Lau urte eta erdi iraun zuen labirinto politikoak itxita zirudien, baina elkarrizketetan gatazka iturri izan zen Ipar Irlandak ez du protagonismorik galdu hilabeteotan, horren inguruko akordio bat adostuta, sinatuta eta onartuta dagoen arren. Erresuma Batuko Gobernuak haserre jarraitzen du EB Europako Batasunarekin negoziatu zuen protokoloak eragin dizkion barne arazoengatik, eta oraingoz ez du eten erasoaldi diplomatikoa, mehatxuak tarteko; kontrara, marra gorriak ere helarazi ditu. Horren aurrean, EBk bestelako jarrera erakutsi du, ituna salbatu nahi baitu, eta horregatik proposatu dio Europako Batzordeak Londresi burokrazia txikitzea eta merkataritza erraztea Britainia Handitik Ipar Irlandara. Bruselaren helburua zera da: aldaketa horiek datozen elkarrizketen oinarri izatea.
Epe laburrera begira konponbiderik ez duen gatazka baten aurrean daude EB eta Erresuma Batua eta, hori bideratu ezean, gerra komertzial bat eragin dezakete. Printzipioz, bi aldeek ez dute halakorik nahi, baina, brexit-aren negoziazioetan gertatu bezala, bakoitzak bere lehentasunak eta baiezkoak eta ezezkoak ditu, eta horrek zaildu egiten du berehalako adostasun bat lortzea.
Iragan uztailean, Londresek Ipar Irlandarako Protokoloa erreformatzeko deia egin zion Bruselari, argudiatuta ezin duela «orain arte bezala jarraitu» Britainia Handiaren eta Irlanda iparraldearen a rteko muga-ren auzian; EBk erantzun zion ez zuela berriz negoziatuko akordioa, baina prest agertu zen proposamenak egiteko, eta horiek dira Maros Sefcovic Europako Batzordeko presidenteordeak gaur aurkezturikoak: «Egiazko aldaketak eragingo dituzte».
Lau auzitan proposatu ditu aldaketak Bruselak. Lehenik, animali jatorria duten elikagaietan kontrol fisikoak nabarmen txikitzea —dokumentazioaren kontrolak birtuala izaten jarraituko du—: «Adibidez, Ipar Irlandara jogurtak edota oilaskoak inportatzen dituen enpresa bat baldin baduzu, kontrolen %80 kendu egingo dira».
Bigarrenik, «produktu batzuentzat erdira txikituko dira formalitateak», Sefcovicek jakinarazi duenez. Hau da, Britainia Handitik Irlanda iparraldera produktuak mugitzeko beharrezko burokrazia erdira jaistea proposatu du Europako Batzordeak; eta, sendagaien kasuan, Brusela prest da legedi berria onartzeko, zeinak ahalbidetuko duen merkataritza norabide horrek bere horretan jarraitzea.
We propose a type of "express lane", facilitating the movement of goods from GB to NI:
— Maroš ŠefÄÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂoviÄÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂ🇪🇺 (@MarosSefcovic) October 13, 2021
🔹customs formalities for more businesses and goods cut in half;
🔹simplified certification and an 80% reduction of the checks for more retail goods for NI consumers.https://t.co/k8gvfKDwO7pic.twitter.com/AcQwWAZBsm
Azken moldaketa Ipar Irlandako erakundeei eta enpresei begirakoa da, Bruselak horien parte hartzea indartu nahi baitu protokoloaren aplikazioan, elkarrizketa handitzearen bitartez, horretarako sortuko luketen batzorde batean: «Haiekin hitz egin dugu, haiekin engaiatu gara, eta helarazi dizkiguten kezkei aurre egiteko proposamenak dira».
Proposamenok pozteko moduko albistea izan daiteke Londresentzat, baina horien artean ez dago David Frost Erresuma Batuaren brexit-erako ministroak atzo finkaturiko marra gorriari buruzko ezer: Europako Justizia Auzitegiaren rola.
Irteera Akordioaren arabera, auzitegi horrek du azken hitza bi aldeek protokoloaren inguruan izango luketen arazo baten inguruan, baina Londresek ez du begi onez ikusten hori, eta Frostek proposatu zuen «liskarrez erabakitzeko mekanismo» berri bat arduratzea gainbegiratze lanaz, betiere Luxenburgoko auzitegirik gabe. Sefcovic ahoan bilorik gabe mintzatu da horretaz: «Argi dago ECJk [Europako Justizia Auzitegia] izan behar duela azken hitza merkatu bakarrean».
Londresek mehatxua ere egin du. Auzi horien inguruko adostasunik ezean, Ipar Irlandarako Protokoloko 16. artikulua aktibatuko luke: horrek ahalbidetzen dio —baita Europako Batzordeari ere— alde bakarrez ekitea, uste baldin badu itunak «arazo ekonomiko, sozial edo ingurumenekoak» sortzen dituela. Bruselak ere egina du ohartarazpen hori; iragan urtarrilean izan zen, AstraZenecak jakinarazi zionean COVID-19aren kontrako txertoaren dosi gutxiago bidaliko zizkiola.
'Trilema irlandarra'
Hilabeteak dira Erresuma Batua iazko urtarrilean indarrean sartu zen nazioarteko akordioa aldatzeko eskatzen ari dela, ez duelako lortu trilema irlandarra deiturikoari irtenbiderik aurkitzea: Erresuma Batua EBren merkatu bakarretik eta aduana batasunetik ateratzea, Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean muga-rik ez egotea eta muga gogor bat eragoztea Irlandako irlan.
Hiru horiek batera betetzea ezinezkoa da, eta hasiera-hasieratik ohartarazi zioten horretaz Londresi; azkenean, Johnsonek erabaki zuen Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean jartzea kontrolak, eta hori izan da hilabeteotako gatazkaren iturri, batez ere etxe barruan izan duen presioagatik.
Ipar Irlandarako Protokoloa, besteak beste, eskualde horretako bakea bermatzeari begirako itun bat da, eremu horren eta Irlandako Errepublikaren arteko muga orain arte bezala mantentzen baitu —irekia—, eta EBren merkatu bakarra, «babestua». Horretarako, Londresek eta Bruselak protokoloan adostu zuten Ipar Irlandak merkatu bakarrean jarraituko zuela produktuentzat, eta EBren aduana legeak errespetatuko zituela bere portuetan.
Horrek, praktikan, berekin dakar kontrolak Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean jartzea —aduana muga bat—, eta, hango unionisten iritziz, erabakiak Ostiral Santuko Akordioa urratu eta kolokan uzten du Irlanda iparraldeak Erresuma Batuan duen tokia, bi eremuen artean muga bat sortu baitute.
Protokoloak hainbat aldaketa eta zailtasun eragin ditu enpresentzat: kostuak eta arazoak handitu egin dira, eta hori agerian geratu zen urte hasieratik, supermerkatuetan hainbat produkturen eskasia izan dutelako. Pandemia betean, gainera, farmazialari batzuek askoz ere denbora gehiago behar izan dute beren produktuak toki batetik bestera bidaltzeko edota jasotzeko.
Egoera horren aurrean, Londresek hirutan atzeratu ditu protokoloaren harira inposatu behar zituen kontrolak Ipar Irlandako portuetan, eta DUP Alderdi Demokratiko Unionistakoek mehatxu egin dute erakundeetatik ateratzea; horrek eragin lezake, esaterako, datorren maiatzean egitekoak diren bozak aurreratzea. Europako Batzordearen proposamen sortaz, DUPeko buruzagi Jeffrey Donaldson kritiko agertu da, «irtenbide iraunkor eta jasangarri baten» oinarri izatetik «urrun» geratu dela argudiatuta. Halere, «abiapuntutzat» jo du.
Sinn Fein, berriz, pozik agertu da Bruselak mahaigaineraturiko neurriekin; Michelle O'Neil Ipar Irlandako lehen ministrordeak adierazi du EB «betetzen» ari dela harturiko «konpromisoa».