoko du Espainiako Musika Saria Gabriel Erkoreka konpositoreak (Bilbo, 1969), konposizioari dagokion alorrean. Horrez gainera, bere lanetan «euskal tresna tradizionalen soinua uztartzeko duen modu pertsonala» ere nabarmendu du epaimahaiak. Zuhaitz eta Basalt obrak aipatu dituzte horren adibidetzat, eta, azkenik, «bere musikaren nazioarteko proiekzioa» ere azpimarratu dute. 30.000 euro jasoko ditu sortzaileak.

Bilboko Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioan hasi zituen ikasketak, eta ohorezko sariak jaso zituen Konposizioan zein Pianoan. 1995ean onartu zuten Londresko Royal Academy of Music-en, eta, han ere, hainbat aipamen berezi jaso zituen egindako lanagatik. Pianorako, ahotserako, orkestrarako zein bestelako formatuetarako musika sortu du. Naturarekiko kezka igar daiteke bere obretako askotan, eta baita bateko zein besteko musika tradizionala txertatu eta harekin esperimentatzeko joera ere.

Adarkatuz doan obra bat

Hain zuzen ere, horren guztiaren erakusgarritzat aipatu du Zuhaitz obra epaimahaiak. 2016an estreinatu zuen lana Erkorekak, Madrilen, Juanjo Menaren zuzendaritzapean, eta Espainiako Orkestra eta Koruarekin, eta, gerora, 2019an aurkeztu zuen lehenengoz Euskal Herrian; kasu hartan, Euskadiko Orkestrarekin. Saio haren aurkezpenean azaldu zuenez, izenburuak, sinbolikoki, «bizia hartzen duen zuhaitz bati» egiten dio keinu. «Egurra da piezaren oinarriko materiala, batez ere Kalakan-en txalapartaren bitartez, baina baita orkestrako hainbat instrumentutan ere: marinba, xilofonoa, egurrezko taulak...». Obraren egitura ere «adarkatuz» joaten dela gehitu zuen, eta sakoneko mezua «naturaren aldeko oihu bat» zela ere zehaztu zuen. Espainiako Saria eman dion epaimahaiak konpositoreari txalotu dion musika «kultua» eta folklorea uztartzeko duen moduaren erakusgarri ere bada lana.

Nabarmentzekoak dira 2013an Zaragozan aurkeztutako Ametsak eta Donostiako Musika Hamabostaldian estreinatutako Ilargi obrak ere. 2017an Tramuntana izeneko lan sinfonikoa aurkeztu zuen Cadaquesko Orkestrarekin, Bartzelonan, Orkestra Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketaren barnean. Eta, kasu hartan ere, Kataluniako folkloreko hainbat elementu baliatu zituen bere konposiziorako. 2020an estreinatu zuen saritu berri duen epaimahaiak nabarmendu dion beste lana: Basalt. Iñaki Alberdi musikariak interpretatu zuen ordukoan Erkorekak akordeoi mikrotonalerako sortutako pieza.

Torrent, 95 urterekin saritu

Aurrez ere zerrenda luzea osatzen dute Erkorekak jasotako sariek. Musika Konposiziorako Reina Sofia Saria jaso zuen, esaterako, 2008an, eta Erromako Saria jaso zuen 2001ean. Horiek, besteak beste. Egun, irakasle da Musikene Goi Mailako Musika Eskolan, eta Bilboko BBVA Fundazioak antolatutako musika garaikideko kontzertu zikloaren koordinatzailea ere bada.

Montserrat Torrent musikaria ere saritu du epaimahaiak, interpretazioari dagokion alorrean. 95 urte beteak ditu Torrentek, eta haren ibilbide osoa izan dute kontuan hari ere Espainiako Musika Saria ematerakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.