Filipinak

Gutxienez 30 pertsona hil dira ekaitz tropikal baten ondorioz

Beste hamalau pertsona desagertuta daude. Herrialdearen iparraldea jo du gogorren Kompasu ekaitzak.

Erreskate taldeak lanean atzo, Santa Teresita herrian, Cagaya probintzian. EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko urriaren 14a
09:11
Entzun

Gutxienez 30 lagun hil dira Filipinetan Kompasu ekaitz tropikalak eragindako uholde eta luizien ondorioz, eta beste hamalau pertsona desagertutzat jo dituzte. Astelehenean heldu zen ekaitza herrialdera, eta iparraldeko uharteak jo zituen gogorren, Hego Ilocos probintzia batez ere, non hamalau hildakoren berri eman duten orain arte.

Ekaitza dagoeneko urruntzen hasia bada ere, kalte handiak eragin ditu. Orotara 200.000 lagunei eragin die ekaitzak, eta horietatik 15.000 euren etxeetara itzuli ezinik daude oraindik ere. Haize eta eurite gogorrek ehunka etxe, errepide eta zubi hondatu dituzte, baita argindar mozketak eragin ere hainbat herri eta hiritan. Iturri ofizialen arabera, 18 milioi eurokoak dira ekaitzak azpiegituretan eragindako kalteak.

Txina eta Vietnam alderako bidea hartu zuen atzo ekaitzak, baina indarra nabarmen galduta. Filipinetako uhartediak hogei ekaitz tropikal eta tifoi jasaten ditu urtero, batez beste. Hala ere, adituek ohartarazi dute klima larrialdiak ugaritu egingo dituela muturreko fenomeno meteorologikoak datozen urteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.