Hirigintza

Salatu dute Kanboko laborantza lur batean ehun etxebizitza eraikitzekotan direla

Kanboko (Lapurdi) hirigintza planaren eta Bouygues enpresari emandako eraikitze baimenaren kontra helegiteak ezarriak dituzte, baina «indarrez» pasatu nahi dutela salatu dute CADEk, Lurzaindiak eta Nahi Dugun Herriak. Euskal Elkargoko batzorde eragileko hautetsiei dei egiten diete. Ez dute baztertzen Arbonakoaren (Lapurdi) gisako ekintzarik.

Higiezin enpresak ehun etxebizitza eraikitzeko erosi duen laborantza lur saila. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko urriaren 13a
16:46
Entzun

Aski lurra galtzea. Mezu hori ageri da Kanboko (Lapurdi) sarreran dagoen Marienia guneko laborantza lurretan ezarriak dituzten belar zuloetako estalkietan. Bertan, etxebizitza proiektu bat egin nahi dutela salatu dute CADE, Lurzaindia eta Nahi Dugun Herria elkarteek. Gaur egun, laborantzarako erabiliak dira oraindik, baina 2019ko otsailean Euskal Hirigune Elkargoak onartutako hirigintza planean berehala urbanizatzeko kategorian sartu zituzten. Bouygues enpresak erosiak ditu lurrak: lau hektarea, hiru milioi eurotik gorako prezioan, eta ehun etxebizitza baino gehiagoko proiektua gauzatzeko asmoa du bertan; 330.000-460.000 euroan salduko lituzkete etxebizitzak. Horretarako, Kanboko herriko etxeak emana dio eraikitze baimena. Eragileek hirigintza planaren kontrako helegitea ezarri dute Paueko (Okzitania) Administrazio Auzitegian, eta eraikitze baimenaren kontra ere egin dute herriko etxean. Ez dute baztertzen bestelako ekintzak abiatzea ere.

Urriaren 24an ehun egun beteko ditu Arbonako (Lapurdi) lurren eta etxebizitzaren okupazioak. ELBk eta Lurzaindiak deituta, ehunka herritarrek parte hartu du laborantza lurren salmenta espekulatiboaren kontrako ekintzan, eta inoiz baino gehiago mediatizatu da Ipar Euskal Herrian lurra eta etxebizitzaren inguruan batek baino gehiagok ikusten duen arazoa. Azaroaren 20an, etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa eginen dute Baionan, eragile andanak deituta. Testuinguru horretan, oihartzun berezia du gaur Kanbon egin duten agerraldiak. Eragileekin batera, dozenaka herritar agertu da egoera salatzera.

«Kanboko sarreran den lur hau laborantzarako erabilia da gaur egun. Paisaia erabat andeatua izanen da», esplikatu du Maryse Cachenault Lurzaindiako bozeramaileak. «Kasik laua da pentzea; interes agronomikoa ukaezina da». Laborantza lurren «sakrifikatzea» salatu du, eta «lurren artifizializazioa» deitoratu. «Bestela eraiki behar dugu; hobeki kudeatu behar ditugu herrietako erdiguneak».

Bouyguesen presioak

Oraingoz, etxebizitza proiektua salatu duten eragileek bide legalak abiatu dituzte. Euskal Elkargoak onartutako hirigintza planaren kontrako helegitea ezarri zuten Paueko Administrazio Auzitegian, eta berriki jakin dute instrukzioa bukatu dela. Epaiketa ahal bezain fite iraganen dela espero dute.

Anartean, Bouyguesek eraikitze baimena eskatu du, eta herriko etxeak onartu egin dio. Hor ere badago arazorik: enpresaren proiektuan, 28 metroko eraikin bat egiteko asmoa dute, baina hori ez doa bat hirigintza planeko irizpideekin. Ondorioz, baimenaren kontrako helegitea ere eman dute herriko etxean, eta, bi hilabeteko epean erantzunik jaso ez dutenez, auzitegira joko dute aurki. Anartean, herriko etxeak hirigintza plana moldatzeari ekin dio, eraikitze baimena baliozkoa bilakatu dadin.

Bouygues enpresaren webgunean ikus daiteke Kanbon egin nahi duten proiektuak zer forma hartuko lukeen.

Baina Bouygues enpresak ere mugitu ditu fitxak. Salaketa eman duten elkarteetako kideek salatu dute horietako batzuek uxer baten bisita jaso dutela etxean, helegitea kendu ezean «gehiegizko helegiteagatik» salaketa eman, eta «alimaleko diru zamak» ordaindu beharko dituztela mehatxatuta. «Ez diegu intimidazioei men eginen», adierazi du Martine Bouchet CADEko kideak.

Hautetsiei deia

Egoera salatzeko prentsaurrekoa egin duten eragileek herritarrei eta hautetsiei dei egin diete; zehazki, Euskal Elkargoko batzorde eragileko 35 hautetsiei. Gutun bana bidali diete egoera esplikatu eta esku hartzea eskatzeko. Izan ere, Kanboko hirigintza planaren moldatzea aztertuko dute laster. Edukiarekin «erne» ibiltzeko eskatu diete, herriko etxearen proposamenean eraikitze baimena baliozko bilakatzeko moldaketak egonen direla aurreikusita.

Eragileek zehaztu dute «abiatzen» duten mugimendu bat dela, eta oraingoz bide legaletan eta herritarren eta hautetsien «sentsibilizazioan» ezarri nahi dituztela indarrak. Eraikuntza abiatzeko Arbonakoaren gisako ekintza bat abiatzeko prest liratekeen galdetuta, zalantzarik gabe erantzun dute: «ez gara deusi hetsiak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.