Norvegia

Bost pertsona hil dituzte arku eta geziekin eginiko eraso batean

Ustezko erasotzailea atxilotu dute. Norvegiako Poliziak esan du ikertzen ari direla «eraso terrorista» bat izan ote den.

Erasoaren osean pareta batean sartuta geratu den gezi bat. TERJE BENDIKSBY / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko urriaren 14a
08:16
Entzun

Norvegiako hegoaldeko Kongsberg hirian gertatu zen erasoa atzo arratsaldean. Gizonezko batek jendearen aurka geziak botatzeari ekin zion arku batekin, supermerkatu batean. Bost pertsona hil zituen, eta beste bi zauritu.

Danimarkako gizonezko bat atxilotu dute, 37 urtekoa, eta Poliziak esan du erasoa «terrorismo ekintza» bat ote den ikertzen ari direla. Azaldu dute atxilotua musulman bihurturikoa dela, eta muturreko islamismoaren ingurukoen zerrenda batean egon zela. «Polizia egon zen harekin harremanetan lehendik ere, kezka zegoelako muturreko joerak hartu ote zituen», esan du Ole Bredrup Sæverud Norvegiako hegoaldeko poliziaburuak. Erasotzailea aspaldi bizi zen Kongsbergen, eta Poliziak uste du bakarrik aritu zela.

Agintariek adierazi dutenez, Coop Extra supermerkatuaren barruan gertatu zen sarraskia. Erasotzaileak lau emakume eta gizonezko bat hil zituen, 50 eta 70 urte artekoak. Zaurituen artean polizia bat dago, dendan lanez kanpo zegoena. Hiriko Poliziak adierazi duenez, liskarrak izan ziren agenteen eta erasotzailearen artean, eta erasotzaileak hasieran ihes egitea lortu zuen. Edonola ere, erasoa hasi eta ordu erdira atxilotzea lortu zuten. Herritarrei etxean geratzeko eskatu zieten bitartean.

Arku geziez gain, erasotzaileak arma gehiago erabili zituela esan du Poliziak.

Drammen herriko polizia etxera eraman zuten atzo. Norvegian Poliziak ez du normalean armarik eramaten, baina zuzendaritzak agindua eman die herrialde osoan arma aldamenean hartzeko.

Erasoak gogora ekarri du 2011ko uztailaren 22an Anders Behring Breivik eskuin muturreko mugimenduko kideak eginikoa. 69 lagun hil zituen Utoya uhartean, tiroz, eta beste zortzi, Oslon, bonba autoz. Norvegiako Justiziak 21 urteko kartzela zigorra ezarri zion 2012an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.