LIBANO

Libanon gutxienez sei lagun hil dituzte protestetan, eta 30etik gora zauritu

Beiruteko portuan gertatutako leherketa ikertzeko izendatutako epailea «politizatuta» dagoela salatzeko Hezbollahk eta Amal talde xiitek deitutako manifestazioan izan dira istiluak. Frankotiratzaile batzuek tiro egin diete militante xiitei.

Manifestazioan parte hartu duten hainbat pertsona, Tareq Bitar epailea agertzen den kartel batekin. NABIL MOUNZER / EFE
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 14a
13:10
Entzun

Beiruteko portuan iazko abuztuaren 4an gertatutako leherketak 200 bat hildako eta 6.500 zauritu inguru utzi zituen. Eztanda hura zerk eragin zuen aztertu dezala eskatu diote Tarek Bitar epaileari, baina azken bi asteetan bi aldiz utzi behar izan du bertan behera ikerketaren hasiera. Azkenekoz, asteartean bertan, Ali Hassan Khalil eta Ghazi Zaiter leherketaren unean ministro zirenak ikertzeko eskatu eta gero. Amal alderdi xiitako parlamentariek epailea errekusatu zuten, hari partzialtasuna egotziz. Libanoko Kasazio Auzitegi Zibilak oraindik immunitaterik ez duten parlamentarien helegiteak baztertu dituela jakinarazi du gaur eguerdian, argudiatuta ez dela nor planteatutakoaz ebazteko. Hori iragarri duenean, Bitarren kontrako protesta bat antolatuta zegoen Beiruteko Justizia Auzitegiaren parean, Amalek eta parlamentuan orain aliatu duen Hezbollah mugimendu xiitak deituta. Bi alderdi xiitek ohar bateratu baten nabarmendu dutenez, «teilatu batzuetan zeuden frankotiratzaile batzuk» tiroka hasi dira, eta orduan lehertu dira istiluak. Tiroketaren ondoren, hainbat talderen arteko borrokak hasi dira auzitegiaren bueltako kaleetan, eta, Libanoko Gurutze Gorriaren arabera, gutxienez sei dira hildakoak, eta 30etik gora zaurituak.

Barne ministro Bassam Maulauik ordu batzuk geroago baieztatu du frankotiratzaile batzuk izan direla militante xiita batzuei «buruan» tiro egin dietenak. Amalek eta Hezbollahk nabarmendu dute dozenaka pertsona bildu dituen elkarretaratzeak «asmo baketsua» zuela, eta jarraitzaileei eskatu diete lasai jokatzeko eta «asmo txarreko tranpan» ez erortzeko. Libanoko armadak bere Twitter kontuan adierazi duenez, manifestariak justizia auzitegirantz zihoazenean egin diete tiro. Militarrek eremua hesitu dute jarraian, herritarrei kaleak husteko eskatu diete, eta «erantzuleak atxilotzeko operazioa» jarri dute martxan. Najib Mikati lehen ministroak «lasaitasuna» eskatu du. Xiiten ustez, Libanoko Indarrak alderdi kristauarekin lotutako «taldeak» daude erasoaren atzean. Samir Geagea alderdi horren liderrak gertakariak gaitzetsi ditu, bere Twitter kontuan jarritako mezu batean.

Hezbollahren ustez, Bitar epaileak auzia «politizatuko» luke. Mugimendu xiitaren buruzagi Hassan Nasrallahk magistratu hori ikerketatik kentzera deitu zuen asteartean, telebistaz emandako diskurtso batean. Al Yadid telebista kateak iturri anonimo bat aipatuz esan duenez, Bitarren asmoa litzateke portuko leherketa Hezbollahri leporatzea.

Kontuak kontu, hamalau hilabete igaro dira leherketa gertatu zenetik, eta oraindik ez da hasi zergatiak bilatzeko ikerketa. Hasieran, Fadi Sawan epaileari eman zioten ardura, baina Libanoko Kasazio Auzitegi Zibilak kasutik kendu zuen joan den otsailean, ontzat eman baitzuen bi ministro ohik haren aurka aurkeztutako errekusazio helegitea. Kargutik kendua izan aurretik, Sawanek arduragabekeria egotzi zien Hassan Diab orduan lehen ministro zenari eta eztandaren momentuan ministro ziren hiruri.

Ia 3.000 tona amonio nitrato zeuden bilduta Beiruteko portuan, baina biltegietan ez zegoen beharrezko segurtasun neurririk. Leherketa gertatu baino bi aste lehenago, uztailaren 20an, segurtasun funtzionarioek gutun bat bidali zieten Michel Aoun Libanoko presidenteari eta Diabi, ohartaraziz amonio nitrato hura biltzea arriskutsua zela, eta produktu kimiko horrek eztanda eginez gero hiria suntsi zezakeela. Reuters berri agentziak argitaratu zuen informazio hori, Libanoko Gobernuaren segurtasun iturriek emandako informazioa aintzat hartuta.

Immunitateaz

Eztandak hildakoak eta zaurituak eragin zituen, eta hiriko hainbat auzo suntsitu. Biktimek diote bai Khalilek eta Zaiterrek, bai aurrez deklaratzera deitutako beste parlamentari batzuek epailearen jarduna oztopatu nahi dutela, oraindik ez baitute immunitate parlamentariorik. Biktima horietako batzuk ere, hain zuzen, justizia auzitegiaren aurrean bildu dira. Datorren astean da egitekoa parlamentuan hurrengo osoko bilkura, eta orduan dira immunitatea berreskuratzekoak.

Aintzat hartu behar da Libano gobernurik gabe egon zela hamahiru hilabetez: leherketa gertatu eta astebetera Diabik dimisioa eman zuenetik, hain zuzen. Aurtengo irailaren hasieran osatu zuten atzera, eta parlamentuak irailaren 20an eman zion oniritzia. Amalek eta Hezbollahk ere Mikati babestu zuten, baina leherketaren ikerketaren harira gobernuari eskatu diote Bitar kasutik kentzeko. Libanoko Indarrak alderdiaren aldekoa izatea aurpegiratzen diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.